Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek urteak daramatzate hitzarmen baten alde grebak egiten eta negoziazio kolektiboaren baitan borrokan bi helburu argirekin: batetik, lan baldintza duinak lortzea gipuzkoarroi eskaintzen diguten zerbitzua kalitatezkoa eta goxoa izan dadin, eta bestetik, sektore feminizatu eta prekarizatu honi gizartean behar duen lekua eta aintzatespena ematea.

Borroka luze honen bidean, langileon negoziazio kolektiborako gaitasuna nabarmen murriztu zuen grebarako eskubidea urratuz, %100 zerbitzu minimoen inposatzeak. Eta orain, % 7ko ordezkaritza duen UGTk hitzarmena gutxiengoan sinatzeak egoera hori areagotu du, negoziazio kolektiboa izan beharko lukeena guztiz desitxuratuz.

Langileriaren gehiengoaren aurka sinatu dute eta gehienen baldintzak ez ditu hobetuko. Gainera, langileen arteko ezberdintasunetan sakonduko du. Sektore guztiarentzat lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat behar dugu, bai langileok bai gipuzkoarrok ere.

Honen guztiaren aurrean, LAB sindikatuak adierazi nahi du Patronalak eta Diputazioak erantzukizun zuzena dutela langileen prekarizazioan, hauek zerbitzu publikoen pribatizazioaren mesedetan, lotsarik gabe ari direlako langileen lan baldintzak okertzen eta langileen eskubideak urratzen. Oraingoan ere, UGT izan dute ezinbesteko aliatu sektore honetako langileenganako enegarren traizioa burutzeko.

Bestalde, LAB sindikatutik gure babesa adierazten diogu ELAk hasitako bide judizialari.

Gure indarrak eta baliabideak, langileen eskubideak zentroz zentro eta herriz herri defendatuz eta borrokatuz jarriko ditugu; eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak bilatzen duen pribatizazioaren aurka tinko borrokatuko dugu.

Langile hauek Gipuzkoako helduen zaintza kalitatezkoa eta duina izateko borrokan ari dira, gipuzkoar guztion eskubideen alde, eta merezi dute errekonozimendua eta lan baldintza duinak bermatuta izatea.

Deialdia egin nahi dugu, herri bakoitzean kokatzen diren zentroetako langile, egoilar, senide eta gizarte mugimenduak batu eta antolatu gaitezen zaintza lanak erdigunean jarriz gure eskubideen alde eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurka.