LAB SINDIKATUA

2018/09/18 :: 17:38

Azken Eguneraketa:2018/09/18 :: 7:32

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Lan arautegian eta babes sozial gaietan ahalmen legegile osoa eskatzen diogu estatus berriari

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak agerraldi bat egin dute gaur EAEko Estatutu Berriak jaso beharko lituzkeen edukien berri emateko, Gasteizko Legebiltzarrak hartutako erabakien ondoren. "Irekitzen den eskenatoki berrian ere euskal sindikatuok jokatu beharreko papera determinantea dela deritzogu LABetik: borroka egin beharko da eremu sozial eta sindikaletik, herri aktibazioaren bidetik, euskal langile klasearen interesak jasoak izan daitezen akordio honen garapenean", nabarmendu du Garbiñe Aranburuk. Zentzu honetan, euskal esparrua defendatzen duten sindikatuei bilerak eskatuko dizkiegula jakinarazi du idazkari nagusiak, baita gainerako talde parlamentarioei ere, alderdi konstituzionalistei izan ezik.

Erabakitzeko eskubidea oinarri eta langileon lan eta bizi baldintza duinak helburu hartuta, estatus berriak euskal langileoi dagozkigun gaietan politika propioak garatzeko aukera eman behar digu, besteren artean, soldata arrakalarekin amaitzeko eta 1.200 euroko gutxieneko soldata nahiz 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko.

LAB eta estatus politiko berria
Euskal Herrian burujabetza falta dugu garrantzia betekoak diren gai ezberdinen inguruan erabakiak hartu ahal izateko, besteak beste, lan araudia, Negoziazio kolektiboa, pentsioak, politika ekonomikoak, politika publikoak, finantza sektorea, energia,... Eta erabakiak hartzeko ahalmen ezak eragin zuzena du euskal langileon egungo eta etorkizuneko lan eta bizi baldintzetan.

Egungo eredu ekonomikoak ez die erantzuten euskal gehiengo sozialaren beharrei. Lan harremanetarako eta babes sozialerako eredua, indarrean duguna, agortua dago eta ez da aski gaurko egoera ekonomiko eta sozialari aurre egiteko.

EAEn Indarrean dagoen autonomia estatutuak hasieratik izan du hutsune estruktural bat. Erabakitzeko eskubidea ez da aitortzen eta enplegu eta babes sozial gaietan ez du ahalmen legegile osoa bermatzen. Ondorioz, azken hamarkadetan espainiar estatuan erabaki diren erreforma eta murrizketa guztiak inposatu zaizkigu, Estatutik datorren prekarizazio prozesua ezarri zaigu.

Ez gaude autonomia estatutua eskuduntza berri batzuekin eguneratzeko fasean, eta estatutu hori gainditu egin behar da.

Estatus berri bat behar eta nahi dugu, eremu soziolaboralean eta sozioekonomokian ahalmen legegile osoak bermatuko dizkiguna. Ahalmen legegileari dagokionez menpekotasuna izateak pobretu egiten gaitu. Burujabetza politikorik ezak ahuldu egiten gaitu eta ondorio zuzenak ditu lan munduan, jendartean eta esparru politikoan. Eskuduntza normatiboak beharrezkoak dira bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat egituratzeko bidean. Eta hor kokatzen du LABek estatus politiko berriaren funtsa: herritar guztiei lan eta bizitza duina bermatzeko ahalmen politiko eta tresna instituzionalak edukitzea. Estatus politiko berriak, euskal langileon erabaki ahalmen osoa ziurtatu dezala, enplegu eta babes sozial gaietan ahalmen legegile osoa eta eskuduntza guztiak bermatu ditzala.

Erabakitzeko ahalmena burura eramanez, lan harremanei eta babes sozialari eta esparru sozioekonomiko propio bati dagozkion gaietan politika propioak garatu ahal izateko tresna instituzionalak behar dira, enplegu eta babes sozialari dagozkion politikak antolatu, kudeatu eta finantzatzeko gaitasun osoa izango duten tresnak, eta aldi berean, Euskal Herriko gainerako lurraldeekin estrategia konbergenteak sustatuko dituztenak.

Negoziazio kolektiboko akordioek gaitasun eta berme osoak behar dituzte, nola eremu publikoan, hala pribatuan. Konkurrentziarik gabe, euskal esparruaren gainetik bestelako legediarik izan gabe, eta gure lurralde eremutik haratagoko akordioen eraginetik salbu.

Eredu ekonomiko eta sozial berri baten definiziorako, beraz, Estatus politiko berriak Lan Harremanetaratako eta Babes Sozialera Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propioa eraikitzeko aukera bermatu behar du:

1. Lan Kode propioa – langile estatuto propioa izateko:
• Lan produktiboa eta erreproduktiboa aintzat hartuko duena
• 35 orduko lanastea oinarri, enplegu banaketa eta enplegu duina ziurtatuko duena
• 1200 euroko gutxieneko soldata ezarri eta arautuko duena.
• Soldata arrakalarekin eta diskriminazio egoera ororekin amaitu eta kolektibo guztien aukera berdintasuna bermatuko duena
• Lan osasuna eskubidea izango dena
• Hizkuntz eskubideak bermatuko dituena

2. Gizarte Segurantzako lege propioa izateko:
• Pentsio sistema, kontributibo zein ez kontributiboa arautzeko.
• 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko
• Langabezi prestazioak erabaki eta arautzeko
• Babes sozialerako sistema propioa sortzeko

3. Negoziazio kolektiborako marko propioa ziurtatzeko:
• EAEko langilerik ez estatuko hitzarmenen menpe
• Patronalaren aldebakartasunarekin amaitu eta lan harremanen demokratizazioa
• Negoziazio eredu berria, negoziazio kolektiboa, soldata eta lan baldintzak hobetu, prekarizazio prozesuari aurre egin eta aberastasunaren birbanaketarako tresna izan dadin

