2023-12-07
HomeEkintza SindikalaBerriz salatu dugu Estellerriko osasun arreta publikoa desegiten ari direla, ospitaleko gerentziaren...

Berriz salatu dugu Estellerriko osasun arreta publikoa desegiten ari direla, ospitaleko gerentziaren eta Gobernuaren beraren utzikeriagatik

Garcia Orcoyen ospitaleko Ginekologia eta Obstretizia zerbitzua ixteak berriz ere agerian utzi du Lizarrako Osasun Barrutiaren kudeaketa oso txarra dela. LAB sindikatuak eskatu du estatistika hotzen aitzinetik herritarren arreta lehenestea, eta salatu du osasun arreta publikoa desegiten ari direla, lehenik eta behin, Osasunbideko gerentziak interesik ez duelako eta, bigarrenik, zenbait fakultatibok zentro pribatuetan egiten duten jarduera bikoitzaren ondorioz langile nahikorik ez dagoelako.

Duela lau hilabete, LABek Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleko gerentea berehala kargutik kentzeko eskatu zuen, pribatizazio interesak sustatzen ari zelako eta Lizarrako Osasun Barrutiak behar bezala ez funtzionatzea zekarren lan giro deserosoa sortzen zuelako. Kudeatzaile horrek bere postua utzi du —ez dute bota—, baina barrutiaren kudeaketa penagarriak bere hartan segitzen du eta inoizko arreta faltarik handiena lortzen ari dira, prozesu asko Iruñera bideratzen ari baitira.

LABek ez du ulertzen zergatik Osasunbideko kudeatzaileek Lizarrako Osasun Barrutiaren osoko arreta desegiten ari diren, zenbait prozesu Iruñera eta bertze batzuk Tuterara eramanez. Agian arreta falta hori gertatzen da —orain Ginekologiarekin gertatu den bezala—, profesionalak NOU Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan batzen dituztelako, baina bertze zerbitzu batzuekin ere ari da gertatzen, hala nola Pediatria, Erradiologia eta Dermatologiarekin.

LAB sindikatuak arazo larria salatu behar izan zuen, Osasunbideko profesional nahikotxok beren jarduera publikoa jarduera pribatuarekin uztartzeak dakarren arazo larria salatu behar izan zuen LAB sindikatuak duela ez asko. Osasunbideak horietako batzuen egoera administratiboa ezkutatzeak arazoa larriagotzen zuen, gainera. Ustelkeriaren aurkako Bulegoak azken hori zuzentzeko eskatu zuen, baina oraindik ez dute egin.

Beharrezkoa da Lizarrako Osasun Barrutiaren aldeko apustu erreala egitea, gaur egun kudeatzaileek pertsonen aurretik jartzen dituzten zenbakietara murriztuta baitute —hori guztia “osasun zerbitzuak humanizatzearen garaian”, gainera—. Baina langileen lan baldintzek arretaren estaldurarik ezagatik erantzunik ez izatearen diskurtsoari jarraitzen diote: azpiegitura zaharkituak (Lizarrako osasun etxea, adibidez) edo jarduera arrunta galarazten duten eta profesionalak betiko Lizarratik kanpo joatera behartzen dituzten lanak. Zalantzarik gabe, halako neurriek eragin zuzena dute hiriguneak eta landa eremuak jendez hustean.

Interes pribatuek, eta gerentziak zein Osasun Departamentuak horiek errazteak, itxaron zerrenda onartezinak sortzen dituzte eta, horren ondorioz, arreta falta aurrez pentsatutako arduragabekeriatik oso hurbil dago. Eta ez ditzagun geure buruak engaina: diagnosi teknologian aurrezten dugunak —NOUko tumoreak detektatzeko ekipo berriaren kasuan bezala— bat etorri behar du geroko arreta publiko batekin.

LAB sindikatuak eskatu nahi dio Osasun kontseilariari enpresa pribatuetan dirua inbertitzeari uzteko eta profesional publiko batzuen jarduera pribatua errazteari uzteko, eta benetan osasun publikoaren alde egiteko. LABek oso argi du funtsezkoa dela Lizarrako Osasun Barrutia zaintzea, erabakitzeko ahalmena indartuz eta Nafarroako osasun laguntzaren funtsezko zati bat ez kentzeko behar den guztia inbertituz. Orain da osasun publikora iristeko baldintzak erraztuko dituzten erabakiak hartzeko unea, osasunarekin zerikusia duten profesional guztien antolamendua eta lan baldintzak hobetuz.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Lizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren utzikeria eskualdeko osasun zerbitzu publikoak desegiten ari baita

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Lizarrako Osasun Barrutiko osasun zerbitzu publikoen egoera larria salatzen, eta duela aste batzuk informazio kanpaina bat egin genuen datu ofizialen bidez frogatzen zuena Estellerriko herritarrak sufritzen ari direna egiazkoa dela, eta ez sentsazio hutsa. Orain, aurreko gerentearen kudeaketa tamalgarriak eta Osasun Departamentuaren ekimenik ezak eskualdeko ospitalea erditzeko zerbitzurik gabe utzi dute, zerbitzua berreskuratzeko datarik gabe, bere garaian etxeko ospitalizazioarekin gertatu zen bezalaxe.

Estatuan baino gutxiago ordaindu beharko dutenez, Fortuna Handien gaineko Zergaren inguruko akordioak patronalari eta kapital errentei mesede egiten die

Ditugun eskumenak presio fiskala areagotu eta zerga sistema sakonki eraldatzeko baliatu behar direla uste dugu LAB sindikatuan. Hala, EAJ-PSEren gobernuak Elkarrekin Podemosekin egindako akordioa ez da inondik inora ere nahikoa, eta kontrako norabidean doa.

Salatzen dugu atzo Erandion hildako langileak 66 urte zituela eta bakarrik ari zela soldadura lanak egiten

Lankide, senitarteko zein lagunei elkartasuna adierazteaz gain, lan-erreformek prekaritatea areagotu baino ez dutela egin nabarmendu du sindikatuak, lan-osasuna bermatu behar duten instituzioek gaiarekiko duten axolagabekeria kritikatzeaz gain.