2024-04-23
Blog

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Gaur lorturikoa zerbait historikoa da, mugarria Osasunbidean, profesional horien lana aitortzen baitu eta osasun publikoaren kalitatean laguntzen baitu, zerbitzuen helburuetan prestakuntza eta parte-hartze erreala bermatuz. Neurriak hiru mila profesional sanitariori baino gehiagori eginen die mesede, eta horrek eginiko lanarekin harro sentiarazten gaitu. Baina, aldi berean, indar handiagoa ematen digu osasun arlokoak ez diren langile guztientzako lanbide karrerako proiektu baten aldeko borrokan jarraitzeko, modu bidegabean lehen akordio honetatik kanpo gelditu baitira; Osasunbideko 2.000 langile inguru dira horiek, gainontzeko langileekin batera eskuz esku lan egiten dutenak.

Diseinuari dagokionez, lanbide karrera desberdina lortzeak aukera ematen die osasun arloko langile guztiei beren lanbide-konpetentzietan garatzeko; karrera profesional horrek, lehendik dauden fakultatiboen eta diplomatuen karrerek nabarmen baldintzaturik egon arren, funtsezko hobekuntzak dakartza, eta hobekuntza horiek Espainiako Estatuko onenen artean kokatzen dute Osasunbidekoa, zerbitzuen kalitatea hobetzeko baldintzei eta proiekzioari dagokienez.

Hilabeteetako lan, analisi eta negoziazioaren ondoren, LABen ez dugu zalantzarik karrera profesionalaren legea gauzatuko dela eta Funtzio Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren oniritzia izanen duela. Duela urtebete, bertze batzuei ezinezkoa iruditzen zitzaien bidea irekitzeko gai izan zen LAB eta, mobilizazioaren eta langile guztien inplikazioaren bidez, bide hori aurrera eramateko gai ere izan ginen. LABen badakigu zein diren gure proiektua gauzatzeko tresnak eta modua, eta ziur gaude horrelako neurriak direla foru administrazioa osatzen duten gainontzeko langileen karrera profesionalaren garapenaren hasiera.

Akordioa lortzen lagundu duten pertsona guztiak zoriontzeko unea da oraingoa, aurrera begiratzekoa eta hasitako bidean aurrera egitekoa, aintzatespen horretatik kanpo gelditu diren Osasunbideko langileak inoiz ahaztu gabe. LABez gain, UGT, USAE eta AFAPNA sindikatuek ere sostengua eman diote gaur lanbide karrerako lege proiektuari.

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.

Ardura falta hori nabarmen geratzen ari da III. Euskara Planaren ezarpenean, plan horretan jasotako epeak ere ez baitira betetzen. Argi dago Osakidetzako aginte-egiturak eskakizun horri izkin egiten diola, eta badirudi erantzukizuneko lanpostuek salbuespena dutela hizkuntza-gaitasunari dagokionez.

Ildo horretan, argi ikusten da zuzendaritzen eta zuzendariordetzen konpromisorik eza. Izan ere, hauei ez zaie hizkuntza-trebakuntzari loturiko ezer eskatzen, honako artikulu hauetan irakur daitekeen bezala:

1.2 Buruzagitza- eta ardura-lanpostuei derrigortasun-data ezartzea:

Euskara-planean 1. lehentasuna duten zerbitzuetan,

derrigortasun–data jarri behar zaie buru- eta arduradun-lanpostu guztiei, eta, 2. lehentasuna duten zerbitzuetan, soilik jarri behar zaie zerbitzuaren gutxieneko daten portzentajea % 50 edo gehiago bada. Esleipen horietatik kanpo geratzen dira zuzendarien, zuzendariordeen eta zuzendariondokoen lanpostuak.

Hori gutxi balitz, gainerako jarduketetarako epeak agortu egin dira, eta horretarako konpromisoa hartua bazegoen ere, ez dira aurrera eraman.

