2023-12-07
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaAENAk euskararekiko erakutsitako errespetu falta deitoratu du Bilboko Aireportuko LABek

AENAk euskararekiko erakutsitako errespetu falta deitoratu du Bilboko Aireportuko LABek

Sail sindikalak salatu du asteon argitaratu den publizitatean euskarazko esaldiak oker idatzita zeudela, eta zuzendaritzak euskaldunon hizkuntzarekiko duen axolagabekeriaren isla dela dio.

Jarraian irakur daiteke LABeko sail sindikalak idatzitako komunikatua:

Begiak odoletan, euskara zaurituta

Duela 75 urte, 1948an, Bilboko Aireportuak bere jarduerari ekin zion, Euskal Herriko aireportu-azpiegitura garrantzitsuena inauguratu zelarik.

La Paloman lan egiten dugunok beste guztiok bezala ezagutu dugu efemeridea; AENAk aste honetan El Correon eta beste egunkari batzuetan argitaratu duen publizitatearen bitartez, alegia.

Zuzenena guztion ospakizuna izatea litzateke; izan ere, gure lantokia ez ezik, Bilboko Aireportua azpiegitura garrantzitsua bihurtu da, eta eragin handia du gure inguruko ekonomia-, gizarte-, enpresa- eta turismo-sarean.

Baina aldebakartasunak horixe dakar; urteurrenak ohoratzen dira adostasunik gabe, eta horrela, erabakitzen dutenek, Bilboko Aireportuko alma mater-a kanpo uzten dute eta Mihiluzen azaltzeko modukoak diren hanka-sartze hauek gertatzen dira.

AENAri eta Bilboko Aireportuko Zuzendaritza honi, ikuspegi ekonomikoa, soziala eta herri-ikuspegia falta zaie. Ez dute onartzen hazkunde handiaren eta emandako zerbitzuaren kalitatearen motorra – sariekin aitortua izan dena eta nazioarteko rankingetako buru izatea lortu duena– – aireportuko langileak direla: AENA, kontratak, azpikontratak eta handling konpainiak. Gainera, euskal jendartearekiko inolako sentsibilitate eta errespetu kultural eta linguistikorik ez dutela erakusten ari dira.

75. urteurrenerako AENAk ordaindutako publizitatea benetako errespetu falta da, iraina: ez dira gai euskaraz lau hitz zuzen idazteko. Eta hori ezin da ulertu euskal hiztun guztien hizkuntza-eskubideen aurkako eraso gisa baizik; gainera, koofizialtasunarekiko kudeaketa arduragabea erakusten du, hutsegite larriak ekar ditzakeena.

LABeko atal sindikaletik, enpresak eta Zuzendaritzak behin eta berriz euskarafobiazko jokabideak izaten dituztela salatu nahi dugu, eta, beraz, horrelako publizitate-kanpaina iraingarririk berriro ez errepikatzea eta burugabekeria horren egileen barne-erantzukizunak argitzea eskatzen diegu.

Era berean, iruditzen zaigu berehala ezarri behar dela aireportuan gure hizkuntzaren erabilera normalizatua bermatuko duen Euskara Plan bat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren utzikeria eskualdeko osasun zerbitzu publikoak desegiten ari baita

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Lizarrako Osasun Barrutiko osasun zerbitzu publikoen egoera larria salatzen, eta duela aste batzuk informazio kanpaina bat egin genuen datu ofizialen bidez frogatzen zuena Estellerriko herritarrak sufritzen ari direna egiazkoa dela, eta ez sentsazio hutsa. Orain, aurreko gerentearen kudeaketa tamalgarriak eta Osasun Departamentuaren ekimenik ezak eskualdeko ospitalea erditzeko zerbitzurik gabe utzi dute, zerbitzua berreskuratzeko datarik gabe, bere garaian etxeko ospitalizazioarekin gertatu zen bezalaxe.

Estatuan baino gutxiago ordaindu beharko dutenez, Fortuna Handien gaineko Zergaren inguruko akordioak patronalari eta kapital errentei mesede egiten die

Ditugun eskumenak presio fiskala areagotu eta zerga sistema sakonki eraldatzeko baliatu behar direla uste dugu LAB sindikatuan. Hala, EAJ-PSEren gobernuak Elkarrekin Podemosekin egindako akordioa ez da inondik inora ere nahikoa, eta kontrako norabidean doa.

Salatzen dugu atzo Erandion hildako langileak 66 urte zituela eta bakarrik ari zela soldadura lanak egiten

Lankide, senitarteko zein lagunei elkartasuna adierazteaz gain, lan-erreformek prekaritatea areagotu baino ez dutela egin nabarmendu du sindikatuak, lan-osasuna bermatu behar duten instituzioek gaiarekiko duten axolagabekeria kritikatzeaz gain.