LAB SINDIKATUA

2017/10/19 :: 21:59

Azken Eguneraketa:2017/10/19 :: 11:30

HIZKUNTZA
Hemen zaude: "Zaintza zaindu" behar da zerbitzu sozialak hobetzeko

"Zaintza zaindu" behar da zerbitzu sozialak hobetzeko

Partekatu albistea



“ZAINTZA ZAINDU. Langile gehiago, zerbitzu hobea” izenarekin zerbitzu sozialetako ratioak eta arreta hobetzeko kanpaina aurkeztu dugu gaur Bilbon. Kanpaina honekin, gizarte zerbitzuen egoera kaleratzearekin batera, sinadura bilketa baten bidez adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentroetan arreta duintasunez eman ahal izateko langile gehiagoren beharra erakutsiko dugu. Sinadura bilketa batez ere otsailaren 19an zentratuko da. 

Gizarte zerbitzuen egungo egoera
Gaur egungo jendartea gero eta zaharragoa da eta hamaika arrazoirengatik, gizarte-laguntzaren beharra izan dezakegun egoeratan egon gaitezke (menpekotasunak, babes ezak, bazterketa, bortxakeria matxista,...).

Denok duintasunez eta autonomiaz bizitzeko eskubidea dugu, eguneroko bizikidetzan gogobeteko harremanak izateko eskubidea dugu, egunerokotasunean eta bizi garen inguruan ongi txertatuak dauden harremanak izateko eskubidea dugu. Ezinbestekoak diren eskubideetaz ari gara eta honelako egoeretan, Administrazioak bermatu behar ditu eskubide hauek, onuragarriak eta hurbilak diren zerbitzuak eskainiz.

Dena dela, gizarte zerbitzuen errealitateak oso egoera kezkagarria erakusten digu. Gizarte laguntzaren eskariak askotxo gainditzen du eskaintza. Ordurako ahulak ziren gizarte zerbitzuak gainezka egin dute krisialdi ekonomiko eta sozialaren egoerarengatik. Gertaera honek eskatzaileen kopuruan eragin du nahiz eta arazo mota eta aurre egin beharreko premiak handitu.

Honi erantsi behar diogu, egungo Gizarte Zerbitzuak, nagusi den neoliberalismoaren arabera eratzen direla. Zerbitzuak negozio bilakatzen ari dira. Honela, ikus dezakegu administrazioek zerbitzuak murriztu dituztela, eta era berean, zaintzaren kalitatea kaltetuz beren emaitzak lehenesten dituzten erakunde pribatuen esku uzten ari direla. Mozkinak eta superabita bilatzeak enpresa eta erakunde pribatuak gero eta kualifikazio txikiagoko langileak kontratatzera daramatza (nahiz eta batzuek euren burua “irabazi asmorik gabekotzat” jo), gero eta lan baldintza kaskarragoak ezartzera eta eskasagoa den zerbitzua eskaintzera, horrek guztiak administrazioen konplizitatearekin.

Gizarte zerbitzuetan ematen diren lan baldintzek ezinezko egiten dute zerbitzu egokia eskaintzea. Egoera bereziki salagarria suertatzen da mendeko adinekoen laguntza eta egoitza-zentroetan, babesgabeko haur eta gazteen zentroetan eta ezgaitasunen bat dutenen zerbitzuetan.

Dudarik gabe, gauza hauek guztiak aldatu behar dira arretaren kalitatea hobetzeko. Baina bada, gure ustez, ezinbesteko garrantzia duen gai bat, eta gaurko instituzioek nahita ahazten dutena: langileak. Eta hauxe da gure galdera: egun, dauden langileekin, bermatzen al dira kalitateko zerbitzuak, adineko pertsonen eskubideak eta beharrak asetzeko modukoak?

