2025-05-16
HomeEkintza SindikalaBilbon mobilizatu gara, Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua berriro ere multinazionalen esku...

Bilbon mobilizatu gara, Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua berriro ere multinazionalen esku uztea erabaki ondoren

Lau urterako lizitatzen du zerbitzua, hobekuntzarik espektatibarik eta plantillaren aldarrikapenak kontuan hartu gabe.

Gaur, Bilboko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko (EELZ) langileak Bilboko udaletxearen aurrean mobilizatu dira, LAB sindikatuak deituta. Gobernu taldeak duela bi aste iragarri zuen datozen lau urteetarako zerbitzuaren lizitazioa. Eta baldintza teknikoen agiria, titularretatik harago, aurrekoaren kopia hutsa baino ez da.

Horrek esan nahi du, alde batetik, funtsezkoa eta oinarrizkoa den EELZ irabazi asmoko enpresa pribatuen esku egongo dela berriro, eta, bestetik, zerbitzuak ez duela inolako hobekuntzarik izango, nahiz eta azken urteetan langile eta erabiltzaileek gogor kritikatu duten.

Udalak berak onartzen du Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua mendekotasuna duten pertsonen beharrei laguntzeko aurreikusitako zerbitzua dela: janaria egitea, higienearekin laguntzea, medikatzea, oheak egitea, komunak garbitzea eta 3.300 erabiltzaileri baino gehiagori “konpainia eta maitasuna” ematea helburu duena. Funtsezko zerbitzua. Hala ere, zerbitzu honen gainean aplikatzen diren politikek haien okertzean eta prekarizazioan sakontzeko balio dute.

LAB sindikatutik, joan den uztailean lizitazio berri honi buruz hitz egiteko egindako bileran, zintzotasunez adierazi genuen gero eta kezkagarriagoak direla zerbitzuaren denbora murrizketak. Duela urte gutxi arte 2 orduko lan-denbora aurreikusten zen zerbitzuak modu egokian eman ahal izateko, denbora hau murriztuz joan da, eta gaur egun, arreta pertsonal gehiena ordubetean egin behar da. Eta kasu batzuetan, 30 minututa. Inork uste al du posible dela norbaiten elikadura eta higiene beharrizanak asetzea, medikatzea, ohea egin eta komuna garbitzea, baita “laguntza eta maitasuna” ematea 30 minutu edo ordubete eskasean?

Bilera hartan eskatu zen plegu berriek praktika hori geldiarazteko balio zezatela, eta gutxieneko 1,5 orduko zerbitzuak ezar zitezela.

Badakigu plegu berriek ez dutela neurri hori aurreikusten eta Sacyr (gaur egun Serveo) bezalako multinazional handiek, jarduera nagusitzat eraikuntza dutenak, negozioa egiten duten bitartean berdin zaienak adreiluak edo pixoihalak ipini, diru publikoarekin aberasten jarraitzeko balioko dutela. Gainera, badakigu EAJk eta PSOEk gobernatutako Udalaren adostasuna dutela horretarako; titular handien zaleak direnak bai, baina eredua aldatzeko inolako asmorik gabe.

Nahikoa da zaintza-zerbitzuen pribatizazioarekin. Nahikoa da zaintzaren negozioarekin. LABetik plegu berriak gelditzeko eskatzen dugu, ez dietelako erantzuten zaintzaren beharrei eta 900 langileren lan- eta bizi-baldintzak prekarizatzen jarraitzen dutelako. Pleguak geldiaraztea eta zerbitzu hori publifikatzeko prozesua hastea eskatzen dugu.

Zaintza-krisiari behar bezala erantzuteko garaia da, erantzukizunez eta anbizioz jokatzekoa, eta beste udalerri batzuetan egiten ari diren moduan EELZ publifikatzekoa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB, ELA eta UGT sindikatuok EAEko langileon kolektibitateen hitzarmen propio baten alde mobilizatu gara

Pasa den martxoan LAB, ELA eta UGT sindikatuok mobilizazio prozesu bati ekin genion kolektibitateetako enpresei exijitzeko behingoz eser daitezela sektoreko langileentzat EAEn hitzarmen propioa...

LABek hezkuntza publikoan sinaturiko lan-hitzarmenek, langileon lan baldintzak hobetzeaz gain, kalitatean aurrerapauso handiak ekarriko dituzte

Hezkuntza publiko osoan 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko, erabakigarria izan da LABen lana, bai akordio laboralean adostutako neurriak eremu bakoitzera eramaten, eta baita grebak eta mobilizazioak sustatzen ere.

LABek José Ignacio Murilloren zuzendaritza jo du Sunsundeguiren egoeraren errudun, eta gertatutakoa sakon ikertzeko eskatu du

LABeko Sunsundeguiko ordezkariek eta sindikatuko Sakanako arduradunak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Iruñean 338 pertsona kalean utziko dituen lantegiaren itxieragatik erantzukizunak eskatzeko.