Hala, egoera honakoa da: herritarren hizkuntza-eskubideekin konprometitutako plantillaren zati handi batek euskara ikasteko ahalegina egiten duen bitartean, Osakidetzako zuzendaritzak ez ditu bere gain hartzen erantzukizunak eta ez da betetzen ari euskara-planak ezartzen duena.

Horrez gain, ildo horri jarraikiz erantzukizuneko lanpostuetan hartu behar ziren neurriei buruzko informazioa eskatzen duenean LABek, Osakidetzako zuzendaritzak, informazioa ez helarazteaz gain, Euskara Batzorde Korporatibora bidereatzen du sindikatua. Bada, batzorde hori ez da bildu 2023-06-19az geroztik, eta ez dago aurreikusita epe laburrean berriro elkartzea.

Osakidetzako egungo zuzendaritzak ez dauka euskararekiko inolako konpromisorik, eta arloz arlo aztertuz gero hala egiazta daiteke. Aplikazio informatikoek ez dute informazio bera jasotzen euskaraz eta gaztelaniaz, langile euskaldunak desabantaila-egoera nabarmenean uzten dituztelarik. Era berean, euskararekiko pasibotasun eta konpromiso falta horren ondorioz, UGT bezalako indar sindikalak diskurtso euskarofoboa lantzen ari dira, eta nahiz eta gutxiengo batek jarraitu, badirudi zuzendaritzak berak ereindako joko-zelai aparta dutela horretarako.

Horregatik guztiagatik, LABek Osakidetzari eskatzen dio euskara-plana bete dezala eta gardentasunez egin dezala, gaur-gaurkoz planaren helburuarekiko konpromisorik ez dagoela erakusten duen informazioa ezkutatu gabe. Bestalde, langileen hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzari aurre egiteko behar diren diru-partidak handitu ditzan ere eskatzen dio sindikatuak.

Patronalak negoziazioa bideratu eta grafikagintza sektorean grebak saihesteko atea itxi du

Patronalaren jarrera guztiz immobilistarekin topo egin dugu LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok Bizkaiko sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren hamahirugarren bileran.

Enpresek ez dituzte kontuan hartzen sektoreko langileok egindako ekimenak eta mobilizazioak, zeintzuen bidez errespetua eta hitzarmen duin bat eskatzen baitugu. Patronala aurreko bilerako plataforma berarekin agertu zen negoziazio mahaira. Ez zuen hurbiltze keinurik ere egin.

Enpresen proposamenak dituen murrizketei eutsi diete. Argi eta garbi eskasegiak diren igoerekin, atzerapenik gabe eta, gainera, sindikatuen plataforma bateratuan dauden 10 puntu ia guztiei EZETZA emanez.

Dirudienez, patronal honek hitzarmen bat sinatzea baloratzen du, baldin eta soldata igoeraren zentimo bakoitza sektoreko langileen eskubideen galerarekin lotuta badago, eta hori onartezina da.

Bilera amaitzean, patronalaren ordezkaritzak aretotik alde egin zuen, beste bilera bat egiteko datarik zehaztu gabe, eta hitzarmenaren negoziazioarekiko konpromisorik eza erakutsiz. Ez dakigu zergatik egin zuen hori, baina uste dugu denok erantzukizuna daukagula negoziazio honekiko, eta jarrera horrek agerian uzten du mahaia blokeatzen saiatzen ari dena patronala dela. Negoziazioak aurrera jarraitu behar du.

Bestalde, apirilaren 22an mobilizazioa egin dugu Grafo enpresan 11:00etan, eta gogoratzen dugu programatutako greba egunak apirilaren 29an eta 30ean eta maiatzaren 22an eta 23an izango direla.

Desgaitasunaren itunpeko sektorea Nafarroan: atzerapausorik ez gure lan eskubideetan

Nafarroako Gobernuarekin itundutako desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroetako langileok mobilizatu egiten gara VI. sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egoera publikoki salatzeko.