LABek ezetz dio.
• Kalitatea al da, gauero, soilik bi langile egotea, 5 solairutan sakabanatuak dauden 167 erabiltzaile artatzeko?
• Kalitatea al da langile soil batek 32 arropa aldaketa eta gorputz garbitasuna egitea, behin eta berriz, produkzio kate batean egongo balitz bezala?
• Kalitatea al da zentrotik ateratzeko aukerarik ez izatea?
• Kalitatea al da, etxebizitza berritzat duzun horretan, hitzik ez izatea?
• Kalitatea al da indarkeria matxista jasan duten 14 emakumek behar duten arreta jasotzeko langile bakarra egotea?
• Kalitatea al da zentro batzuetan ia egunero eraso fisiko eta psikologikoak pairatzea eta inork zure egoeraren inguruan jarraipenik ez egitea?
• Kalitatea al da zentro batzuk herriguneetatik isolatuak egotea?
• Kalitatea al da egunerokotasunaren eta zentro bakoitzaren araberako aisialdiko ekintzak egin ahal izatea, inolako plangintzarik egin ahal izan gabe?
• Kalitatea al da pertsonal eta prebentzio faltagatik erabiltzaileak eta langileak arriskuan egoeran jartzea?
• Kalitatea al da arratsaldeko 19:30etik goizeko 9etara ohean egotera behartuta izatea?

Toki askotan ez dira betetzen gutxieneko kalitate irizpideak. Egun, aritzen diren langile kopuruarekin ez dira nahiko euren eginbeharrak duintasunez betetzeko.

Gaur egun, profesionalen eta zaindu beharreko pertsonen arteko proportzioak adierazten digu lanaren gainkarga dagoela, zaintza pertsonalizatua egitea bideraezina egiten duena. Era berean, gizarte zerbitzuetan lanean ari direnek egin behar dituzten ahalegin handiek haien osasunak oso bizkor txarrera egitea eragiten dute, eta gihar eta hezurduren lesioak eta arazo psikologikoak era kezkagarran handitzea.

Honez gain, zerbitzu hauen erabiltzaileen profila aldatu da. Horrek areagotu egiten du aspaldidanik bizi dugun egoera txarra (arreta psikogeriatrikoa, balio anitzeko unitateak, patologia anitzetako zentroak, egoitzetako harrera espezializatuak, zentro terapeutikoak,…). Horren atzean arrisku psikosozialeko hainbat faktore gordetzen dira: zaintza-mailaren eskakizuna arrunt handia da, lan erritmoak handiak dira, lan-kopurua handiegia da, eta jazartze eta eraso jarrerak ere badaude. Azkenik, gizarte-lanak gutxietsitak egoteak egoera okertu besterik ez du egiten, prekarietate eta aldibaterakotasun mailak handiak, soldata apalak, urteko lanaldi luzeak,... ekarriz.

Zer dago honen atzean? Zergatik dago kolokan arretaren kalitatea? Zergatik da desegokia zentroetan ematen den tratua?

Bada elementu zentral bat: ratioa, hau da, zentro batean egon beharko lukeen langile eta erabiltzaileen arteko proportzioa. Erabat salagarria da. Egun, adinduen egoitzetan adibidez, EAEn zein Nafarroan, talde profesionalen dekretuak aspaldikoak dira, duela 16 urtekoa EAEn eta duela 23 urtekoa Nafarroan. Eta instituzioek langile kopuruen inguruan erabiltzen dituzten irizpideak, eskasak eta onartezinak dira.

LABen proposamena
Beraz, LABek, egoera hau iraultzeko, sinadura bilketa kanpaina bat abiaraziko du, batez ere otsailaren 19an zentratuko dena. Sinadura bilketa honekin, adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentroetan arreta duintasunez eman ahal izateko, langile gehiagoren beharra daukagula aldarrikatu nahi dugu. Horregatik, instituzioei eskatuko diegu:

• Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ratio dekretuak eta egun erabiltzen dituzten irizpideak bertan behera utzi eta berriak ezarri. Hauetan hurrengoa jaso beharko litzateke:
 
◦ Langile kopurua handitzea.
 
◦ Profilen eta funtzio profesionalen zabalpena. 
◦ Erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion dedikazio eta zerbitzu denbora igo.
◦ Langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte-hartzea, zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan.