2024-04-23
HomeEkintza PolitikoaBilboko Udalaren aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu dugu

Bilboko Udalaren aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu dugu

Gaur, azaroak 29, Bilboko Udalak 2022ko aurrekontu proiektua onartu du. Aurrekontuak herritarren beharrei erantzun beharko lieke, kalitatezko zerbitzu publikoen garapena lehenetsiz, denon artean sortutako aberastasunaren banaketa zuzena ziurtatuz. Gaur onartu den aurrekontuak ez du helburu hori betetzen eta honen aurrean, mobilizazioa egin dugu, Bilboko Udalaren aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatzeko.

Onartutako aurrekontuek ez diete erantzungo gai hauei:

– Udaleko langileekin hartutako konpromisoei.

– Osoko Bilkuran onartutako Gizarte Politiken Itunari, ez duelako behar adina diru bideratzen itun hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko.

– Herritarren eta udaleko langileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planari, ez baitute Plan hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko behar adinako aurrekontu-zuzkidura ematen.

– Ez du emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten. Berdintasun saila sortu zutenetik berdintasun teknikari bakarra dago. Berdintasun-planak eta ordenantzak onartzea baliabide nahikorik ipini barik marketing eta iruzurra hutsa besterik ez da.

Aldiz, aurrekontu hau bai erabiliko direla Bilbao-SAMUR, Udal Anbulantziaren Zerbitzua ixteko, 18 lanpostu suntsituz, eta baita Basozaintza Zerbitzua pribatizatzeko, enplegu publikoa suntsitu eta lan prekarioa sortuz. Ikusten dugu Udalak ez duela bere gain hartu nahi enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna.

Egun, kontrata askotan lana prekarizatuta dago, are gehiago sektore feminizatuetan (lanaldi partzialak, behin-behinekotasuna…), kasu batzuetan ez baitira betetzen Langileen Estatutuaren oinarrizko alderdiak, hala nola atsedenerako eskubidea.

Udalak adi egon behar du eta espedientea egin behar die lan arloko araudia betetzen ez duten kontratei. Honekin lotuta, aipamen berezia egin nahi diogu Taludes Bilbao ABEEko langileen borrokari. Lorezaintza kontratako langileen soldata baino %20 gutxiago kobratzen dute eta azken egunotan, ekiparazioa eskatzeko borroka hasi dute. Lau mobilizazio egun egin dituzte dagoeneko, eta abenduaren 1ean kaleak hartuko dituzte berriro.

Garaia heldu da udalaren zein udal enpresen kontratazioen baldintza-agirietan, langileen lan-baldintzak prekarioak izan ez daitezen beharrezkoak diren klausulak sartzeko.

  • 1.400 eurotako gutxieneko soldata.
  • Herrialdeko lan hitzarmena betetzea.
  • Subrogazioa.
  • Kontratu mugagabeen kopurua saritzea.
  • Lanaldi osoen kopurua saritzea
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak sartzea, soldata arrakala gainditzekoak besteak beste.

Beste urte batez, Udal Gobernuak ez du bere gain hartzen enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna. Udal Gobernu honek enpresen etekina lehenesten jarraitzen du, pertsonen bizi-kalitatearen gainetik. Gero eta langile pobre gehiago sortzen laguntzen ari da enpresa pribatuen etekinak handitzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronalak negoziazioa bideratu eta grafikagintza sektorean grebak saihesteko atea itxi du

Patronalaren jarrera guztiz immobilistarekin topo egin dugu LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren hamahirugarren bileran.

Desgaitasunaren itunpeko sektorea Nafarroan: atzerapausorik ez gure lan eskubideetan

Nafarroako Gobernuarekin itundutako desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroetako langileok mobilizatu egiten gara VI. sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egoera publikoki salatzeko.

Azken garraiolariaren heriotza salatu eta errepidean gertatzen diren lan istripuen kopuru altuaz ohartarazi dugu

Gaur goizean 58 urteko garraiolari bat hil da istripuz Arren, Nafarroa Garaian. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu hildakoaren senide eta lagunei. Eta ohartarazi nahi dugu, eta salatu, 2024. urtean, Euskal Herrian, dagoeneko 21 langile hil direla lanean edo lan istripuz –laneko gaitzen batek jota hil direnak kontuan hartu gabe–, eta horietako zazpi garraiolariak izan direla.