LAB SINDIKATUA

2019/01/18 :: 22:00

Azken Eguneraketa:2019/01/18 :: 9:35

HIZKUNTZA
Hemen zaude: LAB Sindikatua Nazio Biltzarra Mobilizazioaren eta alternatiba sozioekonomiko baten eraikuntzaren alde egingo dugu apustu Estatuen inboluzioari aurre egiteko

Mobilizazioaren eta alternatiba sozioekonomiko baten eraikuntzaren alde egingo dugu apustu Estatuen inboluzioari aurre egiteko

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



Bere Nazio Biltzarrak aste honetan adostutako testuinguruaren azterketaren berri eman du LABek. Azterketa honetan, LABek berretsi egin ditu Pirinioetako bi aldeetan gertatzen ari den inboluzio politiko eta sozialaren zantzuak.  


LABek 78ko Erregimenaren gaiztotzea nabarmendu du, nagusikerian oinarritutako agenda bat duelako esku artean Katalunia eta Euskal Herria gisako nazioen eskaera demokratikoei edo zenbait mugimenduei erantzuteko; mugimendu feministari, kasu. Frantziako Estatuari dagokionez, “jaka horien” mugimendu anitzak agerian utzi ditu herritarren gehiengoak bizi dituen atzerapausoak eta berdintasunik eza.

Bi Estatuen agenden aurrean, LABek uste du burujabetzan eta aldaketa sozialean oinarritutako agenda bat egonkortzen ari dela Euskal Herrian. Pentsiodunen mugimenduaren sendotasunak –euren agenda mobilizatzailearekin jarraitzen dute kalean- eta mugimendu feministak martxoaren 8rako Greba Feminista deitu izanak erakusten dute aurreko ikasturteko mobilizazioak ez zirela fenomeno isolatuak izan. Bizitzaren prekarietatea modu nabarmenagoan bizi duten sektoreak aktibatzen ari dira, enpleguaren arloan ere. Borroka eredugarriak ari dira gauzatzen, pertsona migranteak lehen lerrora eraman dituen Huerta de Peraltako borroka edo sektore feminizatuek han eta hemen bultzatutakoak, adibide: Gipuzkoako helduen egoitzetan, Bizkaia eta Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuan, garbiketa arloko zenbait esparrutan, itunpeko hezkuntzan, Simply, Dia edo Loramendi gisako enpresetan… Hala ere, aurrekontuen eztabaidak agerian utzi du EAJren erresistentzia murrizketak leheneratzeko, politika publikoen norabidea aldatzeko eta aipatutako sektoreei taxuzko erantzunak emateko.

Agenda propioaz ari garelarik, EAEko Autogobernu Batzordean lortutako akordioak estatus politiko berri bat planteatzen du hiru herrialdeetarako, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua sortzea ahalbidetuko lukeena. Euskal sindikalismoak mobilizatu behar du, lehenik, lan eta jendarte gaien edukien inguruko zehaztapen gehiago eskatzeko; eta, bigarrenik, Estatuaren aurrean konfrontazio demokratiko bat ahalbidetuko duen eszenatoki bat irekitzeko, Euskal Herria edo Katalunia subjektu politiko gisa aitortuko duen edozein proposameni Estatuak betoa jarriko diola jakinik. Madrilen erabakiko dutenari buruz itxaropenak sortu ordez, Euskal Herrian erabakitzeko unea da. Negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren amaiera Espainiako Kongresuaren esku utzi ordez, euskal langileria aktibatu behar da lan harremanetarako esparru propio baten alde, 1.200 euroko gutxieneko soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa edo soldata arrakalaren amaiera gisako neurriak ziurtatzeko.

Testuinguru honetan, LABeko Nazio Biltzarrak hurrengo sei hilabeteetarako esku hartze ildoak adostu ditu. Honela laburtuko genituzke:

• Sektore eta enpresa mailan borroka sindikalak antolatu, eta, aldi berean, prekarietatearen aurkako aldarrikapen orokorren taula baten inguruan indarrak bildu: 1.) 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astea; 2.) Diskriminazio guztiekin amaitu eta berdintasuna eta kontziliazio zein korrespontsabilitate neurriak sustatu; 3.) Prekarizazio eredu oro ezabatu, azpikontratazioa, ustezko autonomoak, bekadunak; 4.) Lanetik etxera bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubidea; 5.) Hemen erabakitzeko eskubidea, estatalizaziorik gabe.
• Greba Feminista lantokietan sustatu, emakume langileen borrokak eta aldarrikapenak ikusgarri eginez.
• Pentsio duinen aldeko borroka enplegu eta soldata duinaren aldeko borrokarekin lotu, pentsionisten borroka langile klase osoaren borroka bilakatzeko urratsak emanez.
• Eztabaida politiko orokorrean eragin, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propio bat ahalbidetuko duen estatus berri bat aldarrikatuz. 2019ko otsailaren 19an, 25.urteurrena izango da sindikalgintza subiranistak Lan Harremanetarako Euskal Esparru propioa aldarrikapen historikoa egin genuenetik. Urteurren esanguratsua izango da.
• Euskal Herriarentzat proiektu sozioekonomiko propio bat osatzeko eta garatzeko proposamenak egin sindikalismotik.
• G7ak ordezkatutako eredu kapitalista, patriarkal eta arrazistari aurre egin, Miarritzen datorren abuztuan egingo duten gailurraren harira.
• Gatazkaren ondorioak. Euskal preso eta iheslarien etxeratzeko borroka lehentasunezko ardatz bat da. Lantokietan eta kalean presoen etxeratzearen aldeko aktibazioan sakonduko dugu.

 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.