LAB SINDIKATUA

2018/05/22 :: 8:20

Azken Eguneraketa:2018/05/21 :: 8:18

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Konponbide bat aurkitzeko prestutasuna azaldu dugu berriro, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoaren gatazkarekin amaitzeko

Partekatu albistea



EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan martxorako iragarritako bi greba egunak erregistratu ditugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Hain zuzen ere, greba egun horiek martxoaren 14 eta 15erako deitu ditugu LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok, urtarrilean egindako agerraldian iragarritako mobilizazio egutegiaren baitan. Erregistroaren harira egindako agerraldian, LABeko ordezkari Aner Petralandak adierazi du orain arte egindako bost greba eta mobilizazioekin egoera aldaraztea lortu dugula, Administrazioak bere jarrera aldatu duelako, nahiz eta eduki gutxi batzuk mahai gaineratu dituen, nahikoa ez direnak. Hala, LAB bukaerarainoko negoziaketetan sakontzeko eta konponbidea lortzeko prest dagoela esan du, beti ere EAJk eta Eusko Jaurlaritzak dagokien erabaki politikoa hartuz gero.

Sindikatuok mobilizazioak abiatu genituenean, administrazioak ez zuela negoziatzeko borondaterik ekarri du gogora Aner Petralandak, baita administrazioak murrizketa gehiago egingo zituela aurreikusia zuela ere. "Bost greba eta mobilizazio ugariren ostean, egoera aldarazi dugu. Administrazioak bere jarrera aldatu du eta eduki gutxi batzuk mahai-gaineratu dituzte; nahikoa ez direnak, hala ere. Horregatik, gaur berriro kalera ateratzeko deia egin nahi dugu", azaldu du LABeko ordezkariak, martxoko bi greba deialdien zergatia azalduz.

"EAJ eta Eusko Jaurlaritzari dei egin nahi diegu gatazka honi irtenbidea emango dion erabaki politikoa har dezan. Behin hori hartuta, LAB prest dago bukaerarainoko negoziaketetan sakontzeko, baina ezinbestekoa da erabaki hori hartzea. Borondate onarekin ez da dena konpontzen", erantsi du Aner Petralandak.

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan ordezkaritza handiena duen sindikatua da LAB.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.