Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu den araua Euskal Herrian zuzenean inposatuko da eta milaka langileen egoera kolokan jarriko du; urteetan zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten langileen egoera, hain zuzen ere.

Hasiera batean dekretua bertan behera geldituko zela bazirudien ere, Gobernuak egindako azken orduko mugimendu batzuen ondorioz aurrera jarraitzen du administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko gobernuaren egitasmoak. Jatorrizko proposamenean txertatuko diren berrikuntzak guztiz partzialak dira, eta ez dute inolaz ere bitarteko langileek bizi duten egoera sakonean aldatzen. Milaka langilerentzat berebiziko garrantzia duen gaia Kongresuko pasiloetan modu horretan amaitzea etsigarria da erabat. Gainera, lege prozedura batekin jarraitzea adostu da; horrek esan nahi du alderdien arteko negoziazioak ez direla gaur amaitu. Horren haritik, EAJren iritzi aldaketa onartezina dela uste dugu. Euskal gehiengo sindikal zabalak garbi adierazi du arau honekiko bere kontrakotasuna, eta, lehen esan bezala, adostu diren berrikuntzek ez dute egiturazko aldaketarik suposatzen. Era berean, EH Bilduri eskerrak eman nahi dizkiogu dekretu honen tramitazioan erakutsi duen koherentziarengatik.

LAB aspaldi esaten ari da bitarteko langileen egonkortasuna ez dela ez Madrilen ez epaitegietan lortuko. Helburu hori lortzeko mobilizazioetan tinko jarraitu behar dugu, baita negoziazio kolektiboa bultzatzen ere. Kontsolidazio prozesu hauek aurrera eramateko marko propio bat sortu egin behar dugu, eta proposamen horrekin aurrera jarraituko dugu. Ezinbestekoa da tresna legal ezberdinak arautzea, ondoren negoziazio kolektiboaren bidez eremu bakoitzean prozesu hauek adostu daitezen.

Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek ez zuten, akordioa erdietsi zutenean, euskal langile publikoen egoera kontutan hartu. Tamalez, Espainiako Diputatuen Kongresuko gehiengo batek bide berdina jarraitu du. Horren aurrean, LABek kontsolidazio prozesuak egiteko lege propioak aldarrikatzen jarraituko du, behin-behineko langile publikoen egonkortasuna gure lehentasuna delako. Zerbitzu publikoen defentsan eta pribatizazioaren aurrean tinko jarraitu behar dugulako, hain zuzen ere.