4. Funtzio publikoaren legea:
• Langile publikoen lan baldintzak bertan arautzeko
• Sektore publikoa indartuz, zerbitzu publiko eredu propioa garatu ahal izateko

5. Politika ekonomiko eta garapen eredu propio bat garatzeko aukera:
• Zerga politikan burujabetza osoa
• Energia burujabetza
• Finantza burujabetza
• Elikadura burujabetza

6. Lan harreman eredu propioa garatzeko bitartekoak:
• Enplegu zerbitzua: enplegu politika aktibo eta pasiboak kudeatzeko
• Lan auzitegia eta laneko ikuskaritza
• Lan osasuna zaintzeko sistema publiko integrala
• Prestakuntzarako sistema propioa
• Euskal pentsio sistema arautu, kudeatu eta finantzatzeko erakunde publikoa

Horiek guztiak bermatuko dituzten erakundeak

"Langileen interesak defendatzea dagokigu"
Gaurko prentsaurrekoan, Garbiñe Aranburuk oso garbi adierazi du LABen jarrera. 

Zertarako estatus berria? Estatus politiko berria nahi dugu bizi dugun prekarizazio prozesuari aurre egin eta langileon bizitza duina bermatzeko bitarteko juridiko eta politiko berriak izateko.

EAJ eta EHBilduk adosturiko oinarri eta printzipioak: positiboki baloratzen dugun akordioa da, akordio garrantzitsua. Herriari hitza eman eta erabakitzeko eskubidean oinarritzen den estatus politiko berri bati buruz ari garelako, hainbestetan aldarrikatu dugun, hainbeste borrokatu dugun, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrurako  bidea egiteko aukera ematen duen akordioa da.

Abiapuntu egokia jartzen duela uste dugu. Hala ere, estatus berriak eduki hauek bermatzea borroka bat izango da. Eta guri borroka horretan langileen interesak defendatzea dagokigu.

Akordio hau testu artikulatura eramatean ziurtatu behar da, erabaki ahalmen osoa dugula, eskuduntzak aitortzearekin batera inolako injerentziarik gabe, marko propioa eraikitzeko aukera dugula, euskal langileon estatutua garatzeko aukera dugula edota pentsioak hemen erabakitzeko aukera dugula. Era berean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan jasotzen diren oinarrizko eskubideak ere bermatu beharko ditu.

Estatusarena borroka bat izango dela esaten dugunean, aurkari argiak ikusten ditugulako da, alderdi konstituzionalistak eta CONFEBASKen ordezkatzen duen elite patronala.

Alderdi konstituzionalisten jarrera argia izan da (PSE eta PP). Ez dago beraiekin estatus politiko berri bat adosteko aukerarik.

CONFEBASK: Ez du eukal markorik nahi, ez du estatus politiko berririk behar, estatuko markoaren menpe jarraitzeak prekarizazioaren bidetik jarraitzeko aukera gehiago ematen diolako. Ez dute estatus berririk behar, ez nahi. Guk langileon interesak defendatzeko aukera gehiago izatea nahi dugu.

EAJrekiko mesfidati, ahots desberdinak. Adostasun zabalagoak nahi izatea ondo dago, baina erabakitzeko eskubidea aitortzen eta errespetatzen ez dutenak akordiora batzeko, ezarri den abiapuntutik jaistea herri honen gehiengoaren borondatearen kontrakoa izango litzateke. Mesfidati gaude ere patronalaren interesen kontrakoa den Lan Harremanak eta Babes Sozialerako euskal esparrua bermatzeko zenbaterainoko indarra jarriko duen ikusteko orduan.

Podemos: ez dugu bat egiten bere jarrerarekin. LABek ere herritarrei bizitza duina bermatzeko nahi du estatus politiko berria, LABek ere eredu sozialaz hitz egin nahi du. Oinarrizko eskubideak bermatzeko ezinbestekoa da erabaki ahalmena izatea.

Prozesu parte hartzailea eskatzen dugu
Instituzioen zeregina da herritarren kezkei bide ematea. Langileon egunerokoan eragina izango duten erabakiak ezin dira Parlamentuko lau pareten barruan hartu. Eragile sozial eta sindikalok asko dugu esateko eta eztabaida prozesuak gure parte hartzea bermatu beharko luke.

LABetik eztabaida honetan guztian eragile aktibo izan nahi dugu. Badugu zer proposatu. Ez dugu markoaz eta eskumenez bakarrik hitz egiten, baita ere marko horrek bermatu behar dituen eskubideez ere.

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eta esparru sozioekonomiko propioaren sorrera euskal gehiengo sindikalaren aldarrikapen historikoa izan da. Eta irekitzen den eskenatoki berrian ere euskal sindikatuok jokatu beharreko papera determinantea dela deritzogu LABetik: borroka egin beharko da eremu sozial eta sindikaletik, herri aktibazioaren bidetik, euskal langile klasearen interesak jasoak izan daitezen akordio honen garapenean.

Erronda sindikatu eta alderdiekin
• Euskal Esparrua defendatzen duten sindikatuekin bilerak eskatuko ditugu. Estatusak ziurtatu beharreko gutxienekoen inguruan posizio bateratu bat adosteko gai izan beharko genukeela iruditzen zaigu. Euskal gehiengo sindikalak Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomikoaren alde ez borrokatzeak patronalaren mesedetan eta honen neurrirako politikak egiten dituen EAJren estrategia laguntzen du.

• Alderdi konstituzionalistekin izan ezik, gainerako talde parlamentarioei ere bilerak eskatuko dizkiegu.

 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.