LAB SINDIKATUA

2018/09/21 :: 11:25

Azken Eguneraketa:2018/09/21 :: 6:24

HIZKUNTZA
Hemen zaude: LAB Sindikatua Elkarrizketa “Elkarlana beharrezkoa da, bai LABentzat, bai ELArentzat, baina batez ere euskal langileentzat”

“Elkarlana beharrezkoa da, bai LABentzat, bai ELArentzat, baina batez ere euskal langileentzat”

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea
Igor Arroyo, LABeko Idazkari Nagusi ondokoaIgor Arroyo, LABeko Idazkari Nagusi ondokoa

“Elkarlana beharrezkoa da, bai LABentzat, bai ELArentzat, baina batez ere euskal langileentzat”


Irakaskuntzan, unibertsitatez kanpoko irakasleen kolektiboak zazpigarren greba eguna bete du. Nola doaz mobilizazioak eta zertan dira negoziazioak?

Azken bi greba egunetan %70 inguruko jarraipena izan da irakasleen eremuan. Garbi dago irakasleriak hezkuntzaren kalitatearekin zerikusia duten neurrien zehaztapena eskatzen duela. Urtarrilaren amaieratik ez da mahai negoziatzailerik egon; gai batzuetan aurrera pausuak egon arren, Eusko Jaurlaritzak ez die behar bezalako erantzunik eman funtsezko eskakizun batzuei, hala nola, ratioen hobekuntza, baliabide gehigarriak eta ordezkapenak lehen egunetik bermatzea eremu guztietan. Mugimendurik egin ezean, gatazkak jarraitu egingo du.

Eremu batzutan, sukalde eta garbiketan nahiz haurreskoletan, akordioak posible izan dira.
Abenduaren 12ko greba egun arrakastatsuaren ondoren, urteetan blokeatuta egon diren hezkuntzako eremu laboraletan negoziazioa berpiztea lortu genuen. Kolektibo bakoitzak bere arazo eta aldarrikapen propioak ditu, baina oro har esan dezakegu historikoak ziren gabezia batzuei aurre egitea lortu dugula.

Sukalde eta garbitzaileen kasuan, ratioak nabarmenki hobetu dira eta lanpostu berriak sortu dira; Haurreskoletan, bestalde, ordezkapenak lehen egunetik baldintzarik gabe beteko dira; eta bi kolektiboetan langileen egonkortasunerako deialdi publikoak adostu dira.

Azkenik, guretzat garrantzia handikoa da oraindik sinatu ez den Heziketa Berezian lortu dugun akordioa. Kolektibo honek azken 20 urteetan pairatzen dituen lan baldintza gogorrak nabarmenki hobetu daitezke, mahai gainean dagoen akordioarekin. Funtzioen definizioa, ratioen hobekuntza eta 260 lanposturentzat deialdi publikoa jasotzen dira besteak beste. Momentuz ez dugu guri gustatuko litzaigukeen gehiengorik lortu; akordioa begi onez ikusten duen Steilas sindikatuaren erabakiaren zain gaude momentu honetan.

Irakaskuntzako gatazka aitzakia hartuta LABen kontra jo du ELAk. Nola ulertzen da hori?
Elkarlana une zailetan dago. Eta bistan denez ELAk erabaki du iritzi publikora ateratzea; horretarako behar zuen errelatoa eraikitzen eman ditu azken hilabeteak. Tesia hauxe litzateke: LAB ez dago grebak egiteko prest eta ekintza erreibindikatiborik ezean ez dago ekintza estrategikorik. Irakaskuntza sektorean ditugun desadostasunak erabili ditu adibide gisa. ELArentzat LABek Haurreskolak Patzuergoan, heziketa berezian eta sukalde nahiz garbitzaileen kolektiboetan greba deialdia bertan behera uzteak adierazten du LABek ez duela grebak egiteko borondaterik eta, beraz, horrela ez da posible elkarlana egitea. Tesi horrek ez du ez buru ez buztanik.

