LAB SINDIKATUA

2018/10/18 :: 21:03

Azken Eguneraketa:2018/10/20 :: 12:48

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Ez dugu hezkuntza arloan aldaketarik espero Espainiako Gobernuan, Isabel Celaaren izendapenaren ondoren

Partekatu albistea
LOMCE legea bertan behera uztea eta Euskal Herriak hezkuntza arloan hartzen dituen erabakiak errespetatzea eskatu du sindikatuak.

Isabel Celaá aspaldiko ezaguna dugu EAEn hezkuntzan lanean gabiltzanontzat.

2010ean ezarritako murrizketak eta bestelako neurriak bere eskutik etorri ziren: soldata galerak, ordezkapenak betetzeko modu maltzurra, langileen gaixotasun aldiak ordaintzeko irizpide berriak... Eta gainera, hau guztia gehiengo sindikalari bizkar emanda egin zuen, gutxiengo sindikalarekin, CCOO eta UGTrekin akordioa sinatuz. Orduan berak hartutako erabaki horiek, ikasleen hezkuntza kalitatean eta enplegu suntsiketan eragin zuzena izan dute gaur arte.

Honetaz gain, EAEko Hezkuntzak zituen erronka nagusiei ez zien heldu: ez zuen hizkuntza ereduak gainditzeko planteamendurik egin; Espainiako Curriculuma EAEko ikastetxeetan inposatzeko ahaleginean jardun zuen; pedagogia berrikuntzan ez zen aldaketa esanguratsurik izan eta eskola komunitateak ez zuen autonomian sakontzeko aukerarik eduki. Finean, EAEko Hezkuntza Espainiakoaren segida hutsa izateko lan egin zuen.

Egin dituen azken adierazpenen harira, guk ere Euskal Herrian gure herriarentzako aukera berriak nahi eta behar ditugu hezkuntza arloan. LABen garbi dugu Euskal Herrian hezkuntza burujabetza behar dugula eta horretan lanean dihardugu, euskal eskola publiko eta komunitarioaren bidean. Isabel Celaá ezagutzen dugu eta ez dugu ukatzen gaitasun handiko emakumea denik, baina gaitasun horiek ez ditu Euskal Herriaren zerbitzura jarriko. Beraz, ez dugu erroko aldaketarik espero gobernu aldaketa honekin.

Lerro hauen bidez, gobernu honi bi eskari zehatz eta sinple egiten dizkiogu, beraien borondatea ekintzen bidez neurtzen joan gaitezen: guretzat erabat arrotza den LOMCE legea bertan behera utz dezala eta geure herriak hezkuntza arloan hartzen dituen erabakiak errespetatu ditzala.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.