2025-03-18
HomeIdazkaritzak2025eko lehen garraiolaria hil da Pasaian

2025eko lehen garraiolaria hil da Pasaian

Gaur jakin dugu, joan zen astean Pasaiako Portuan kargatzen ari zen bitartean istripu ez traumatikoa jasan zuen A.D.O., Andoaingo 48 urteko garraiolaria, hil egin dela.

Garraiolari baten heriotza ez traumatikoa ez da gauza harritzekoa, beste sektoreetan baina ohikoagoa da heriotza mota hau, sektorean ematen diren bizi baldintzak tarteko. Modu batera edo bestera, sektoreko baldintza gero eta gogorragoak lan arrisku bilakatu dira eta horren eragina datuetan islatzen da. 2024an 14 garraiolari hil ziren lan istripuz, 2023an 10.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, bizitza eta elikadura osasuntsua izateko zailtasunak, eta abar. Baina argi diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak hartzeko.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango dira. Gipuzkoan zein Nafarroan sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe egotea prekaritate horren erakusle da eta baldintza prekario horiek laneko osasunean eragin zuzena dute.

Honekin, lan osasuneko intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde eta HIRU sindikatuok dei egin nahi genuke datorren otsailaren 14ean, 11:30ean Pasaiako portuaren sarreran egingo dugun elkarretaratzean parte hartzera.

Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi langile hil dira aurten luma garabiak erabiltzen ari zirela

S.F.P. 62 urteko langilea hil da gaur goizean, eraikuntza lanetan ari zela, Arratzun, Bizkaian. Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones, SL enpresako langilea, luma garabi batekin baserri batetako teilatura materiala igotzen ari zela, goi tentsioko kable batera gerturatu da eta deskarga bat jaso du.

Mahai Orokorreko sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 9rako Nafarroako Administrazio osoan

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Mahai Orokorrean langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzeko, foro horrek baitu langileen zilegitasuna eta babesa.

Marinaledan egindako SAT sindikatuaren IV. Kongresuan parte hartu du LABek

Sindikatua eraiki, herria eraiki lelopean egin du bere IV. Kongresua Andaluziako SAT sindikatuak; ekintza sindikalean jauzia emateko eta kapitalismoa gainditzeko Andaluzia burujabearen norabidean aurrera egiteko bokazioarekin.