Hasteko, irakaskuntza eremuari dagokionez, grebak izan dira akordioak lortzeko aukera ireki dutenak; grebarik egin gabe, ez genituzke lortu ditugun lorpen historikoak eskuratu izango. Gainera, sektorearen %84a suposatzen duen irakasle kolektiboan greba deialdiari eutsi diogu. Zergatik? Orain arteko grebak ez direlako nahikoak izan gure gutxieneko helburuak lortzeko.

Irakaskuntzatik harago fokoa apur bat zabalduz gero, ELAren errelatoa are eta zentzugabeagoa da. Pentsa: Txikik artikulua argitaratu zuen egunean bertan, Alfako langileek (LAB 3, ELA 2) 100 egun bete zituzten greban. Atzera begira, gogoan ditut Nafarroako bozeramaile izan naizen garaiko kasuak non ELAk erabaki zuen greba bertan behera uztea LABen iritziaren kontra, esaterako, Faurecia, Funvera edota Iruñeko hiri garraioa. Hurbilago etorrita, gu izan gara tematu garenak Nafarroako azpikontrata publiko guztietan grebaren aukera mahai gainean jartzen, baldin eta kontratu publikoen legean subrogazioa eta klausula sozialak txertatuko ez balira. EAEri dagokionez, aipatu nezake Euskotren, non ELAk grebaren kontrako jarrera aktiboa izan zuen; edota Bilboko OTA, non greba deialdia bertan behera utzi zuen langile batzarrean adostutako gutxieneko helburuak lortu gabe.

Baina nora eramaten gaitu sindikatu borrokalariena zein den erakusteko lehiak? Gure ustez, inora ere ez. Zintzoak izan gaitezen: LABek naiz ELAk greban konbokatu eta deskonbokatu egiten ditugu unean une borroka prozesu bakoitzaren garapenaz egiten dugun balorazioaren arabera.

Gure ikuspegik, borrokarako estrategia sindikal komun bat eraikitzen jarri beharko genituzke indarrak, grebak eta greben lorpenak elkarrekin kudeatzeko. Horren ordez, ematen du ELAk bere greba ulertzeko modua eta bere erresistentzia kutxa jarri nahi dituela erdigunean.

Guk grebaren aldeko apustu argia egiten dugu, hitzez eta ekintzez. Greba eraginkorrak eta aktiboak egitea defendatzen dugu, helburuak ongi finkatuz eta kasuan kasuko diseinu egokiena eginez, langileei ahalik eta kostu txikiena sortu eta patronalarik ahalik eta presiorik handiena eragiteko. Baditugu grebak sustatzeko gure estrategia (langileen ahalduntzerako ekintza sindikal berritua) eta gure tresnak, besteak beste Borroka Kutxa sendo bat. Baina esan bezala, elkarlanak eskatzen du diseinu komun bat egitea, ez batak bestearena bere egitea.

Ze puntutan dago ELA eta LABen arteko elkarlana?
Urte eta erdi daramagu bi sindikatuok elkarlanean sakontzen. Azaroan gu nahiko baikorrak ginen, argi ikusten genuen bi sindikatuok ahalegin handia egiten ari ginela norberaren posiziotik elkarlanerako urratsa emateko.

Ekintza sindikalari dagokionez, zerbitzu publikoetan grebak sustatzen ari ginen hainbat eremuetan, bereziki EAEn; zerbitzu pribatuetan ere zenbait sektoretan grebetara jotzeko aukera ikusten genuen; eta Industriarako akordio orokor bat jorratzen ari ginen, sektoreko hitzarmenen blokeoa salatu eta enpresaz enpresa hitzarmenak lortzeko borrokak pizteari begira.

Ekintza soziopolitikoari dagokionez, berriz, irailean bi sindikatuok plazaratutako adierazpenak aldaketa sozial eta politikorako burujabetza prozesuan eragiteko potentziala zeukan; elkarrekin aritu ginen, gainera, Kataluniaren aurkako errepresioaren salaketan, EAEko autogobernu ponentzian nahiz Hego Euskal Herriko instituzioek egindako aurrekontuen kritikan. Guk nahi baino motelago ari ginen baina ulertzen genuen ekintza sindikaleko elkarlanean sakontzeak eragin positiboa izango zuela oro har eta, zehazki, ekintza soziopolitikoan.

Alabaina, azarotik aurrera jarrera aldaketa bat antzeman genuen ELAren aldetik. Ekintza sindikalari dagokionez, ELAk elkarlan baterako oinarrizko joko-arauak apurtu zituen, bai Gipuzkoako zabor bilketan baita kolektibitate nagusietako bat den Eurest enpresan. Kasu bietan, ELAk bere kudeaketa propioa egitea lehenetsi zuen elkarlanaren gainetik, elkarren arteko konfiantza urratuz. Euresten kasuan, gainera, estatalizazioaren aurkako borroka ahulduko lukeen akordioa ontzat jo zuen: bertako hitzarmena aplikatzea adostu zuen enpresarekin, baina soilik Bizkaiko langileentzat eta soilik lanean ari direnentzat (ez kontratazio berrientzat) eta gainera klausula onartezin batekin: epaitegiek estatu hitzarmenak lehentasuna duela ebatziz gero, Euresten hitzarmen estatala aplikatuko litzateke.

Bestalde, industrian kezkaz hartu genuen zenbait enpresetan ELAk lanpostuen defentsa erlatibizatu izana; esaterako, Gamesa-Siemensen negoziazio mahaitik bota gintuzten, lanpostuen murrizketa onartzen ez genuelako. Adibide hauek guztiek adierazi ziguten bazirela oinarrizko bi korapilo askatu behar genituenak: elkarlanerako joko-arauak eta estrategia sindikala.

Ekintza soziopolitikoari dagokionez, emandako urratsetan atzera egiteko tentaldia somatu genuen ELArengan. Lantokietan nahiz kalean LAB eta ELAren arteko dinamika sendo bat sustatu eta ezker politikoarekin agenda sozial konpartitu bat egituratzeko erronkari heldu ordez, inmobilismoa eta etsipena elikatzen duten gogoetara bueltatu zen ELA: ez dago ezker politikorik, ez dago benetako oposiziorik, ez dago herri prozesu bat sustatzeko baldintzarik, eta abar.

Non daude ELArekiko desadostasun handienak ekintza sindikalean?
Lehenik eta behin, estrategia sindikal desberdinak ditugu. Sindikatu biok saiatzen ari gara lan erreformak eta prekarizazio prozesuak ezarritako jokaleku berrian sindikalgintza ahalduntzen, baina formula desberdinekin.

Guk sindikalgintza birpentsatzeko prozesu oso bat antolatu dugu eta zenbait erabaki hartu ditugu: patronalarekiko konfrontazio fase bat irekitzea; negoziazio kolektiboaren jokalekua gaindituko duen ekintza sindikal iraunkorra sustatzea; edota klase subjektua berrosatze bidean, langile sektore ezberdinei antolakuntza eta borrokarako eskaintza egitea. ELAk ere egin du bere gogoeta propioa. Zenbait gaitan hurbilpen garrantzitsuak izan ditugu, esaterako negoziazio eremuei dagokionez: biok ikusten dugu sektore hitzarmenak beharrezkoak direla eta biok ikusten dugu, arrazoietan ñabardurak baditugu ere, enpresako hitzarmenen aldeko borrokak piztu behar ditugula.

Baina, bestalde, kezkatuta gaude edukiak “lekuan leku” erlatibizatzeko ELAk duen joerarekin; jakina lekuan leku egokitu beharko dela, baina estrategia sindikal koherente bat garatzea funtsezkoa da guretzat. ELAk ez du beharrik ikusi eztabaida horretan sakontzeko, argudiatuz hobe dela aukerak zeuden eremuetan borroka diseinuak adostea. Baina justuki arazoa da estrategia sindikal desberdinak izateak talkak eragin dituela eremu horietako zenbaitetan, gure arteko elkarlana blokeatuz.

