LAB SINDIKATUA

2018/11/21 :: 15:36

Azken Eguneraketa:2018/11/21 :: 13:02

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Sindikatuok sei greba egun gehiago adostu ditugu gizarte ekimeneko ikastetxeetan

Partekatu albistea



Bi greba-egunei egindako jarraipen zabala ikusita, eta gizarte-ekimeneko ikastetxeetako patronalak bertan geldirik daudenez, ez digute beste biderik utzi grebak eta mobilizazioak areagotzea baino.

Hauxe da LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok irakurritako oharra, gaurko agerraldian:

Sektore honetako langileok ia hamar urtetan egon gara hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, zentroetako modernizazioa langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Sindikatuen eskakizun nagusiak, hitzarmena berritzeari begira, honako hauek dira:

Enplegua:

Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

Eroste-ahalmena berreskuratzea.
1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.

Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea:

Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte...

Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

Ikasturte honetan 3 greba-egun egin ditugu dagoeneko. Bai martxoaren 20ko grebari, bai maiatzaren 15 eta 16koei erantzun ugari-ugaria eman diete sektoreko langileek, jarraipen-maila %65 eta %70 bitartekoa izan baita. Era berean, mobilizazio eta manifestazioetara oldean joan dira langileak; hortaz, kidegoa guztira 9.000 langilekoa bada, 5.600 langile inguru bildu dira agerraldietan.

Hala ere, sektoreko patronalek ez dute ezta zirkinik ere egin (Kristau Eskola eta AICE-IZEI), negoziazio-mahairako deialdirik egin gabe daude, eta gure eskakizunetako bati ere ez diote erantzun.

Horrez gain, orain arte burutu ditugun 3 greba-egunetan zenbait ikastetxetan greba indargabetzeko irregulartasunak antzeman ditugula salatu nahi dugu. Izan ere, zenbaitetan grebalarien legez kanpoko ordezpenak egin ziren, eta bestetan neurri gabeko deskontuak aplikatu zaizkie grebalariei. Irregulartasun horiek salatu dituzte ordezkariek ikastetxeetako zuzendaritzetan, eta batzuetan lan-ikuskaritzan ere bai. Greba-eskubidearen aurkako eraso horiek onartezinak dira, eta tinko eskatzen diegu patronalei ikastetxeak premiatzeko, oinarrizko eskubide hori urratzeari uztera.

Hori horrela izanik, patronalek ez digute beste aukerarik eman mobilizazioak eta grebak areagotzea baino. Beraz, datorren ikasturteari begira sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok sei greba-eguneko deialdia egitea adostu dugu, urriaren 9 eta 10erako, eta azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako. Bestalde, benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean, boluntarioak diren zereginetan ez parte hartzeko kanpaina bat bultzatzen ari gara ikastetxeetan.

Gainera, batzarrak, elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten jarraituko dugu lantokietan.

 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.