LAB SINDIKATUA

2018/10/18 :: 8:51

Azken Eguneraketa:2018/10/20 :: 12:48

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

[IRITZIA] "Ikasleen eskubideak bermatzea ez da diru-xahutzea"

Partekatu albistea
Maite Urtiagak eta Jon Lejarretak, UPV/EHUko LAB-en sail sindikalaren izenean, hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleen egoerari buruz idatzi dute iritzi artikulu honetan.

2001ean matrikulatu zen lehenengoz UPV/EHUn hezkuntza premia berezia zuen ikasle bat. Oraindik gogoan dugu zer nolako kudeaketak egin behar izan genituen ikasle horrek, aukera berdintasuna ardatz, Unibertsitatean ikasteko eskubidea izan zezan. Batxilergoko ikasketetan bermatua izan zuen laguntza, unibertsitatean ere izan zezan hezkuntza-laguntzarako espezialista bat kontratatu zen.

Ordutik gaur egun arte, desgaitasunak eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kopurua asko hazi da, 309 ikaslera iritsi da UPV/EHUren II. Inklusio Planean (2012-2017) jasotako datuen arabera. Hala ere, Hala ere, UPV/EHU-k eskaintzen dien zerbitzua salagarria da.

Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua 2002an sortu zen eta horrekin batera zerbitzua aurrera emateko lanpostu batzuk, tartean mugikortasun urria duten ikasleen hezkuntzan laguntzeko teknikari espezialisten bi lanpostu. Gerora sortu ziren zeinu hizkuntza interpreteen biak ikasle gorrei zerbitzua emateko. Aitzitik, ikasleekin egunerokoan harreman zuzena duten lau bakante hauek ez ziren 2011 arte bete.

Bien bitartean, lan estrukturalak burutzeko, onartezinak diren kontratazioak egin izan dira: bata bestearen atzetik ikasturte bakarrean kateatutako hilabeteetako kontratuak, lanaldi partzial desberdinetakoak, ordutegi aldaketak, ordu extrak, langileekiko eskubide urraketak, eta hainbat eta hainbat egoera jasan behar izan dituzte langileek, eta ondorioz, ikasleek; laguntza, zaintza eta zerbitzu berezia behar dituzten ikasleek alegia.

Ikasturte bakoitzean, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen kopurua alda daiteke baina kopurua goranzkoa dela konfirmatzen da urtez urte. Ikasturte bakoitzean, hiru hilabeteetarako lan-pilaketako kontratuak egiten dira ikasleek ikasturte osoa unibertsitatean emango dutenean; amatasun bajak eta gaixotasun iragankorrak ez dira dagokien bezala ordezkatzen (kasu batzuetan gainerako langileen artean banatzen dira zeregin horiek, eta haien lan-karga handitu ere). Era berean, zerbitzu gabe dauden ikasleei beraien kabuz moldatzea eskatzen zaien kasuak egon badaude, komunera joateko ere laguntzarik izan ez dutenak eta beste ikasleen laguntza eskatu beharrean aurkitu direnak kasu. Urriaren hasieran komunikabideetan salatutako azken kasua dugu Gasteizen. Iaz beste kasu bat ezagutzera eman zen. Beste batzuk, aldiz, ez dira hedabideetara heltzen, baina ikasleek eta langileek pairatzen duten ohiko egoerak dira tamalez.

Zerbitzuaren arduradunek eta Pertsonaleko Buruek dute giza baliabideak eta bitarteko teknikoak kudeatzeko ardura, baina orain arte izan diren Ikasleen Errektoreordeek eta Zuzendaritza taldeak dute erantzukizun nagusia. Laguntza espezialisten eta zeinu hizkuntza interpreteen lan-poltsak hornituta daude, eta lan-baldintza duinetan lan egiteko langile ugari dago prest.

Antza denez, ez da nahikoa LAB-ek egoera hauek behin eta berriro unibertsitate barruan salatu izanak, ezta ere Ikasleen Errektore desberdinekin zerbitzua egoki kudeatzeko hitzartutako konpromisoak... Falta zitzaiguna, entzun behar izan dugu campus batean ikasle bakarra artatu behar izatea “despilfarroa” dela. Aizue, ikasleen eskubideak bermatzea ez da despilfarroa. Inklusio Planak izanik, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua izanik, ikasleei behar bezalako zerbitzua ematea ez da despilfarroa. Behar bezalako zerbitzu duina ez ematea bai da lotsagarria.

Emandako hitza ez dute behin ere betetzen. Salagarriak diren egoerak behin eta berriro jasan behar ditugu. Noiz arte? Noiz arte utziko dute pertsonen duintasunarekin jokatzeari? Ikasleen eskubideak bermatu ditzatela behingoz. Langileen lan-baldintzak duindu ditzaten. Nahikoa da!

Ikasleei kalitatezko arreta eta zerbitzua emateko utzikeriak ez al du zerikusirik izango zerbitzua zaintza zereginei loturikoa eta feminizatua izatearekin?

Zerbitzua duindu behar dute. Eta horretarako ezinbestez kontratu duinak bermatu behar ditu unibertsitateak. Ikasleen eskubidea da laguntza ikasturte hasieratik bukaerara arte izatea etenik gabe.

Ezin dugu onartu bikaintasuna aldarrikatzen ari zareten unean horrelako zerbitzuen kudeaketa edukitzea.

 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.