LAB SINDIKATUA

2018/11/18 :: 15:21

Azken Eguneraketa:2018/11/16 :: 11:45

HIZKUNTZA
Hemen zaude: Azken 4 urteetan amatasun, aitatasun, adopzio edo abegi familia izateagatik prestazioak jaso badituzue, adi

Azken 4 urteetan amatasun, aitatasun, adopzio edo abegi familia izateagatik prestazioak jaso badituzue, adi

Partekatu albistea
Epaitegi Gorenak 2018ko urriaren 3an emandako sententziaren arabera, Gizarte Segurantzatik jasotako amatasun prestazioak ez dira lan etekin gisa hartuko, eta, beraz, ez zaie PFEZ deskontatu edo erretenitu behar. LABetik, Foru Ogasunek, estatuko erabakiei lotu gabe, beraien erabaki propioak hartzeko duten burujabetza aitortzen dugu. Baina era berean, bizitza erdigunean kokatuko duen eredua eraiki nahi dugu. Zaintza lanak zentrora ekartzeaz ari gara. Hau da lan hauek modu korresponsable batean aurrera eraman daitezen neurriak hartzeaz, benetako kontziliazio neurriak bultzatzeaz. Ildo horretatik, Foru Ogasunei eskatzen diegu zaintza lanei aurre egiteko ezarriak dauden prestazioetan erretenitutako dirua itzuli dezaten. Ogasunek erabaki hau hartu ezean logikoa iruditzen zaigu horrelako prestazioa jaso izan duten pertsonek beraien erreklamazioa Ogasunei bideratzea.

Sententzia honek eragin zuzena du azken urteetan prestazio hauek jaso dituzten gurasoek egindako errenta aitorpenean, 4 urteko erretroaktibitatea aurreikusten baitu. Egoera honetan bazaude, zuzenean Ogasunean erreklamazioa egiteko eskubidea duzu, erretenitu zaizun diru horren itzulketa eskatzeko. LABeko web orrian topatuko dituzuen urratsak jarraituz eta ereduak erabiliz. Erreklamazio horren aurrean Ogasunaren aldetik ezezkoa jasoko bazenu, edo 3 hilabeteko epean erantzunik egongo ez balitz, bestelako bideak jorratu beharko lirateke.

ZEIN PRESTAZIO ETA LAGUNTZA ERREKLAMATU DAITEZKE?
Jaiotze, adopzio, erditze, haurren harrera eta zurztasun prestazio publikoak, baita autonomia erkidegoek edo toki erakundeetatik jasotako amatasun eta aitatasun prestazio publikoak ere.

ZER ERREKLAMATUKO DUGU?
Errenta aitorpena egiterako orduan amatasuna edo antzerakoei dagozkien zenbatekoak lan etekin gisa konputatu ziren kopuruetatik kanpo uzteko eskatuko dugu. Auzitegi Gorenaren sententziaren aplikagarritasuna alegatuz, deklarazio horren aldaketa eskatuko dugu. Aldaketa horrek erretenitu behar zigutena gutxiago izatea dakar, eta, beraz, Ogasunari diferentzia itzultzeko eskatuko diogu.

NOIZTIK?
Erreklamazioa egin dezakegu dagokion prestazioaren inguruko deklarazioa egin genuenetik ez badira oraindik lau urte igaro. Adibidez, 2014an izandako sortze baten kasuan eta prestazioa 2014an kobratu zutenek 2015eko kanpainan egin zuten deklarazioa; beraz, 2019ra arteko tartea izango dute dagokion aldaketa edo erreklamazioa sartzeko.

NOLA?
Kontutan izanik Hego Euskal Herriaren kasuan herrialde bakoitzak gai honen inguruko eskumena duela, eta legedia eta konpetentzia herrialdeena dela, bakoitzak bere Ogasunaren aurrean aurkeztu beharko du erreklamazio eskaera.

Gipuzkoan: Bulegoan bertan edo internet bidez (identifikazio elektronikoa beharrezkoa izango da) gauzatu beharko da eskaera. Bi aukera daude, hemen atxikita duzuen idatzia prestatua eramatea edo bertan egitea formulario bidez hartuko gaituenarekin. Idatzi honi NANren fotokopia atxikiko diogu.

 GIPUZKOAKO FORU OGASUNAREN ESKAERA ORRIA
 GIPUZKOAKO FORU OGASUNARI ESKAERA (LABek prestatutako eredua)

Bizkaia: Eskaera idatziz gauzatu beharko da; beraz, komenigarria da hemen atxikita duzuen idatzia prestatua eramatea. Bestela, bertan betearaziko digute ere arazorik gabe. Idatzi honi NANren fotokopia atxikiko diogu.

 BIZKAIKO FORU OGASUNAREN ESKAERA ORRIA
 BIZKAIKO FORU OGASUNARI ESKAERA (LABek prestatutako eredua)

Araba: 003 inprimakia bete beharko da (eskaera orokorrei dagokiona). Web orrian dago eskegita (http://www.araba.eus). Inprimaki honi NANren fotokopia atxikiko diogu.

 ARABAKO FORU OGASUNAREN ESKAERA ORRIA
 ARABAKO FORU OGASUNARI ESKAERA (LABek prestatutako eredua)

Nafarroa: Instantzia bat aurkeztu beharko da idatziz; beraz, komenigarria da hemen atxikia duzuen idatzia prestatuta eramatea. Bertan betetzeko aukera egongo litzateke. Idatzi honi NANren fotokopia atxikiko diogu, baita dagokion aldiko deklarazio edo aitorpena ere bai, ahal izanez gero.

 NAFARROAKO FORU OGASUNARI ESKAERA (LABek prestatutako eredua)

Ondoren, Ogasunaren aldetik ezezkoa jasoko bagenu, edo 3 hilabeteko epean erantzunik jasoko ez bagenu, bestelako bide batzuk jorratu beharko dira.


Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.