Negoziazio mahaia joan den otsailaren 1ean eratu zen, eta bertan parte hartzen dugu sindikatuak (ELA-LAB-CCOO-UGT), entitateek/enpresek eta Nafarroako Gobernuak (PAGNA).

Lau sindikatuok plataforma bateratu bat aurkeztu genuen, sektorearen aldarrikapen nagusiak biltzen dituena. Harrezkero, lau negoziazio-bilera egin ditugu.

Gaur mobilizatu egin gara bizi izaten ari garenaren aurrean gure kezka eta haserrea adierazteko. Nafarroako Gobernuak hitzarmen honetarako duen aurrekontua guztiz eskasa da, eta horrek lan-eskubideen murrizketa zuzena dakar. Bestetik, patronalaren erantzuna da sindikatuek proposatutako hobekuntzetako bakar bat ere ez duela onartzen. Baina ez hori bakarrik, haratago ere badoaz, eta egun indarrean dagoen hitzarmenean sartuta dauden eskubideetan atzera egitea ere proposatzen dute. Hori onartezina da, eta argi utzi nahi dugu ez dugula atzerapausorik emango gure lan-eskubideetan.

Sektore honetako langileok urte asko daramatzagu gure lana duintzeko borrokan. Ahalegin mental eta fisiko handia eskatzen duen lana da, jendartearentzat funtsekoa dena. Denbora asko daramagu antolatuta, bai gure lantokietan, bai sektore-mailan; horregatik, iragarri nahi dugu ez dugula inolako murrizketarik onartuko gure lan-baldintzetan.

Gaur, apirilak 22, beste negoziazio-bilera bat egingo dugu, bai Gobernuari bai patronalari proposamenak aldatzeko eskatuko diegu, negoziazioan jarrerak hurbiltzen joan ahal izateko. Horrela ez bada, mobilizazio gehiagorekin jarraituko dugu bidezko hitzarmen bat lortu arte.

Azken garraiolariaren heriotza salatu eta errepidean gertatzen diren lan istripuen kopuru altuaz ohartarazi dugu

Gaur goizean 58 urteko garraiolari bat hil da istripuz Arren, Nafarroa Garaian. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu hildakoaren senide eta lagunei. Eta ohartarazi nahi dugu, eta salatu, 2024. urtean, Euskal Herrian, dagoeneko 21 langile hil direla lanean edo lan istripuz –laneko gaitzen batek jota hil direnak kontuan hartu gabe–, eta horietako zazpi garraiolariak izan direla.

Azken urteetan bereziki salatzen ari garen moduan, garraiolarien artean istripuen intzidentzia oso altua izaten ari da. Hainbat faktore daude intzidentzia horren atzean, baina bada guztien artean gailentzen den arrazoi bat: prekaritatea gero eta hedatuagoa dago sektorean. Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak… Eta horrek guztiak istripuak sortzeko aukerak areagotzen ditu eta, era berean, arazo kardiobaskularrak eragiteko koktel perfektua sortzen du.

LAB sindikatuan sinetsita gaude garraioaren sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko. Jakina, horrek erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa eskatzen du.

Prekaritatea bukatu behar da. Patronalaren inpunitatea bukatu behar da. Eta erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izanen baitira.

Nafarroa Garaiko aurtengo datu lazgarriei dagokienez, aipatu behar da dagoeneko zortzi langile hil direla lanean, lan istripuz edo laneko bidean, eta zortzi horietatik seik errepidearekin izan dutela zerikusia (3 garraiolari, 2 in itinere eta 1 in mision). Hain zuzen ere, apirilaren 25ean, ortzegunarekin, LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok osatzen dugun intersindikalak protesta ekintza bat eginen du Iruñean, garraiolarien eta errepideetako istripuen datu latz horiek salatzeko, baita gaurko heriotza salatzeko ere, noski. 11:30ean izanen da, Gazteluko plazan.

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

ELAk, CCOOk eta UGTk sinatutako akordioak ez du erosahalmena bermatzen, ezta hainbat hilabetez langileek kalean aldarrikatu duten homologazioa ere, eta dakartzan hobekuntza apurrek soilik arlo ekonomikoari eragiten diote.

Gaur Lan Harremanen Kontseiluan izandako bileraren hasieran patronalak egin duen proposamenak soldata igoera batzuk jasotzen ditu (erosahalmena bermatzeko nahikoa ez direnak), eta patronalak aspaldi mahai gainean jarritako ordu-murrizketa bat, baina ez dago bestelako aurrerapenik. LABek ez du sinatu, besteak beste, greba eta mobilizazioetarako aldarrikapen nagusietako bat, hau da, Osakidetzako lankideekiko homologazioa, ez delako aipatu ere egiten.

Azken asteotan LAB bazter utzi eta ibilbide osoa haien artean egin dutenek, ELA, UGT eta CCOO aliantza berriak, sinatu dute aurreakordioa. Hala, kalean borrokan dihardutenei traizio egin diete. Erabakia asanbladara eraman beharko litzateke, langileek beren iritzia eman dezaten.

Osakidetzako kideekiko ekiparazioa ekarriko lukeen homologazio prozesu bat abiatzeko aukera itzela galdu da gaur, lan berdina, soldata berdina lelopean hainbeste borroka egun eta bi hilabeteko greba mugagabea egin ondoren. Eta, dirua egon badago. Hobekuntza horiek ez jasotzeko arrazoia ez da diru falta.

LABek egin zuen proposamenean soldataz haragoko hobekuntzak jasotzen ziren, hala nola ordaindutako eta ordaindu gabeko baldintzei buruzkoak (norberaren aukerako egun libreak, adibidez), lan-poltsak… Bada, dirudienez horiei ez diete inolako garrantzirik eman ez patronalak, ezta sindikatu sinatzaileek ere.

Hurrengo negoziaziorako (2029an hasiko da), enpresetatik helarazitako baldintzen mende egongo dira berriro langileak, eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen ekarpen ekonomikoen baldintzapean, kontuan hartuta, gainera, konkurtso berriaren pleguak aterata egongo direla, eta horrek negoziazioan beharrezkoak ez diren beste blokeo batzuk ekarriko dituela.

Sindikatu sinatzaileek orain positibotzat jotzen dute EAEko lehenengo hitzarmen hartan oinarritutako proposamen bat; izan ere, sindikatu batek baino gehiagok ez zuen sinatu bere garaian, nahikoa ez omen zelako; LABek ordea, bai. Horrenbestez, LABi deigarria egiten zaio artikulu guztiak hartzea, soldata-igoera gehitzea, lanaldia murriztea eta lehen baliogabea zen hitzarmen hori orain akordio ona izatea.

Era berean, harrigarritzat jotzen du aurreakordio honetarako aukeratu den unea, EAEko hauteskundeetarako bi egun falta direnean, eta enpresak eta sindikatu batzuek prozesu hori azkartzeko izandako interesak.

LABek ez du ulertzen aurreakordio hau sinatzea, orain baitzen bat eginda eragiteko eta homologazioa lortzeko unea.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

2024an dagoeneko 20 Euskal langile hil dira istripuz. Zenbaketa hontan ezinezkoa da laneko gaixotasunek eragindako hildako kopurua ezagutzea, Mutualitateek, enpresarien elkarteak direnek, datu hauek ezkutatzen dituztelako.

Gasteizen 54 urteko A.A.C. langile autonomoa hil zen, ostiralean lan istripu oso larria izan ondoren. Autonomoek garesti ordaintzen dute prebentzio eza, izan ere legeak berak bazterturik uzten ditu, hau da, prebentzio legeak ez die eragiten (salbuespen gutxi batzuez gain). Salatu behar dugu administrazioak autonomoak gutxiesten dituela, bigarren mailako langile bezala hartzen baititu. Badira hainbat faktore gainera autonomoek pairatzen duten prekarizazio honen atzean: askotan “autonomo-faltsu” bezala aritu behar izatea, langile bezala eskubide asko galduz edota lana eta bezeroak ez galtzeagatik arrisku egoerak beraien gain hartu izaten dituzte, muturreko prekarietatearen adibidea azken hau.