Eta eremu politikoan?
ELAk ez du iraileko adierazpena praktikan garatzeko baldintzarik ikusten, alderdi politikoen artean balizko herri akordioen inguruan sortutako espektatibak kaltegarritzat jotzen dituelako. Guk ere izan badugu eremu politikoan egiten diren interpelazio, eskaintza edota proposamen ezberdinen inguruko gure iritzi propioa. Baina iruditzen zaigu hori ezin dela izan LAB eta ELAren arteko karrila ez aktibatzeko aitzakia. Aitzitik, eztabaida politikoan ikuspegi sozialak indarra hartzea nahi badugu, politika neoliberalen deslegitimazioan eragin nahi badugu, karril hori aktibatzea da egin dezakegun onena.

Hitzetarako baino ekintzetarako uneak dira gure ustez. Martxoaren 8ko greba ikusgarriak edota pentsiodunen mobilizazioek erakusten dute posible dela eremu sozialetik agenda politikoan eragitea. Antola dezagun lan harremanetarako euskal esparruaren aldeko mobilizazio erraldoiak, murgildu gaitezen elkarrekin pentsio sistema propio baten aldeko borrokan, indartu dezagun organizatiboki nahiz politikoki Karta Soziala.

LABek iragarri zuen kurtso hasieran lan munduan borrokak pizteko ikasturtea izango zela aurtengoa eta horretan ari gara.
Kurtso honetan, Kongresuan hartutako erabakiak garatzen hasi gara. Ekintza soziosindikalari dagokionez, orain arte sindikalismoa urruti ikusi duten sektore prekarizatuetara iristeko ari gara lanean. Zentzu honetan, ekimen ibiltari bat egin dugu ia bi hilabetez, Euskal Herriko herri eta auzoetatik barrena. “Ostiral duinak” ekimena antolatzen ari gara, prekarietatearen aurkako ekimena, zenbait herritan. Antolakuntza esperientzia desberdinetatik ikasten ari gara, kale saltzaile eta sexu langileekin batera, tailer sindikalen bitartez. Marxoaren 8ko greba feministan dena eman genuen, eta ekarpen handia egiten ari gara pentsionisten uholdeari.

Bestalde, gure ekintza sindikala berritzen ari gara. Gutxieneko eduki batzuk ezarri ditugu (marra gorriak) esparru guztietarako, eta prekarietatearekin amaitzeko proposamen, neurri eta borroka dinamika sorta zabala osatu dugu. Zentzu honetan, Ekintza Sindikaleko Gida berritzaile bat argitaratu dugu, sektore eta enpresetan borroka mapa bat osatzeko erreferentzia gisa.

Ez da erraza, baina emaitzak ikusi ditugu jada: Carrefour Oiartzun, Stapples, Artiach, La Misericordia, Oreretako Udaleko garbiketa, TRADISA, Transportes PESA, Bellas Artes Museoa, Donostiako Euskotren, CEMOSA, JASO, CAF, Gamesa Asteasu, Prodema, Smarcmec, Plastibor, Rothenberger, Sin Fronteras...

Sektore mailan, akordio onak lortu ditugu, EAEko hezkuntza publikoko kolektibo laboraletan ez ezik, Bizkaiko Elikagaigintza eta Garbiketa eta Gipuzkoako Bide Grabiketa eta Ehunaren Merkataritzako hitzarmenetan eta ikus-entzunezko eta osatalaritzako EAEko akordio markoetan ere.

Ipar Euskal Herrian, alarma sistema bat egituratu dugu enpresetan sektoreko lan baldintzak baino okerragoak ez ezartzeko, Macron Legea indargabetuz, PPren lan erreformaren antzekoa dena.

