LAB SINDIKATUA

2017/11/23 :: 2:32

Azken Eguneraketa:2017/11/22 :: 14:42

HIZKUNTZA
Hemen zaude: LAB SINDIKATUA ARGITALPENAK IRAULTZEN Garbiñe Aranburu: "Ezkerreko eragileen artean aliantzak eraikitzea da gure apustua"

Garbiñe Aranburu: "Ezkerreko eragileen artean aliantzak eraikitzea da gure apustua"




9. Biltzar Nagusian LABen Idazkari Nagusi berria izateko aho batez hautatua izan da Garbiñe Aranburu. Etxeko lanak eginda iritsi da sindikatua Biltzar Nagusi honetara eta beste horrenbeste jarri dizkio bere buruari datozen urteei begira. Arlo politiko, sindikal eta sozialari begira lan egiteko borondatea du LABek eta guztiak izan ditu aipagai Garbiñe Aranburuk, "Iraultzen" aldizkariaren azken zenbakian egindako elkarrizketan.

LABeko idazkari nagusi berria zara, nola ikusten duzu zure burua?

Ardura eta erantzukizun handiarekin, baina era berean ilusioz betea. Hasteko, azpimarratu nahiko nuke sindikatua dagoen lekura iritsi dela aurretik beste batzuk lan asko egin dutelako. Konkretuki, pertsona batzuk aipatu nahiko nituzke, haiekin egin dudalako nire ibilbidea zuzendaritzan eta haiekin konpartitu ditudalako azken urteak eta militantzia. Lehenik, Rafa Diez aipatu nahiko nuke. LABeko Idazkari Nagusi zela sartu nintzen zuzendaritzan, 2004ean. Ez du Biltzar Nagusian parte hartzeko aukerarik izan berriro. Jabi Garnika eta Ainhoa Etxaidek egindako lana ere ez dut ahaztu nahi, Biltzar Nagusi honetan zuzendaritza ardurak utzi dituzte eta haiekin ibilbide luzea egitea tokatu zait. Aipatu ditudan lagun horiek eta beste batzuk egindako lanagatik ez balitz, sindikatua ez litzateke egongo gaur egun dagoen lekuan.

Eta sindikatua?

Sindikatua osasuntsu ikusten dut. Ordezkaritza mailan eta ordezkaritzari dagokionez hazten joan da. Momentu honetan bigarren sindikatua gara EAEn, Nafarroan ere inoiz baino ordezkaritza altuagoa dugu %15eko langa gaindituta eta Ipar Euskal Herrian azken hauteskundeetan oso emaitza onak lortu ditugu. Niri egoera hau egonkortzea gustatuko litzaidake, atzera pausorik ez ematea. Bestalde, sindikatu kohesionatu bat ikusten dut. Eredu sindikala berritzeko eztabaida prozesu oso bat martxan jartzeko gai izan den sindikatua da gurea.

9. Biltzar Nagusi honetan erronka mardulak jarri dizkio LABek bere buruari. Prozesua bera ezberdina izan da parte hartzea bultzatzeari begira.

Biltzar honetan hainbat berritasun izan dira. Gure helburua ahalik eta prozesu partehartzaileena izatea zen. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi genuen. Eztabaida prozesua jarraitzeko bideak erraztu asmoz, bitarteko berriak eskaini dizkiegu militanteei. Aplikazio berezi bat martxan jarri dugu afiliazioari prozesuaren jarraipena errazteko asmoz eta Biltzar Nagusiaren inguruko informazio guztia eskura izan zezan. Horrez gain, solasaldi sorta bat ere egin dugu Biltzar Nagusiko eztabaidan landu izan ditugun gai nagusien inguruan gehiago sakontzeko. Aurtengoan zuzendaritza aukeratzeko modua ere berria izan da, hau da, azken bi Biltzar Nagusietan zerrenda itxien bidez aukeratu zen Nazio Komitea eta oraingo honetan hautagaitza alternatiboak aurkezteko aukera egon da. Uste dugu aldaketa hau modu positiboan baloratu dela.



Ponentzietan hala jasotzen zen eta hala onartu da: feminismoruntz urrats berriak emango ditu sindikatuak. Zehaztuko al zenizkiguke?


Berritasun nagusia kapitalarekin dugun gatazka birdimentsionatzea izango da. Birdimentsionatze horrek eramango gaitu feminismoan sakondu eta urrats berriak ematera. Gure burua feministatzat aldarrikatzetik praktika feministaruntz urrats berriak emateko erabakia hartu dugu Biltzar Nagusi honetan. Urrats berri horiek emateko aipatutako kapital/bizitza gatazkari erantzungo dion estrategia sozio-sindikala garatuko dugu.

Bestalde, antolakuntza mailan ere erabaki berriak etorriko dira. Alde batetik, idazkaritza feminista indartuko dugu bitarteko gehiago jarriz, eta, bestalde, eskola feminista bat martxan jartzea erabaki dugu. Eskola hau formakuntzarako gune bat izango da, sindikatuko kideak lerro feminista horretan sakontzeko aukera emango diena.

Diozun bezala, Biltzar Nagusi honetako aldaketa handietariko bat kapital/lana gatazkatik kapital/bizitza gatazkara pasatzea izan da. Zer esan nahi du horrek?

Momentu honetan kapitalismoarekin dugun talka horri dimentsio berri bat eman nahi diogu. Kapitala eta lanaren arteko talka bere horretan mantendu baino, areagotu egin da azken urteetan. Horregatik iruditzen zaigu dimentsio berri bat eman behar diogula. Hain zuzen ere, garbi dago kapitalarentzat errentak eskuratzeko eremu nagusia lan harremanetan dagoela, lan harremanak prekarizatuz, soldaten eta lan baldintzen eraispenaren bidez. Lan harremanetan ematen ari den desarautze horren bitartez kapitala aberastasuna eta boterea pilatzen ari da.

Gure iritziz, egoera aztertzerako orduan bestelako faktoreak kontutan hartu behar dira. Hala nola, kontutan izan behar dugu lanak bere osotasunean aitortu gabe jarraitzen duela. Hau da, lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko banaketak bere horretan jarraitzen du eta horrek emakumeenganako zapalkuntza bat suposatzen du. Gainera, lan mundura sartzen garenean bigarren mailako langile gisa kontsideratuak gara eta horrek dakar prekarietate maila altuagoa pairatzea eta soldata baxuagoak izatea.

Kontuan izan behar dugu ere sektore publikoan ematen ari den pribatizazio eta merkantilizazioa, baita aplikatu diren murrizketak ere. Bestalde hainbat eskubide, etxebizitza eskubidea adibidez, garatzeko aukerarik ere ez da egon. Gainera ez dago babes sozial sistema egokirik eta inoiz behar beste garatua izan ez den ongizate estatu horretan azken urteetan murrizketak izan dira. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den diru sarrerak bermatzeko errentarekinarekin. Honekin guztiarekin batera naturaren neurrigabeko ustiapen baten aurrean gaude.
Horrek guztiak eredu hau ez dela jasangarria, ez dela bizigarria, esatera garamatza, eta, horregatik, kapitaralarekin daukagun gatazka kapitala eta bizitzaren arteko gatazka gisa ezaugarritu behar dela diogu.

Ildo honetatik iritsi da ekintza soziala garatzeko beharra?