Urteak daramatzagu salatzen patronalak ez duela lan osasunerako araudia betetzen, agintarien beste alde batera begiratzen dutela. Ekuazio honetan autonomoak dira gainera azken katebegia.

Gaur, Urkullu lehendakariari eta bere patronal lagunei zuzentzen diegun azken kontzentrazioa da. Ziklo baten amaiera. 2012ko abenduan kargua hartu zuenetik 444 langile hil dira lan istriputan (laneko gaixotutasunez hildakoez aparte). Hau da Urkulluren legatua, bere zerrenda beltza. Askotan ikusi dugu lehendakaria bere lagun enpresariekin, absentismoa izan du askotan hizpide, sindikalisten aurrez aurre jartzen,… baina ezer ez lan istripuen inguruan. 444 langile ez dira bueltatu etxera bizirik eta lehendakariak ez du egin inolako adierazpenik, ez du hartu erabakirik eta babestu du patronalaren inpunitatea.

Kasu esanguratsuena Zalbibarreko zabortegikoa izan zen, zeinetan 2 langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, hilda zeudenean Urkulluk ez zuen ezertxo ere egin nahi eta azkenean herri presioaren eraginez hara joan behar izan zen arrastakak ia-ia. Pasarte horrek ondo islatzen du patronalaren inpunitatea eta instituzioen utzikeria, segurtasun neurriak, baita ingurugirokoak ere, bete gabe langileak hiltzen direnean.

Eta hori da gaur berriro ere exijitzen duguna: patronalak legea ez betetzeko inpunitatearekin amaitu behar dela, erabaki politikoak hartu behar direla eta langileon bizitza eta osasuna agenda politikoan egon behar direla.

Honi guztiari buelta emateko ordua iritsi da, instituzioetan, lantokietan, kalean,… eta horretan lanean jarraituko dugu gaur Gasteizen elkartu garen sindikatuok.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.

Urteak igaro ditugu mugimendu sozial eta sindikalak gutxieneko pentsioak osagarritzea eta bizi baldintza duinen aldeko borrokan. Milaka pertsonak hartu ditugu kaleak, pentsiodunen mugimenduarekin modu iraunkorrean eta sarri bestelako sindikatu eta eragileekin elkarlanean. Agerikoa da eskariak oinarri eta babes zabala dituela.

LABek egindako azken azterketaren arabera, 2023ko abenduan 217.246 pentsiodun ziren Hego Euskal Herrian 1080 euro azpiko pentsioa jasotzen dutenak (guztien %33,3) . Hauen %68,8 emakumeak dira. Modu berean, pobreziaren atalasera heltzeko pentsioa osagarritu behar dutenak 80.000 dira, eta lautik hiru, emakumeak.

Bizitzaren garestitzea etenik gabe areagotzen ari den une honetan, zerbitzu publikoak indartu eta pentsioak gutxieneko soldatari atxikitzea ezinbestekoa da. Bide horretan, Europako Eskubide Sozialen Kartaren arabera, gutxieneko soldatak lurraldean ezarritako soldataren bataz bestekoaren %60 izan behar du. LABen azterketaren arabera, 1400 eurotan kokatu beharko litzateke, beraz, Euskal Herrian. Hortaz, gutxieneko pentsioa 1260 eurokoa izan beharko litzateke (gutxieneko soldataren %90). Hauexek dira modu duinean bizitzeko euskal langile eta pentsiodunok behar beharrezkoak ditugun diru sarrerak.

Horregatik, atzo bertan LAB zerbitzu publikoen defentsan mobilizatu zen Bilbon. Horregatik ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako eskariak eta Gasteizen atzo iragarritako Legez Besteko Proposamena urgentziazkoa dela deritzogu. Madriletik ezarritako erreforma eta erabakiek ez dizkigute eskaintzen gure errealitatearen araberako babes sistemarik, eta ezinbestean sistema publikoa bertan hobetu eta osagarritu behar da. Gutxieneko pentsioa osagarritzeko moduak arakatzea premiazkoa zaigu, DSBE errenta baldintzatuaren eredutik aldendu eta egiturazko neurriak hartzeko ordua da. Aurrekontutan AHTari esleitutako gastu partidak pentsioetan inbertitzeko erabakiak behar dira.

EHPM-k mahai gainean jarritako proposamenak egingarriak dira. LABek ere baditu bereak. Pentsio duinak bematzeko eta gizarteak adieneko emakumeekin duen zor patriarkala aitortu eta ordaintzeko herri eztabaida, konpromisoa eta borondate politikoa exijitzen ditugu. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako euskal esparruaren defentsa eta eraikuntza dira sindikatu honen ustez euskal langileon bizi baldintzak duindu eta bermatzeko tresna eraginkorrak. Horren alde borrokan jarraituko dugu kalean, lantokietan eta baita insituzioetan ere.

24 orduko jardunaldiaren ostean bi orduko lanuztea egingo dugu gaur Ugaon, Envases enpresako langileek eta gizarte eragileek deituta

Envases enpresako langileak greban daude apirilaren 8az geroztik, multinazionalak duela hilabete baino gehiago aurkeztu zuen enplegu-erregulazioko espedientea dela eta.

Behin baino gehiagotan salatu den bezala, EEE hau ez da enpresaren balizko zailtasun egoera batek eraginda etorri. Benetako arrazoia enpresak deslokalizazio-prozesu bat abian jartzeko hartu duen aldebakarreko erabakia da. Prozesu horretan, Ugaoko lan-zentroaren ekoizpenaren zati bat Leon eta Holandako lantegietara eramatea erabaki du enpresak.

Ekoizpenaren zati horren deslokalizazioak oso arrisku larrian jartzen du lantegiaren etorkizuna; izan ere, egun 103 pertsonak lan egiten dute bertan, eta EEE honetan langileen ia %50 kaleratu nahi dute.

Hainbat mobilizazio egin dituzte langileek beren egoeraren berri emateko, era guztietako ekimen eta ekitaldiak aurrera eraman dituztelarik.

Orain, atzo hasita, langileek, eragile eta erakunde sozialekin batera, 24 orduko jardunaldi batean parte hartzeko deialdia luzatu dute hainbat ekimen burutzeko. Jardunaldia gaur amaituko da, udalerri osoan deitutako bi orduko lanuztea hasi baino ordubete lehenago.

Ekimen hauen bidez, plantillaren zein udalerriaren egoera salatu nahi da.

Langileak zaurgarritasun-egoera larrian daude inolako eskrupulurik ez duen multinazional baten aurrean, aberastasun gehiago metatzeko irrika nola ase besterik ez duena buruan, aberastasun hori beren ahaleginaren bidez sortzen ari diren pertsonen bizitzari erreparatu gabe. Baina deslokalizazio horrek Ugaoko udalerriari ere kalte egiten dio, bere industria-ehuna desegiten ari dela ikusten baitu udalerriak, herriko enpresarik handiena bere ekoizpena lekualdatuz, eta beste enpresa batzuei ere zeharka eraginez.

24 orduko jardunaldi hori eta ondoren deitutako bi orduko lanuztea, Ugaoko Udaletxetik 19:30ean hasiko den mobilizazio batekin amaituko da. Mobilizazio horretan, hauteskunde-kanpainaren amaierako mitinak ematen ariko diren pertsona horiei, arduradun politiko horiei, langileak babesteko politikak ezar ditzaten, deslokalizazio eta eraispen industrialeko prozesuak zailtzen dituzten legeak sor ditzaten eta errotuta dagoen industria baten alde egin dezaten eskatuko zaie.