LAB SINDIKATUA

2018/10/19 :: 5:13

Azken Eguneraketa:2018/10/20 :: 12:48

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Eskuhartze eta gizartegintza Haurren zein ebaluazio eta orientazio zerbitzuak arduragabe kudeatzen ditu Bizkaiko Aldundiak

Haurren zein ebaluazio eta orientazio zerbitzuak arduragabe kudeatzen ditu Bizkaiko Aldundiak

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



LABek kontzentrazioa egin du gaur Bizkaiko Aldundiaren Gizarte Ekintzako egoitzaren aurrean, Ugasko bidean.

Bizkaiko Aldundiaren Bizkaia Goazen 2030-Bizkaia hobe baterantz lelopeko programak zenbait ekintza eta helburu ezartzen ditu, gaur egun gure gizartearen bi sektore behartsuenetakoetan larriki betetzen ari ez direnak. Hain zuzen ere, haurrei zein desgaitasunaren ebaluazioari ematen zaien zerbitzuaren kalitateaz ari gara. Azter ditzagun banan-banan:

UMEEN ZERBITZUA
GUFEko Egoitza Harreraren Unitateak eta BFAko Umeen Harrera, Ebaluazio eta Orientazio Atalak partekatzen duten lan-arlo teknikoa eta administratiboa zeharo kolapsatuta eta gainezka dago. LAB aspalditik salatzen dabil egoera hori, eta horrela azaldu ere egin genuen iragan 2017ko urrian Batzar Nagusietako saio informatibo batean.

Gure sindikatuak ez du sinatu zerbitzu horren Arrisku Psiko-sozialen Ebaluazioa, uste baitugu bere teknikariek eta administrariek pairatzen dituzten lan osasuneko arazo larrien ezabaketa ondorengo neurri hauen eskutik etorriko dela derrigorrez: barne antolamenduaren eredua hobetzea eta lanpostu gehiagoz hornitzea. Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzak neurri horien kontra azaldu da behin eta berriro, eta horrek eragin egiten dio babesik gabeko egoera larrian dauden haurrenganako zerbitzu publikoari.

Batzar Nagusietako Eskaeretarako Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean aipatu egin genuen legez, langilegoaren hornitze falta larria ez da soilik teknikarien artean (psikologoak, gizarte langileak, hezitzaileak,...) ematen, baizik eta erabat errotuta dago administrarien artean. Arazo horiek ondorengo puntu hauetan laburbildu daitezke:

. Administarien hornidurari dagokionez, egiturazko arazo larriak daude (BFAn 7 lanpostu, eta GUFEko Egoitza Harreraren Unitatean 2 lanpostu besterik ez).
. Lan karga itzela dago: 2017an, 1.500 espedientetik gora jorratu ziren; eta 2018ko martxora arte, 400 inguru.
. Premiazko kasuak ere ugariak dira, eta kasu horiek artatzeak eragin egiten dio ohiko lan administratiboari, berehalako erantzuna eskatzen baitute.
. “Lan administratiboaren enbutu egoera”. Arlo administratiboaren langile faltak arazo larriak dakartza: etengabeko jarduna trabatzen da eta legezko epeak ez dira behar bezala betetzen (epaitegiak, eskatzaileak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak,...).
. Prozeduren informatizazio falta: Foru agindu, ziurtagiri, egiaztagiri edo bestelako dokumentu gehienak eskuz egin ohi dira. Ardatz aplikazioan grabatu beharra dago.
. Administrarien kidegoa ez dago langileen ordezkapenei buruzko protokolo espezifikoan sartuta: Umeen Harrera, Ebaluazio eta Orientazio Atalean ezin dira administrarien lizentziak, baimenak edo aldi baterako ezgaitasunak ordezkatu.

Gizarte Ekintzako Sailaren arduragabekeria hain handia izan da, non Babesik Gabe Dauden Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Haurrentzako III. Plana (2016-2019) duela gutxira arte argitaratu gabe izan den, plan horrek premiaz heldu beharreko erronken garrantzia handia izan arren.

Bizkaiko Foru Aldundiak arazo sozial horren aurrean eman beharreko erantzun instituzionalaren gabezia larria dago oraindik. Horren erakusle dira Umeen Harrera, Ebaluazio eta Orientazio Ataleko teknikariek pairatu egiten duten babes falta eta muinean inplikatutako eragile instituzionalen deskoordinazioa: Hezkuntza, Segurtasuna, Justizia eta Gizarte Zerbitzuak.