Sindikatu bezala, sasoi onean gaude, barne kohesio handiarekin, estrategia sindikal berrituarekin eta, gainera, emaitza historikoekin hauteskunde sindikaletan. Hala ere, guretzat sindikatua ez da helburua, tresna bat baizik. Eta langileek pairatzen duten egoera kontutan hartuta, autokonplazientziatik urrundu behar dugu. Patronalarekiko indar korrelazioa hobetzea da helburua, eta, horretarako, sindikatuen arteko aliantzan sakontzea beharrezkoa da.

Egoera politiko eta sozialak eskatzen du indarrak batzea
Zalantzarik gabe. Inboluzio bikoitza bizi dugu. Batetik, IBEX-35aren aginduei jarraiki, inboluzio soziala inposatu digu PP, PSOE eta Ciudadanosek osatzen duten tri-partidismo berrituak. Banketxeak diru publikoz erreskatatu ondoren, Espainiako Konstituzioan zorraren ordainketari lehentasuna ematen dion 135. artikulua txertatu zuten. Gastu mugaren eta zerbitzu publikoetarako inposatutako arauen bidez politika publikoak erabat mugatu dituzte eta pentsio publikoak eraisteko bidean ari dira. Lan munduan, lan erreformak hauspotutako Patronala prekarizazio prozesua sustatzen ari da.

Bestetik, inboluzio politikoan ere urrats berriak ezagutu ditugu. Mozal legea eskutan, Auzitegi Nazionala disidentziaren kontrako zigor onartezinak ezartzen ari da eta Auzitegi Konstituzionalak Hego Euskal Herriko nahiz beste lurraldeetako legebiltzarrek onartutako legeak ezabatzen ari da, esaterako, EAEn 35 orduen legea eta Nafarroan doako osasun unibertsala arautzen duen legea, laguntza farmazeutikoari dagokiona edota etxebizitza eskubidearen ingurukoa. LOAPA berri bat ezartzen ari da tripartidismoa, bere zerbitzura dagoen sistema judizialaren bidez. Eta 155. artikuluak jauzi berri bat suposatu du bide horretan. Horrekin guztiarekin jo puntuan dituzte herritarron eskubideak (egoerarik larrienean direnak gehien kaltetuz, gainera); autogobernua eta erabakitzeko ahalmena; eta demokrazia bera.

Inboluzio bikoitzaren aurrean, erronka bikoitza dugu euskal langileok. Herri ikuspegitik, maila politiko, sozial, ekonomiko nahiz kulturalean erabakiak hartu ahal izateko ahalmen osoa eskuratzea da erronka. Klase nahiz feminismoaren ikuspegitik, ahalmen hori bizitza erdigunean kokatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko erabiltzea da erronka. Lan oro banatzeko, aberastasuna banatzeko, justizia soziala nahiz parekidetasuna bermatzeko, nahi dugu burujabetza.

Erronka bikoitz horretan eragin behar du euskal sindikalgintzak, 2017ko irailean LAB eta ELAk egindako adierazpenaren ildotik. Lantokietako eguneroko ekintza sindikaletik hasi eta kale mailako mobilizazio sozialetara, aldaketa sozial eta politikorako prozesua hauspotzeko eragile izan behar du euskal sindikalgintzak.

Elkarlanari eusteko aukera ikusten duzu?
Orain elkarlana krisian dagoela esan daiteke eta ez dakit zenbat denbora beharko dugun krisia gainditzeko. Gainditu, gainditu egin beharko dugu goiz ala beranduago. Azken batean, elkarlana beharrezkoa da, bai LABentzat, bai ELArentzat baina batez ere euskal langileentzat. Jendeak ez luke ulertuko halako egoeran indarrak ez batzea.

Bi sindikatuok gogor egin beharko dugu lan korapilo ezberdinak askatzeko: elkarlanerako joko-arauak, estrategia sindikal komuna, erresistentzia nahiz borroka kutxen kudeaketa, prozesu politikoan sindikalgintzak izan beharreko funtzioa, ezker esparruaren agenda sozial konpartitua. Presarik gabe baina denbora galdu gabe heldu beharko genioke horri guztiari. LAB prest dago horretarako.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.