LAB SINDIKATUA

2018/10/18 :: 10:07

Azken Eguneraketa:2018/10/20 :: 12:48

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebak %65eko jarraipena baino gehiago izan du

Partekatu albistea



Patronalek sektoreko aldarrikapenei erantzun ezean, mobilizazioak indartu beste biderik ez digute utziko azaroari begira. Hala ohartarazi dugu LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok.

Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunei jarraipena emanez, gaurkoan sektoreko laugarren greba greba egunera eta ikasturte honetako lehenengora deituak zeuden itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora. EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Grebak izan duen jarraipena oso zabala izan da, aurreko hiru greba egunek izandakoaren oso antzekoa, ikastetxe eta etapa batzuetan %80tik gorakoa izanik.

Gaurkoan Bilbon gauzatutako manifestazioan langileek izandako parte hartzea ere oso zabala izan da, EAEko hiru lurraldeetako milaka langile batu garelarik bertan.

Bihar sektoreko bostgarren greba eguna izango da, eta sindikatuok dauzkagun aurreikuspenen arabera, langilegoaren gehiengoaren babesa izango du biharkoak ere.

Langileak mobilizazio eta grebei ematen ari diren babesa ikusita, patronalek gure aldarrikapenei erantzunik ematen ez dieten bitartean, sektorean ordezkaritza dugun sindikatuak mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu. Patronalen aldetik erantzunik egon ezean beraz, adostuta daukagun eta Azarorako 4 greba egun jarraian barenratzen dituen mobilizazio egutegiarekin aurrera egingo dugu.

Sektore honetan ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Gure eskakizun nagusiak, hitzarmena berritzeari begira, honako hauek dira:

Enplegua
-Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak
-Eroste-ahalmena berreskuratzea.
-1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak
-Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
-Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
-Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea
-Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte...
-Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.