LAB SINDIKATUA

2017/08/17 :: 21:26

Azken Eguneraketa:2017/08/17 :: 7:00

HIZKUNTZA
Hemen zaude: Gure etorkizuna erabakitzari bai, euskal Estatu burujabeari bai

Gure etorkizuna erabakitzari bai, euskal Estatu burujabeari bai

Partekatu albistea



Azken urteetan Euskal Herrian gertatu dena azaltzeko lanaren eta bizitzaren prekarizazioaz eta pobreziaz hitz egin behar dugu. Erreforma eta murrizketen bidetik lan harremanak erasotu dizkigute; soldata geroz eta murritzagoak ezarri; emakumeon zaintza lanak aitortu gabe jarraitzen du eta lan munduan bigarren mailako lanak egitera behartuak gaude; sektore publikoa eraitsi eta eskubide sozialak birrindu dizkigute, pentsioak arriskuan jarri eta bizitza duinerako eskubidea etengabe urratu. Zapalkuntza hirukoitza bizi dugu: patriarkala, soziala eta nazionala. Langileoi erabakitzeko eskubidea ukatu digute eta Kapitalaren interesak gailendu dira, Herri interesen gainetik. 

Bertako errealitate eta beharren araberako erabaki politiko, ekonomiko eta sozialak ez hartzeak herri bezala ahuldu egin gaitu. Estatuek ez dute Euskal Herriaren nazio izaera aitortzen eta horrela ez dago benetako alternatiba sozial, politiko eta ekonomiko bat eraikitzerik. Nola ziurtatu bizi proiektu duin eta askea edukitzeko eskubidea, geuri dagozkigun gaietan erabakiak hartzeko aukerarik ez badugu? Erabaki dezagun, izan gaitezen gure etorkizunaren jabe, herri aske eta burujabe!

GURE ETORKIZUNA ERABAKITZEARI BAI
EUSKAL ESTATU BURUJABEARI BAI


Erabakitzeko eskubidea behar dugu, egoera laboral eta soziala iraultzeko. Erabakitzeko eskubidea, erreforma eta murrizketa guztiei aurre egin eta alternatibak eraikitzeko Erabakitzeko eskubidea, Euskal Herria prozesu eratzaile eta eraldatzaile batean murgiltzeko.

Oinarri berriak dituen jendarte eredu askea nahi dugu eta posible da. Langileok aukera paregabea dugu geure hitza eta erabakia aktibatzeko eta gure borondatea adierazteko antolatu diren herri galdeketetan. Estatua da tresna Euskal Herria politikoki egituratzeko eta sozialki kohesionatzeko. Bizitza duina bermatzeko behar ditugun baliabide politiko, ekonomiko eta sozialak eskuratzeko. Langileriaren bizi eta lan baldintzen hobetzeko. Langileok erabaki. Langileok BAI, Euskal Estatu burujabeari!

LAN MUNDUTIK ZERTARAKO ERABAKI?

- Euskal demokrazia eraikitzeko. Gure etorkizunaren jabe izateko. Gure eskubideak arautzeko eta betetzeko markoa izan dezagun. Euskal Herria nazioa da, dagokigun erabakitzeko eskubidea eskuratzeko garaia da. Gure historian, kulturan eta hizkuntzan oinarrituriko herri anitza sortzeko, beste kulturen integrartzaile, munduari zabalik. 

- Egungo sistema errotik aldatzeko. Neoliberalismoari aurre eginez, jendarte, produkzio eta kontsumo eredu berri bat eraikitzeko. Jendarte eredu eta herri askea posible egiteko.

- Egoera ekonomiko eta soziala iraultzeko. Bizitza erdian kokatuz, eredu sozioekonomiko propio bat eraikitzeko. Botere ekonomikoaren gainetik herri boterea jartzeko. 

- Langileon izenean beste inork erabaki ez dezan. Gure lan eta bizi baldintzetan eragiten diguten gaietan langileok izateko protagonistak. 

- Zapalkuntza oro gainditzeko. Genero bereizketa eta zapalkuntza, klase zapalkuntza eta nazio zapalkuntzarekin amaitzeko. 

- Lan harremanetan eragiteko. Lan mundua aldatzeko. Langileon erabaki ahalmena handitzeko. Erabakia langileengandik zenbat eta gertuago, orduan eta hobe. Laneko gaietan ahalmen legegile osoa behar dugu.

- Gure lan hitzarmenen defentsan. Gure hitzarmenak hemen erabakitzeko eta hitzarmen propio horiek estatukoetatik babesteko. Hitzarmen duinak bermatzeko, gure hitzarmenak hemen erabakitzeko.
 
LAN MUNDUTIK ZER ERABAKI?
- Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua. Lan munduan prekarietatearen amaiera. Soldata eta lan baldintza duinak, aberastasunaren banaketa. 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan astearen defentsa. Lan osasuna bermatzea. Euskaraz lan egiteko eskubidea.
 
- Negoziazio kolektiborako marko propioa. Gure hitzarmenen defentsan, lan baldintza duinen alde. Enplegu duina bermatuz, gure hitzarmenak, lanaren eta aberastasunaren banaketarako tresna izan daitezen.

- Babes sozialerako euskal sistema publikoa. Pobreziaren aurka, pertsonak lehenesteko, denontzat bizitza duina bermatzeko; Euskal Herri oparoago, zuzenago, solidariago eta berdinzaleago baten alde. Gizarte-sistema propioa, integrala, euskalduna erabaki, kalitateko enplegua sortuko duen politika erreal eta eraginkorrekin, jubilatzen diren pertsona guztientzat 1.080 euroko pentsioa bermatuz.
 
- Aberastasunaren banaketa justu eta progresiboa. Zerga sistema justu eta birbanatzaile batek lagunduta. 

- Sektore publiko indartsu bat. Gehiengo sozialaren mesedetan izango diren politika publikoak sustatuz, enpleguaren defentsan, pribatizazio eta merkantilizazio prozesuekin amaitzeko.

- Industria politika eraginkorrak. Multinazionalen interesen gainetik Euskal Herriak industria politika propioa izan dezan, sektore estrategikoen aldeko apustua eginez.
 
 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu