2024-04-19
HomeEkintza SindikalaPrekarietatearen aurkako elkargunea Bilbon egokituko dugu ostiralean

Prekarietatearen aurkako elkargunea Bilbon egokituko dugu ostiralean

Info Puntua, ikus-entzunezkoak, solasaldia, kalejira Alde Zaharretik… Bilboko Areatzan, hainbat jarduera egingo ditugu Ostiral Duinak dinamikaren baitan, 16:30etik aurrera. Hain zuzen ere, LAB elkarguneak antolatzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan, kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Bilbora iritsiko da oraingoan, eta mahai inguru interesgarri bat proposatuko dugu, besteak beste: "Prekarietatearen milaka aurpegi" leloarekin, hain justu. Prekarietatea errealitate desberdinetatik azaleratuko dugu; langabe, etxeko langile, gazte eta aniztasun funtzionala dutenen begietatik.

Prekarietatearen aurkako lehen elkargunea Gasteizen egin genuen, joan den otsailaren 10ean. Iruñean izan ginen ondoren, martxoaren 17an, eta Bilbori egokituko zaio txanda ostiral honetan, martxoak 24. Elkargunea martxoaren 31n iritsiko da Oarso Bidasoara.

Hain zuzen ere, prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin antolatu ditu LABek elkarguneak, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.