2026-05-18
HomeEkintza Sindikala10 egunean 6.500 sinadura bildu ditugu irakasleentzako murgiltze ikastaroak mantentzearen alde

10 egunean 6.500 sinadura bildu ditugu irakasleentzako murgiltze ikastaroak mantentzearen alde

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan elkarretaratzea egin dugu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok, eta bildutako sinadurak Hezkuntza Sailari helarazi dizkiogu. Era berean, maiatzaren 14rako mobilizazioak iragarri ditugu ikastetxeetan. Bestalde, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde maiatzaren 9rako deitutako manifestazioan parte hartzeko deia ere egin diegu hezkuntzako langileei.

Hiru sindikatuok sinadura bilketa bat jarri genuen abian apirilaren 21ean, apirilaren 30ean amaitu zena; hamar egunotan 6.500 sinaduratik gora bildu ditugu. Horrek agerian uzten du irakasleek murgiltze ikastaroak beharrezkotzat jotzen dituztela eta hauek mantentzearen alde daudela.

Elkarretaratzea egin duten bitartean, sinadura horiek aurkeztu dizkiogu Hezkuntza Sailari. Mobilizazioan hezkuntza sailari egiten dizkioten eskaera zehatzak gogorarazi ditugu:

  • Irakasleentzako euskarazko murgiltze ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean.
  • Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan egun dagoen beharra aitortzea eta ikastaroak ez murriztea ikastetxeetako mikro formakuntzetara.
  • Murgiltze bidezko formakuntza honen irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea.
  • Formakuntza molde hori bermatzeko, gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea.
  • Euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea, sindikatuekin negoziatuta.

Abian jarritako dinamikari jarraipena emanez, ikastetxeetan mobilizazio egun bat deitu dugu datorren maiatzaren 14rako. Irakasle talde osoari dei egiten diogu egun horretan antolatu eta mobilizatu daitezen.

Hiru sindikatuon ustez, ezinbestekoa da euskararen ezagutzan, soziolinguistikan eta euskal kulturan eta horien guztien transmisioan trebatutako irakasleak izatea eta hauek etengabe formatzea. Hori izan baita urteetan IRALEko R ikastaroen helburua.

Hezkuntza Sailak, ordea, sindikatuekiko gardentasunik gabe eta aldebakarrez IRALEren R modalitateko ikastaroak 2026-27 ikasturtetik aurrera bertan behera uzteko erabakia hartu du.

Euskal Herrirako euskaran ardaztutako hezkuntza sistema burujabea defendatzen dugu sindikatuok, euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko dituena eta euskal hiztun osoak heziko dituena, gizarte kohesionatu euskaldun baten alde. Horretarako, irakasleentzako euskaran eta euskal kulturan ardaztutako prestakuntza funtsezkotzat jotzen dugu, irakasleak baitira ikasleen eta hezkuntza-sistemaren lorpenen eragile nagusiak.

Hori esanda, sindikatuok uste dugu neurri eta baliabide berriak behar direla, baina horiek ezin dituztela daudenak ordezkatu, baizik eta daudenak osatu eta indartu behar direla.

Azkenik, datorren maiatzaren 9rako euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde deitu dugun manifestazioan parte hartzera ere deitu dugu hezkuntzako langileria osoa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB eta ELA-k salatzen dute Maderas de Llodioko langileek egoerari eusten diotela, enpresak akordioa blokeatzen duen bitartean, eta erakundeen inplikazioa eskatu du

Maderas de Llodio enpresan, LAB eta ELA sindikatuen izenean, publikoki salatu nahi dugu enpresan gertatzen ari den lan-gatazkaren egoera larria. Ia zortzi hilabeteko greba mugagabearen...

Mobilizazioa Nafarroako ikuskizunetako teknikarien hitzamenaren alde

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek ordubeteko lanuztea egin dute gaur, eta Iruñeko Udaletxeko plazan mobilizatu dira 13:15ean, 2023ko maiatzetik geldirik dagoen sektoreko hitzarmen propio...

Tubos Reunidoseko plantilla beste borroka fase batean sartu da, konkurtso prozesua ireki ondoren

Gehiengo sindikalak greba mugagabea bertan behera uzteko, eta enpresan irekitako konkurtso prozesuaren barruan, borroka fase berri bat hasteko erabakia, langileen batzarrera eramatea erabaki du.