Bilbon egindako manifestazioa.

Osakidetzako gehiengo sindikaletik abenduaren 10ean iragarritako mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraitzen dugu. Dinamika horren amaiera urtarrilaren 28rako deitutako greba izango da, Osakidetzako plantilla osoari zuzendutakoa. Dinamika horren barruan, manifestazioak egin ditugu EAEko hiru hiriburuetan. Mobilizazio hauen helburua osasun publikoak bizi duen egoera larria, egiturazko arazoen konponbiderik eza eta Osasun Sailaren negoziatzeko borondaterik eza salatzea izan da, baita benetazko negoziazioa eta berehalako eta benetazko irtenbideak eskatzea ere.

Hain zuzen ere, behin eta berriz salatu izan dugu Mahai Sektorialean ez dela ezer negoziatzen, eta jarrera hori egiaztatu genuen, berriz ere, abenduaren 29an Osasun Sailburuarekin izandako bileran. Azpimarratu nahi dugu, bilera horretan, Sailburuak uko egin ziola txertaketa-prozesuaren antolakuntzari buruzko galderei erantzuteari, baita Osasun Sailaren aurrekontu-proiektuari buruzko zenbait gairi ere. Argi dago gai horiek eragin zuzena daukatela Osakidetzako langileen lan-baldintzetan, baita herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzuan ere.

Bitartean, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordeak txertaketa-erritmoa justifikatu nahi izan du langileen eskubideak aitzakia bezala erabiliz. Salatu nahi dugu Osasun Sailak berak erabaki duela nork, noiz eta nola emango duen txertoa, eta onartezina dela Eusko Jaurlaritzari berari dagokion kudeaketa bat langileen eskubideen atzean kamuflatzen saiatzea; batez ere kontuan hartzen badugu langileen ahalegina eta inplikazioari esker ari dela mantentzen osasun-zerbitzu publikoa, bizitzen ari garen egoera larri honetan.

Honen atzean dagoena da plangintza eskas bat, oraindik airean dagoena, eta plantillaren indartze-falta bat. Gogoratu behar dugu azken hilabeteetan ugaritu egin dela langile horien lana, eta urrutitik datorren gainkarga estrukturala areago egin dela. Argi dago txertaketak abiadura handiagoa izateko giza baliabideak indartu behar direla eta, beraz, inbertsio handiagoa egin behar dela. Baina argi dago Eusko Jaurlaritza ez dagoela oinarrizko zerbitzuetan inbertsioa handitzeko klabean.

Berriro ere, gure aldarrikapenei heltzeko beharra eta premia azpimarratu nahi dugu: osasun publikorako aurrekontu-partida bat, EBko batez bestekoaren parekoa, aurrekontuaren %25a lehen arretara bideratuz; plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan sartuz; behin-behineko langileak sendotzea; murrizketa guztiak lehengoratzea; pribatizatutako zerbitzuak publifikatzea; langileen lan osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak.