LAB SINDIKATUA

2017/06/26 :: 5:25

Azken Eguneraketa:2017/06/23 :: 9:38

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Nafarroan ere EAEn lortutako antzeko akordio bat sinatzeko deia egin dugu

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea

Sindikatu nagusienak eta Confebask patronalak atzo EAEn sinatu genuen akordioaren arabera, hitzarmen autonomikoek lehentasuna izango dute estatu mailakoen aurrean. Nafarroako lan hitzarmen ezberdinetako mahaietan LABek behin eta berriz aldarrikatu duen aldarrikapena da hori, hain zuzen ere.

Nafarroan adostutakoak lehentasuna izatea aldarrikapen demokratikoa da. Baina gainera, zentzuzko zerbait ere bada: Nafarroako hitzarmenak Nafarroako egoera sozioekonomikoan oinarritzen dira eta lan-baldintza hobeak dauzkate, beraz nola ez da izango desiragarria estatu mailakoen gainetik egotea?

Alabaina, orain arte ezezko bikoitzarekin topatu gara: alde batetik, CEN patronalaren ezezkoa, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren bidez lan baldintzak prekarizatzeko asmoa duelako; bestetik, UGT eta CCOOen ezezkoa, zeinentzat euren nazionalismoa garrantzitsuagoa baita Nafarroako langile klasearen interesak baino. Zapateroren lan erreformak ireki zizkion ateak negoziazio kolektiboaren estatalizazioari, baina CEOE patronala eta UGT nahiz CCOO sindikatuak dira, Madrilen, geure negoziazio ahalmena mugatzen dituzten hitzarmenak sinatzen ari direnak.

Egoera kezkagarria da. Herrialdeko hitzarmenik gabeko sektoreez gain (Kimikak, Hirugarren adineko egoitzak edota Saltoki Handiak), estatu mailako hitzarmena gailendu den sektoreak ditugu (Kolektibitateak, Drogeriak, Grafikagintza), baita hainbat arloren gaineko estatu mailako monopolioa ezarri dutenak ere (Metalgintza, Garbiketa). Horren ondorioz, milaka nafar langileren lan baldintzak okertu egin dira eta beste milaka batzuk horren mehatxua bizi dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) sinatutako akordioak argi eta garbi erakusten du hitzarmen autonomikoen lehentasuna ezartzea erabat posiblea, logikoa eta normala dela. Patronalak, UGTk eta CCOOek orain arteko jarrera zuzendu eta EAEn sinatzen duten hori Nafarroarako ere onar dezaten espero dugu. Bestela, nafar langileak zigortuko bailituzkete interes arrotzengatik.

Azkenik, Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu Nafarroan horrelako akordio interprofesional bat lortzeko baldintzak sortzen lagundu dezan.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu