LAB SINDIKATUA

2019/01/18 :: 21:13

Azken Eguneraketa:2019/01/18 :: 9:35

HIZKUNTZA
Hemen zaude: Lehen Mailako Arretaren aldeko kanpaina egiten ari gara Osakidetzan

Lehen Mailako Arretaren aldeko kanpaina egiten ari gara Osakidetzan

Partekatu albistea



LABek kanpaina informatiboa jarri du martxan Lehen Mailako Arretaren inguruan. Prebentzioa egin, hezi eta gure osasunaz arduratuko den Lehen Mailako Arreta eskatu du LABek, kalitatezko enplegua, lan-baldintza duinak eta kontratazioa gardena izango dituena. 


Pasa den apirilean Osasun Sailak “Euskadiko Lehen Arretarako Estrategia” berri bati begira balizko eztabaidarako txostena aurkeztu zigun. Hala ere, ez zuten eztabaidarako inolako agendarik planteatzen eta ez zuten tresnarik eskaintzen langile eta sindikatuok eztabaidan ekarpenik egin genezan.

Txostenak aurrera egin ahala, hasieran planteatzen dena ukatzera datozen lerro estrategikoak azaltzen dira, bere helburu bakarrari erantzuten diotenak: Sailak modu kontziente edo inkontzientean fakultatibo mediko eta pediatriako langileen birjartzerako duen aurreikuspen falta konpontzea, kontsulta medikoak deskargatuz, erizaintza eta administrazioko langileek rol berriak onartuz eta pazienteak ospitaletako bitartekoetara ingresatzea galgatuz. Era berean, txostenaren beste helburu bat kudeaketa-klinikoko unitate berriak sortzea da. Aurretik ere salatu izan ditugu hauek, erraz pribatiza daitezkeelako eta irizpide ekonomizisten bidez kudeatzen direlako.

LABetik ulertzen dugu ikuspegi guztiz partziala eta autokritikarik gabea duen estrategia dela osasunaren benetako erronken inguruan, oso urruti dagoena gainera lehen arreta biztanleriaren osasunerako funtsezko oinarri moduan ikustetik. Lehen Mailako Arreta osasun sistemarako sarbidea izan behar da. Berau da arretaren oinarrizko eta hasierako maila, eta osasun arretaren globaltasun eta jarraikortasuna bermatu behar da pertsonaren bizitza osoan zehar.

Beste alde batetik, dokumentuaren zatirik handiena langile fakultatibo eta erizainei buruz ari da, berriro ere, aipamen labur batzuk kenduta, erizain laguntzaileak eta sanitarioak ez diren gainontzeko langileak ahaztuz, guztiz beharrezkoak Lehen Mailako Arretan eta zeregin funtsezkoa dutenak lanerako ekipoetan. Osakidetzak ikusezin bihurtzen dituen langileak eta pixkanaka osasun zentro eta anbulatorioetan murrizten dituenak.

Konbentzituta gaude Lehen Mailako Arretan inbertituta asko irabaziko dugula bai Osakidetzako langileok bai biztanleriak oro har. Dugun giza-potentziala probestu behar dugu bertan inbertituz: bere prestakuntzan, bere motibazioan… Guzti hori beharrezko giza baliabideekin. Hori dela eta, LABetik Lehen Mailako Arretako plan estrategiko honi ekarpenak egin dizkiogu eta horrela helarazi dizkiogu Osakidetzari.


 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.