Bai. Bizitza duinerako eskubidea jarri behar dugu erdigunean eta horrek lan munduan ematen den prekarizazio prozesuari aurre egin behar izatea dakar. Horrekin batera, argi dugu ezin dugula mugatu soldatapeko langileen lan baldintzen hobekuntzara, langile kolektibo guztiei eskaini behar dizkiegu alternatibak. Eta LAB izan behar da erreferente bat langile kolektibo horientzat guztientzat. Alde batetik, gure praktika sindikalak eta antolatzeko moldeak egokituz, eta, bestetik, bizitzaren prekarizaziori aurre egingo dion eredu alternatibo baten, bestelako eredu sozio-ekonomiko baten eraikuntzan sakonduz. Horrek ekintza sozialeko egitura garatzeko beharra eskatzen du.




Horrek guztiak antolakuntzan eragina izango du. Zein izango dira aldaketa nagusiak?


Aldaketa nagusia egitura bera sortzea eta indartzea izango da, federazioen pare jartzea ekintza sozialeko egitura hori. Federazioen pare jartzeak esan nahi du zuzendaritzatik eskualdeetaraino izango duela garapena. Bertan Karta Soziala, ekosozialismoa, politika publikoak edo pentsiodunena bezalako gaiak landuko ditugu. Horrez gain, kolektibo ezberdinekin aliantzak eraikitzeko bidea izango da. Gai hauek orain arte landu badira ere, egitura honen sorrerarekin lanketa indartzea erabaki dugu.

Eskubide Sozialen Kartaren bidez zabaldutako bidea ere erabakigarria izango da egoera sozialari aurre egiteko orduan?

Guretzat, eta ponentzian hala jasotzen dugu, tresna estrategiko bat da. Burujabetza prozesuak eratzailea izan behar du, hau da, estatugintza prozesu bat. Eta, gure ustez eraldatzailea ere izan behar du, gaur egungo eredutik eredu berrira eramango gaituen prozesu bat izan behar du eta horretarako iruditzen zaigu karta soziala bitarteko ezinbestekoa dela. Hau diogu Eskubide Sozialen Kartan gehiengo sozial eta sindikal zabal bat elkartzen garelako eta gehiengo horrek eraldaketaren aldeko apustu argi bat egiten duelako. Gainera, Karta osatzen dugun eragileok eraldaketa horretarako burujabetza beharrezkoa dela defenditzen dugu. Iruditzen zaigu, burujabetza prozesua aldarrikatzen dugunean, kartak paper garrantzitsua duela. Beraz, gure apustua Eskubide Sozialen Karta indartzea izango da.

Azken hilabeteetan ELArekiko gerturatze bat egon da. Bide honetatik jarraitzea garrantzitsua da?

Egia da azken urteetan ELArekin desberdintasun handiak izan ditugula, estrategia ezberdinak eraman ditugula aurrera. Ponentzian azaltzen genuen bezala, kapital/bizitza gatazkaren aurrean beste eredu bat eraiki behar da, eta, horretarako, estatu propio bat behar dugu, euskal errepublika. Gure ustez, burujabetza prozesu oso bati esker iritsiko gara helmugara, eta erronka horretarako aliantzak behar ditugu.

Aliantzen atalean ELA da gure aliatu nagusia. Esparru politikoan zein esparru sozial eta sindikalean elkarlanean aritzeak aukera handiak emango lituzkeela uste dugu. Patronala eta kapitalaren aurrean konfrontazioa indartu behar dugu, baita instituzioen aurrean interpelazio gaitasuna handitu ere, bestelako politika publikoak egitera behartzeko. Horrez gain, sindikalgintza abertzaleak zer esan handia du herri honek behar duen burujabetza prozesua sustatu eta ardatz sozialaren gainean garatu dadin.

ETAren armagabetzea burutu ostean, zer nolako urratsak eman beharko lirateke, zuen ustez, euskal gatazkaren konponbidean.

Zentzu horretan, Biltzar Nagusian ebazpen bat onartu dugu. Ebazpen horretan elementu desberdinak jasotzen ditugu, baina, gure ustez, momentu honetan lehentasunezkoa da preso eta iheslarien aferari irtenbidea ematea, hau da, larriki gaixo dauden preso guztiak baldintza gabe askatzea eta euskal preso eta iheslari politiko guztiak askatzeko prozesua abiatzea. Beraz, datozen hilabeteetan gure indarrak horretan jarriko ditugu.

