2023-12-07
HomeEkintza SindikalaAzken 24 orduotan bi lan-heriotza gertatu izana salatzen dugu

Azken 24 orduotan bi lan-heriotza gertatu izana salatzen dugu

Elkartasuna adierazi nahi diegu Adunan traktorea gidatzean izandako istripuaren ondorioz zendutako emakumearen eta bere lan saiotik etxera bueltan in itinere istripua izan zuen Haurreskolak Partzuergoko langilearen familiakoei, lagunei eta lankideei.

2023an, gutxienez 38 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian dagoeneko. Lehen sektorea da, behin eta berriz, hilkortasun tasa altuena pairatzen duena, eta oraingoan ere, beste heriotza bat gertatu da sektore honetan, kasu honetan Adunan.

Atzo arratsaldean hil zen 35 urteko emakumea, malda handi batean traktore bat gidatzen ari zela istripua izan zuelarik. Salatu dugu lehen sektoreko sasoi bilketa lanetan diharduten langileek ez dutela lan-osasuneko bermerik izaten. Modu honetan, ez patronalak eta ez administrazioak ez dituzte beharrekoak diren neurriak hartzen, eta gabezia hauen emaitzak eragiten dituzte istripuak.

Jakinik aldikako lan hauetan ingurunea, makinaria eta batzuetan, prozesua bera ez ezagutzeak arriskuak biderkatzen dituela, Osalani eta lan-ikuskaritzari eskatzen diegu plangintza espezifikoa egin dezatela langile kolektibo hau artatzeko. Hala, formakuntza  eta eskuragarri jartzen zaien makinariaren kontrola egingo litzateke, beste prebentzio neurrien artean, beti ere patronalaren kontura.

Haur eskolako langilea hilik in itinere istripuan

Atzo, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile ordezko bat in itinere izandako auto istripuan hil zen lanetik bueltan zela, Amurrion.

Partzuergoko langileen desplazamentu kopuru handiari aurre egiteko berehalako neurriak behar direla nabarmendu dugu. Hala, desplazamenduak murrizteko egindako proposamenak berehala martxan jartzeko eskatzen dugu: ordezkagunea, permutak, leku aldatzeak.

Amaitzeko, bi heriotza hauek salatzeko intersindikaletik egingo diren kontzentrazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Hala, ostiralean, hilak 22, 12:00etan elkarretaratzea egingo da Adunako herriko enparantzan. Amurrion gertatutako in itinere heriotzari dagokionez, Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren aurrean mobilizatuko gara ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera, Eibarren (Otaola hiribidea, 29). Irailaren 22an izango da azken mobilizazio hau, 11:00etan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren utzikeria eskualdeko osasun zerbitzu publikoak desegiten ari baita

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Lizarrako Osasun Barrutiko osasun zerbitzu publikoen egoera larria salatzen, eta duela aste batzuk informazio kanpaina bat egin genuen datu ofizialen bidez frogatzen zuena Estellerriko herritarrak sufritzen ari direna egiazkoa dela, eta ez sentsazio hutsa. Orain, aurreko gerentearen kudeaketa tamalgarriak eta Osasun Departamentuaren ekimenik ezak eskualdeko ospitalea erditzeko zerbitzurik gabe utzi dute, zerbitzua berreskuratzeko datarik gabe, bere garaian etxeko ospitalizazioarekin gertatu zen bezalaxe.

Estatuan baino gutxiago ordaindu beharko dutenez, Fortuna Handien gaineko Zergaren inguruko akordioak patronalari eta kapital errentei mesede egiten die

Ditugun eskumenak presio fiskala areagotu eta zerga sistema sakonki eraldatzeko baliatu behar direla uste dugu LAB sindikatuan. Hala, EAJ-PSEren gobernuak Elkarrekin Podemosekin egindako akordioa ez da inondik inora ere nahikoa, eta kontrako norabidean doa.

Salatzen dugu atzo Erandion hildako langileak 66 urte zituela eta bakarrik ari zela soldadura lanak egiten

Lankide, senitarteko zein lagunei elkartasuna adierazteaz gain, lan-erreformek prekaritatea areagotu baino ez dutela egin nabarmendu du sindikatuak, lan-osasuna bermatu behar duten instituzioek gaiarekiko duten axolagabekeria kritikatzeaz gain.