LAB SINDIKATUA

2018/10/16 :: 10:04

Azken Eguneraketa:2018/10/15 :: 12:19

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Garbiñe Aranburu: "Ezker soberanistaren esparruan aliantzak eraikitzen hasteko unea da"

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok agerraldi bat egin dute egungo testuinguruaren azterketa egin eta hemendik aurrerako egitasmo nagusien berri emateko, arlo sindikal, politiko zein sozialean. Hain zuzen ere, Nazio Biltzarrak onartutako txostena aurkeztu dute, eta, azken hilabeteetako gertakari nagusiak aipatzeaz gain, sindikatuaren erronkak jakinarazi dituzte.


"LABek oso argi du, oinarrizko gaiak diren lan harremanak eta babes sozialerako sistema erabakitzeko ahalmenik ez badago, aldaketa sozial erabatekorik ez dagoela edozein jendarte eredu eraiki eta guztiei bizitza duina bermatzeko. Autonomia estatutuak eta Nafarroako amejoramenduak hasieratik izan duten hutsune estrukturala da hori". Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, gaur Bilbon egindako agerraldian esandakoak.

Hain zuzen ere, aldaketa soziala lortzeko burujabetza ezinbestekoa dela berretsi du: "Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu; Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko erabaki ahalmen osoa, hain justu. Estatuarekin ez dago akordio bidez erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukerarik".

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, Espainiako Estatuak ez du lurralde ereduaren auziari irtenbide politiko bat emateko eskaintzarik. Horrenbestez, herri bezala jardun eta burujabetzara iristeko ibilbide orria adostu eta martxan jartzeko unea da: "Orain da momentua. Estatus politiko berrien eztabaida zabalik dago. Katalunian prozesuan aurrera egiteko erabaki berriak hartu behar dituzte eta Euskal Herrian ere gai izan behar dugu erabakitzeko eskubidearen inguruko adostasun berriak eraiki eta ibilbidea marrazteko".

Hala, erronka bikoitza dela adierazi du Garbiñe Aranburuk: "Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunon artean, inboluzio autoritario eta zentralistari herri bezala erantzun behar diogu. Bateraezina da erabakitzeko eskubidea defendatzen dela esan eta 155. artikuluaren defendatzaileekin akordioak egitea. EAJk badaki, herri honi iruzur berri bat egin nahi ez badio, Estatuarekin aurrez aurre jarri beharko duela". Hortaz, burujabetza prozesua ezkerretik indartzea dela bidea dio LABeko idazkari nagusiak: "Prozesu politikoak ez dira neutroak izaten, burujabetza prozesuak eraldaketa sozialean sakontzeko bidea izan behar du. Ezker soberanistaren esparruan aliantzak eraikitzen hasteko unea da. Ezker soberanistan agenda sozial konpartitua behar da eremu politiko, sindikal eta sozialaren artean".

Agenda sozial horretan jaso beharko litzateke erabakitzeko eskubidea jasoko duen marko berri baten alde egiteko estrategia eta marko juridiko politiko berriak izan beharreko gutxieneko eduki sozialak, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez;
EAJ, PSE eta PP bloke neoliberalari aurre egiteko estrategia, alegia. "Gehiengo instituzional berriak eraiki behar dira", zehaztu du Garbiñe Aranburuk. Nafarroan, berriz, aldaketa prozesua egonkortu eta aldaketa prozesu horrek ezkerrera egitea da LABen erronka, GeroaBairen galga hori gaindituz.

"Datozen hilabeteetan gure erronka nagusia ELArekin publiko egin genuen adierazpen sindikalean esaten duguna praktikara eramaten hastea izango da. Gehiengo sindikalaren indar mobilizatzailea ardatz soziala izango duen burujabetza prozesuaren mesedetan ipini behar da", adierazi du LABeko ordezkariak.

Langileekin pedagogia egin eta konpartitu behar den gogoeta dela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk: herri honek nolako burujabetza prozesua behar duen, zergatik eta zertarako aldarrikatzen dugun burujabetza, zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun. "Langileek lotura zuzena ikusi behar dute prekarietatearen kontra egiten ari garen borroka eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokaren artean", azaldu du. "Langileontzat etorkizun hobea nahi dugu, bizi duina nahi dugu. Eredu ekonomiko neoliberal honekin jai daukagu, hazkundea ez da guregana iristen. Prekarietatearen kontrako borroka indartu behar dugu, lantokietan eta kalean. Politika publikoak aldatzeko mobilizazio soziala indartu behar dugu", erantsi du LABeko idazkari nagusiak.

Eskuineko politikak, "euskal labelarekin"
Igor Arroyok, bere aldetik, testuinguruaren azterketaren txostenaren laburpena egin du, eta EAJ, PSE eta PPren arteko akordioek inboluzio sozialean eta politikoan sakontzeko baino ez dutela balio nabarmendu du: "EAJk eskuineko politikak egiten ditu, PPren politika berberak euskal labelarekin". LABeko idazkari nagusi ondokoaren arabera, helburu horrekin "erabakitzeko eskubidea errepresioa erabiliz ukatzen dutenekin edota europako alderdirik korruptoenarekin akordioak egiteko erreparorik ez du" EAJk.

 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.