Zentzu honetan, zer lanketa aurreikusten da?

LABen datorren urteko plangintzan lerro nagusienetariko bat izango da honako hau, baina ikusi beharko da zer urrats emango ditugun. Gai honen inguruan, kurtso honetan hainbat ekimen burutu dira. Besteak beste Ireki ekimena aipatuko nuke. Datorren kurtsoari begira presoen aldeko lerroarekin lanean jarraitu behar dugula eta lantokietan presente egon behar duela argi dugu. Horrez gain, gure apustua izango da beste sindikatuak borroka honetara batzea.



Burujabetza beharra azpimarratzen du maiz sindikatuak. Zer ekarriko dio euskal langileriari?

Gaur egun bizi dugun oldarraldi neoliberalari aurre egiteko ezinbestekoa da burujabetza prozesua martxan jartzea eta, burujabetza prozesu horren bidez, Estatu batera iristea. Egunero lantoki zein kalean ikusten dugun bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko eredu ekonomiko eta sozial berri bat beharrezkoa dela diogu, baina ezinezkoa ikusten dugu aldaketa sozial hori bere osotasunean gauzatzea aldaketa politikorik gabe. Estatu egiturak behar-beharrezko ditugu herri honek eskatzen duen aldaketa eraiki nahi badugu.

Bien bitartean, gaur egungo politika publikoek beste norabide bat hartu behar dutela diogu, eskuduntza mugatuak izan arren urratsak emateko aukera baitago borondatea izanez gero. Hala ere, benetako eta sakoneko aldaketa nekez lortuko dugu erabakitzeko ahalmenik gabe. Horregatik diogu langileek egunerokoan dituzten arazoei irtenbidea topatzeko modu bakarra burujabetza prozesu hori martxan jartzea dela.

Zein da LABek langileei egiten dien eskaintza datorren kurtsoari begira?

Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitza duinaren aldeko borroka egiteko ekintza sindikal eta soziala indartu behar dugu. Soldatapeko langileen lan baldintzen defentsatik harago, LABek lanaren aitortza osoa egin eta langile kolektibo guztientzat izan behar du eskaintza sindikala. Datorren kurtsoari begira  LABentzat langile klasea berrosatzea lehentasunezko erronka izango da. Azken batean, kapitalismoak langilegoa zatitzea lortu du, klase gisa gure indarra ahulduz. Guk argi dugu gure indarra kolektiboan dagoela, eta, beraz, gure eskaintza langile klasea osatzen duten kolektibo ezberdin horiek LABen parte sentitu eta batzea da. Helburu honekin, kolektibo ezberdinak saretzeari begira, hain zuzen ere, antolakuntza mailan erabaki berriak hartu ditugu.

Ezinbestekoa da langileen mobilizazio eta aktibazioan urrats berriak ematea, kalean eta lantokietan. Langileon kontrabotere gaitasuna handitu behar dugu, patronalaren asmoei aurre egin eta instituzioak herritarren gehiengoaren mesedetan izango diren erabaki politikoak hartzera derrigortzeko.

Ezkerreko eragile sindikal, sozial eta politikoen artean aliantzak eraikitzea da gure apustua; ardatz soziala nagusi izango duen burujabetza prozesu bat martxan jarri behar dugu.

Aliantza berriak eraikitzeko urratsak ematen ari gara, bidea egiten ari gara eta LABentzat garrantzia berezia du ELArekin eta euskal gehiengo sindikalarekin egin beharreko aliantzak. Patronalarekin dugun borrokan indar harremana askoz hobean kokatzen garelako; herri honek behar duen burujabetza prozesuari eduki soziala emateko eta langileek burujabetza prozesu horrekin bat egin dezaten.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu