2024-04-20
HomeZerbitzu PribatuakPortuak100 langile ebentual kaleratu dituzte Bilboko Portuan

100 langile ebentual kaleratu dituzte Bilboko Portuan

Bilboestibako enpresa batzordearen oharra:

Duela aste batzuk, zamaketariok oraindik ez genuenean grebarako gure eskubidea erabili, enpresek, ardi larruz jantzita, neurrigabeko kanpaina prebentiboari ekin zioten gu mafiosotzat joz, ebentualei aparteko txandetan lan egitea galaraten genuela esanez (gauak eta asteburuak) eta baita ABLEetako gure lankideen lepotik eurek gure “pribilegio” deitzen dituztenak betierekotu nahi genituela aipatuz.

Denbora euren gezurrak agerian uzten joan da. Izan ere, lehen eta orain gure lankide ebentualak aparteko txandetan lanean aritu dira eta Bilboestiba CPEko langileei bezalako kontratua eskaini zaie. Orain ikus dezakegu enpresen benetako aurpegia. Langile ebentualentzat duten proposamen bakarra ebentualitatea oraindik gehiago zabaltzea izan da. Langile hauekiko itzurazko kezka agerian geratu da greba egunek aurrera egin ahala hartu dituzten azken neurriekin. Euren estrategia egoera are gehiago prekarizatzea zen, soldataren %40rainoko murrizketekin, 12 urtez eguneroko kontratuen bidez betetzen ari diren ataza berdinetarako.

Langile guztiek, Bilboestibako mugagabeko kontratudunek eta modu berezian, Randstad-en lan-poltsa historikoko ebentualek, batasun, elkartasuna eta grebarekiko atxikimendu ariketa egin dute. Ebentualek ere bat egin dute sektorean deitutako lanuzte guztiekin. Orain enpresek, inora ez doan bidaia honetan, langile hauen kontrako neurriak hartu dituzte, hain zuzen ere, zaurgarrienak direlako. Horrela, hauek kontratatzeari utzi diote CPEak lan-kargari aurre egiteko langile nahikoa izan ez arren.

Honek 100 zamaketari ebentualen kaleratzea dakar. Langile hauek, azken 12 urteotan, zamaketa-enpresentzako lanean aritu izan dira bataz beste, urtean 130 txanda eginez. Langile hauek egin dituzte zamaketari batek egiten dituen lanik nekagarri eta arriskutsuenak. Langile hauek, lan-kargak Bilboestibako langile finkoen gaitasuna gainditzen zuen egunetan soilik kontratatzen zituzten, eta egun horretan berean egiten zieten finikitoa.

Urteak aurrera joan ahala gutxituz joan dira langile finkoak, eta gora egiten zuen langile hauen jarduerak, azken bi urteotan urteko 170 lanalditara iritsi arte. Hori guztia, kontratu finkoa egin beharrean. Izan ere, langile ebentualak luzaroan egon dira honen esperoan eta herrialde erdi-normal batean honezkero izan beharko lukete kontratu finkoa. Orain, aukeratu beharrean daude, ebentualitate, eta ondoriozko prekarietate, handiagoa edo ezer ez.

Zamaketa-enpresek atzo, prentsa-ohar bidez jakinarazi zuten arbitrajea eskatu dutela gatazka konpontzeko; eta zamaketari finkoen aurka egin zuten, irain eta deskalifikazioekin eta orain, aldi baterako gure lankideen kontrako errepresaliarik gogorrena hartu dute, Bilboko Portuko Agintzaritzaren presidentziaren konplizitatearekin.

Errepresaliekin ari diren bitartean, itsasontziak pilatu egiten dira kaietan eta ez soilik zamaketarien grebarengatik, enpresek ere zeresana baitute honetan. Euren borondatez langileok kaleratuz zerbitzua emateari utzi diote. Gaurko egunera soilik begiratuta, atendituta egon zitezkeen 5 itsasontzi baino gehiago zerbitzurik gabe utzi dituzte, portuko komunitate osoa bahitu moduan hartuz. Ematen du jarduera lotsagarri honen aurrean Barkala jaunak ez duela inolako neurririk hartuko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.