Zoritxarrez, egoera latz hori modu gordinago batez jasatzen dute, oiraindik ere, adingabeen tutoretzapeko egoitzetan aritzen diren hezitzaileen zein teknikarien taldeak. Beraien lantokietan erasoei edota egoera jasanezinei aurre egin behar dizkiete egunero, Gizarte Ekintzaren handi-mandien kudeaketa arduragabe zein pribatizatuari esker. Aipatu beharra dago adingabeen tutoretzapeko egoitzetan eskaintzen diren plazen %15 baino ez dela kudeaketa zuzenekoa. Iragan hilabeteetan Indautxun eta Otxarkoagan izandako gertaera larriek erakutsi dituzte foru erakundearen politikaren eraginkortasun falta eta porrota, beste behin ere egoitza horietako langileen zein gizartearen beraren kalterako.

EBALUAZIO ETA ORIENTAZIO ZERBITZUA
Desgaitasuna Ebaluatzeko Atalaren administrariek bizi duten egoerari dagokionez, antzeko zerbait adierazi beharko litzateke. Lan-bolumena hain handia da, ezen desgaitasuna ebaluatzeko eskabide gehienak ez diren ebazten erregistroko sarreratik 10-12 hilabete igaro arte. Erreklamazioen kasuan, aldiz, puntualki baino ez dira erantzuten. Desgaitasuna Ebaluatzeko Atalaren problematika zabala eta konplexua da, eta azken boladan nabarmen korapilatu egin da itaundutako egoitzen kudeaketaz eta Zaintza Goiztiarraren fakturazioaz:

. Administrarien (9 langile) espazioari lotutako arazo fisikoak eta fitxategiaren ingurukoak: 8 pertsonentzat aurreikusitako eremuan 10 lanpostu daude, zabaltzeko aukerarik gabe eta zarata maila handiarekin.
. “Ardatz” aplikazio informatikoaren inguruan funtzionatzeko arazo asko ematen dira, oraindik oso motel hasi baita. Egoera horrek trabatu egiten ditu eskabideen zenbaketa eta kontrola zenbait izapidetan, prozeduraren aldi guztiak ez daudelako zehaztuta. Oro har, prozeduraren garapena atzeratu egiten da etengabe.
. Atalak jasaten duen gainkarga dela eta, gaur egun desgaitasunaren ebaluaziorako eta zaintza goiztiarrerako hitzorduen epeak azkoz beranduago ematen ari dira.
. Desgaitasuna ebaluatzeko atalean ez dago Administrazio Orokorreko Teknikarien lanposturik.
. Psikologoen kidegoari dagokionez, 5 lanpostu daude atalean, baina egun 3 besterik ez daude lanean premiazko zerbitzuen eginkizunengatik eta lizentziengatik. Lanpostu horiek ez dira behin-behinekoz ordezkatu.
. Zaintza Goiztiarraren egoitza elektronikoa ezartze hurbilak helburu eta eginkizun berriak ekarriko ditu, ondorengo hauxe moduan; eskabidearen grabaketa aurkezteko momentuan bertan.

2017ko urrian Batzar Nagusietan egindako agerraldian LABekook ere salatu genuen Marcelino Orejatik Uribitarte 15eko lokalerako lekualdaketa nabarmen atzeratu egin zela. Hain zuzen ere, urte t ́erdiz erabiltzeke izan zen, kriston inbertsio handia egin ostean (70.000€), lokalaren espazioa behar bezala egokitzeko. Gaur egun, erabat argi geratu da Uribitarteko lokalean lan administratiboa egiteko dagoen espazio fisikoa oso urria dela, Gizarte Ekintzako arduradunen aurreikuspen falta agerian uzten duena.

Gure aldetik jarraitzen dugu salatzen Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuak biltzen dituen 2 Atalen sakabanaketa fisikoa (Mendekotasunarena, Ugaskon; eta Desgaitasunarena, Uribitarten). Zentzugabeko egoera horrek eragozpenak besterik ez dizkie ekartzen bi ataletan izapideak egin behar dituzten erabiltzaile askori.

EKINTZA SAILAK EZ DU BERE IBILBIDE ORRI PROPIOA BETETZEN
Ondorio gisara, aipatu dezakegu Gizarte Ekintza Saliak:

. Gure gizartearen bi arlo sentikorrenenetakoak modu arduragabetsuan kudeatzen dituela egun: babesik gabe dauden haurren eta nerabeen kudeaketa, ade batetik; eta desgaitasunaren ebaluazioa, beste alde batetik.
. Zerbitzu publikoaren bi arlo zehatz horiek giza-baliabide urriekin hornitzen dituela.
Horrek negatiboki eragiten du zerbitzu horien langileeengana, eta baita aldarrikatutako gizarte kohesioan edota aukeren berdintasunean ere.
. Bere eguneroko jarduna ez datorrela bat Bizkaia Goazen 2030-Bizkaia hobe baterantz lelopeko Programan ezarritako ekintzekin eta helburuekin. Ez behintzat Haurrei, Zaintza Goiztiarrari edota Desgaitasuna duten Pertsonei dagokienez.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.