LAB SINDIKATUA

2017/11/18 :: 10:51

Azken Eguneraketa:2017/11/17 :: 17:09

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Haurreskolak Partzuergoa kalera!

Partekatu albistea



Haurreskolak Partzuergoko langileen borroka astea gaur amaituko da, atzoko greba egunaren ostean. Borroka honen harira, LAB Haurreskolak arloko Lorea Igartuak, Arantzazu Andres eta Amaia Iztuetak iritzi artikulu bat idatzi dute.

Haurreskolak Partzuergoa, Eusko Jaurlaritza eta udalerrien arteko hitzarmenetatik jaiotako haur eskolak gestionatzen duen kudeaketa publikoko enpresa publikoa da, 236 haur eskola kudeatzen ditu egun EAEko 178 udalerritan. Bi urtera arteko hezkuntza-aldiaz arduratzen da, familia eta lana uztartzeko helburuarekin eta familiei hezkuntza-arreta egokia eskaintzeko xedearekin jaio zen, bereziki landa eremuetan.

Orain dela pare bat urte, Haurreskoletan langileen ordezkaritzaren gehiengoa duen LABek, milaka sinadura jaso behar izan zituen orduko Eusko jaurlaritzaren erabakia salatzeko, hau da, landa eremuko eta haurreskola txikietan 4 haur matrikulatuta badaude, haurreskola zabaltzen da baina 7 ordutako zerbitzua baino ez da eskaintzen, gainontzekoetan zortzi ordukoa den bitartean. Beraz, landa eremuko haurrek ez dute jasotzen gainontzeko haurrek eta familiek jasotzen duten zerbitzu berdina. Partzuergoaren hitzetan, oso garesti irteten omen zen aukera berdintasuna bermatzea. Gainera, udalerri batzuk haurreskola gehiago zabaltzeko edo euren udal haurreskolak Partzuergoan sartzeko eskaeraren aurrean ezezkoa jaso dute, aurrekontu ezagatik.

Haurreskoletako LABek hezkuntzaren merkantilizaziotik ihes egin nahi du, berdintasunean oinarritutako hezkuntzan sinesten dugulako eta 0-3 urte arteko zikloa inbertsioa dela pentsatzen dugulako, gastua baino gehiago. “Nolako hezkuntza, halako jendartea”.

Haur hezkuntzako lehenengo zikloan, haurren zainketaz gain, haurren gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektual guztiak behar bezala garatzeaz arduratzen gara. Haurraren hezkuntza integrala bermatzea da gure helburua, eta horretan jarduten gara haurreskoletan lanean ari garen hezitzaileok.

Badakigu, 0-6 zikloa ez dela derrigorrezkoa hezkuntzan. Gure ustez, hala behar du izan. Horregatik bestelako politika sozialak bultzatu behar dira, lana eta bizitza familiarra eta pertsonala uztartzeko aukera ezberdinak emanez. Aukera hau hartzen duten familia guztiek bermatuta izan behar dute kalitatezko hezkuntza-zerbitzua.

Horregatik, larritu egin ginen, agintaldi honen hasieran EAJ eta PSEren arteko gobernu-akordioa irakurri genuenean, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko atalean sartzen zituelako haurreskolak. Akordio horretan ez zen inolako kutsu hezitzailerik agertzen, eta ziklo hau ez zen hezkuntza sistemaren barruan aintzat hartzen. LABentzat, 0-3 urteko haurrei eskaintzen zaien hezkuntza-zerbitzu hau Haur hezkuntzako lehenengo zikloa da.

Haurreskolak Partzuergoan 2 urterainoko haurrak ditugu, 2 urteko gelak eskoletara eraman eta zikloa apurtuta utzi zigutelarik. Bada garaia, Hezkuntza Sailak ziklo hau bere egin dezan, eskola mapa egokituan txertatuz. Jaiotzatik hezkuntza eskubidea, aukera berdintasuna bermatzeko, ezinbestean doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatezkoa izan behar baita.

Honek guztiak argi uzten du gobernu honek zein asmo duen, politika aurrerakoiak egitearen gainetik. Halaber, burujabetzaren bidean hezkuntza sistema propioa garatu nahi baldin badugu, bestelako hezkuntza politika behar du herri honek, eta iparraldera begiratu beharko genuke hegoaldera begiratu beharrean.

Horixe eskatzen dugu, horregatik gaude sartuta irakaskuntzan mobilizazio dinamikan egunotan. Langile eta zentroen egonkortasunaren inguruan asko esateko daukagu. Hamarnaka hezitzaile finko eta interino dugu, kudeaketa kaotiko batengatik euren plazetatik behin behinean desplazatuta (azkeneko bi hilabeteetan langile batzuen kasuetan 3 eta 4 aldiz haurreskola desberdinetara mugituak), haurren kopuruak beraiek zehazten dituzten ratioak gainditzen dituztenean. Daukagun egoera jasanezin hau aztertu behar da, eta soluzioak eskaini beharko dizkigute, kalitatezko zerbitzua eta irizpide pedagogikoetan oinarritutako heziketa eman nahi baldin badute. Langile publikoon egoeran endemikoak diren gai batzuez gain, Haurreskolak Partzuergoaren kalitatean eta langileon lan-baldintzetan aurrerapausoak emateko ezinbestekoak diren beste puntu batzuk negoziatzeko daude.

Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkapenak betetzea, haurren bertaratze erregistroarekin baldintzatu gabe. 208 euro kuota ordaintzen duten familiei ezin zaie galdetu ea haurra etorriko den edo ez, hezitzaile bat ordezkatzeko eta hori da egun, haurreskoletan bizi dugun errealitatearen adibide bat.
Kalitatezko zerbitzua eskaintzeko, oporraldietan, aste santuan kasu, haurreskolak ezin dira haurren “aparkaleku” bihurtu, beraz, egungo zonaldeko zerbitzua desagerrarazi behar da. Haurreskoletako koordinatzaileek ere, gero eta lan gehiago daukate eta lan hau aitortu egin behar da eta lanordu kopuru egokia eskaini. Adinean aurrera doazen langileei ere plangintza berezia zor zaie, arreta orduak murriztuz, lan karga hori beste langileen gain egokitu gabe. Halaber, haurreskoletako hezitzaileok baztertuta gaude Eusko Jaurlaritzako etengabeko formakuntza programetan, Prest gara eta Iralen. Aukera berdintasunean parte hartzeko aukera izatea eskatzen dugu; gainontzeko irakaskuntzako langileak bezala. Hau guztia, 2009tik izoztuta daukagun soldata eta lan hitzarmenaz gain.

Gauzak horrela, Haurreskoletako LABentzat 0-3 zikloaren aitortza, alde batetik, Haurreskolak Partzuergoa administraziopeko haur hezkuntzako lehenengo zikloa dela onartuz etorriko da. Bestetik, haur hezkuntzako irakasleek gurean puntuatzen duten bezala, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileok egiten dugun lana administraziopeko haur hezkuntzan puntuatzea, aurrerapauso handia izango litzateke aitortzaren bidean eta berdintasun printzipioa ez litzateke urratuko.

Beraz, Haurreskolak Partzuergoko 1.400 hezitzaile eta kudeaketa lanetan ari dire 25 langileei, dei egiten diegu borroka asteko dinamika eta grebetan parte hartzera. Mobilizaziorik gabe ez dugu lortuko, guztiok batera egin dezagun indarra.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu