LAB SINDIKATUA

2018/12/15 :: 14:25

Azken Eguneraketa:2018/12/14 :: 12:34

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Mahai orokorra Negoziaziorako proposamen bat egin dugu Mahai Orokorrean

Negoziaziorako proposamen bat egin dugu Mahai Orokorrean

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



Administrazioko Mahai Orokorraren bilera egin da gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzan. Hori dela eta, elkarretaratze bat egin dugu “Zerbitzu publikoen defentsan, hemen erabaki” lemapean.

Pasa den astean Erkoreka sailburuak iragarri zuen gidoia ez da aldatu gaur izandako administrazioen Mahai Orokorrean. Madriletik zehazten diren irizpideen araberako proposamenak jarri dituzte mahaiaren gainean, beraien esanetan negoziaziorako margen eskasarekin. Eusko Jaurlaritzaren jarrera beraz ez da aldatu eta estatutik eratortzen zaizkigun mugak bereak egiten ditu, euskal zerbitzu publikoen kaltetan.

Langileen borrokaren bitartez irabazitako hainbat eskubide berretsi behar izan dira gaurko Mahaian. Asteko 35 orduen jardunaldia mantentzeko akordio berri bat sinatu behar izan dugu estatuko gobernuaren ekimena saihesteko. Gaixotasun arruntak direla eta soldata osagarrien berreskurapena sindikatuon aspaldiko aldarrikapena izan da, irakaskuntzan izandako grebak eta borrokaldi luzea eta gero lortutakoa hain zuzen.

Soldatari dagokionez, urrira arte itxoin beharko dugu 2018 soldata igoera eskuratzeko. Atal honetan erabat salagarria da gobernuaren jokamoldea; Madrileko Mahaian gastu araua bermatzeko adosten diren soldata igoerak hemen inposatu eta gainera berandu ordaindu. 2019 urteari dagokionez zaharrak berri. Madrilen adostutako igoera da muga eta hemen ez da beste ezer negoziatzen.

EAEko administrazioetarako Mahai Orokorrean beraz negoziazio kolektiboa garatu gabe jarraitzen dugu. Madrilen erdiesten diren akordioak inposatzen dira eta ez zaie euskal zerbitzu publikoek dituzten erronkei heltzen. Langile publikook daukagun erronka garrantzitsuetako bat eros ahalmenaren galeraren berreskurapena da. 2010 urtean %5 murriztu egin zen gure soldata eta gerora soldatak izoztu edo KPIaren azpitik dauden igoerak agindu dira. Behin eta berriro gobernuari berreskuratze plan bat negoziatzea eskatu diogu baina alferrik. Horrexegatik gaurkoan LABekgobernuari proposamen zehatz bat luzatu dio, Mahai Orokorra benetako negoziazio mahaia izan dadin.

Egindako proposamena erabat bideragarria izan daiteke borondate politikoa badago, beste hainbat administrazioetan egin den bezala. Proposamenaren ardatza gobernuak langileekin duen zorraren aitortza egitea da. Hortik aurrera gure planteamendua zor hori hiru urteetan berreskuratzea izango litzateke, betiere urtero KPIa bermatzen duen oinarrizko igoera bat izanda. Berreskuratzeko ere balio ez duen Itzarrirentzako ekarpenaz egin duen proposamenak argi uzten du zuzeneko soldatarako dirua egon badagoela, baina bestelako asmoak ditu Jaurlaritzak.

Soldata igoeraz harago hainbat gai gelditu zaizkigu gaur bileran hitz egin gabe. Enplegu egonkortasunerako kontsolidazio prozesuetaz ez dakigu ezer. Behin-behinekotasun tasekin bukatzeko planteamendu propiorik ez dauka gobernuak, beti Madriletik etortzen denaren zain baitago. Gaixotasun arruntak mutualitateek baino, osasun zerbitzu publikoek jarraitzeaz era ez du hitz egin nahi.

LABek beraz ez du onartzen gobernuak Mahai Orokorrari eman nahi dion bigarren mailako papera. Gure ustez hori urteetan egindako murrizketak betikotzeko amarru bat besterik ez da, jakin badakigu Madriletik ez dela murrizketak leheneratzeko planteamendurik etorriko. Hori dela eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu geure negoziazio esparruak defendatu eta murrizketekin bukatzeko. Argi dago beraz langileoi mobilizazioa eta konfrontazioa besterik ez zaigula gelditzen.
 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.