LAB SINDIKATUA

2017/12/14 :: 8:49

Azken Eguneraketa:2017/12/13 :: 15:55

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Hezkuntzan jauzia eman beharra aldarrikatu dugu Kontseiluarekin batera sindikatu zein hezkuntzako eragileok

Partekatu albistea

ARGAZKIA: Kontseilua.eusARGAZKIA: Kontseilua.eus

EAEn Hezkuntzaren aldeko Akordioa delako prozesua zabaldu den honetan, Kontseiluak sustatuta, hizkuntzaren eremuan jauzia eman beharra aldarrikatu dugu gaur hezkuntza zein sindikatuetako eragileok: Euskal Herriko Ikastolak (Koldo Tellitu), HEIZE (Iñigo Salaberria), Hik Hasi (Joxe Mari Auzmendi), Kristau Eskolak (Mikel Ormazabal), Sortzen (Olatz Egiguren), UEU (Iñaki Gonzalez-Murua), ELA (Miren Zubizarreta), LAB (Ibai Redondo) eta STEILAS (Xabin Arrizabalaga).

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu duenez, “agerraldian gaudenok biltzen gaituena euskararen normalizazioaren aldeko jarrera eta jarduna dira. Horrexegatik, eskaera bateratua egin nahi dugu: Bada garaia ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikasteredu orokortua abian jartzeko”. Horretarako baldintza errealak ikusten dituzte aipatutako eragileek, “irakasleria alde dago, horren aldeko gehiengo soziala eta sindikala ere badago”, gaineratu du Bilbaok.

Halaber, azaldu du, hainbat azterketek agerian utzi duten moduan, euskararen gaitasun egokia eskuratzeari dagokionez, egungo ereduek goia jo dutela. Ildo horretan, Bilbaoren hitzetan aldarrikatu dute, “ikasle guztiei eskubide berdinak bermatu behar zaizkie, ezin dira lehen mailako eta bigarren mailako ikasleak bereizi”.

Ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan izan beharko lituzketen gaitasunak ere zehaztu dituzte: “euskaraz eta gaztelaniaz, gutxienez, B2 mailaren gaitasunak eta ingelesez B1 mailaren gaitasunak eskuratzeko beharrezkoak diren tresna guztiak jarri eta inbertsio guztiak jarri behar dira. Iraulketa egiteko garaia da”.

Bilbaok, halaber, azaldu du ez garela hutsetik abiatzen eta iraulketa egiteko bitartekoez hitz egin du. “Proposamen zehatzak badaude horri buelta emateko: Ikasle Euskaldun Eleaniztunak eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa”, eta horien inguruan esna du: “Hezkuntza komunitatearen eta gizartearen babes handiagoko proposamenik ez dago gaur egun”.

Egin beharreko bidea zein den badakigula ere esan du Kontseiluko eledunak, “urteetako eskarmentuak erakutsi digu posible dela belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izatea. Ezin dugu onartu ikastereduak mantentzea, eta, ondorioz, urte luzez sistema horren ondorioz belaunaldi berrien euskalduntzea hipotekatzea. Ezin dugu onartu ikasleei berezko hizkuntza ikasteko eskubidea urratzea. Hezkuntzaren alorrean bidegurutzean gaude eta guztiok batera norabide egokia hartu behar dugu”.

Tokiko errealitate soziolinguistikoari erreparatu behar zaiola ere esan du Bilbaok, “bai, hain zuzen ere, soziolinguistikoki zailagoak diren guneetan inbertsio gehiago eginez, ez, ordea, lortu beharreko gaitasunak jaitsiz. Ikasle guztiek gaitasun berdinak lortzeko eskubidea dute, eta hori begirako inbertsioak egin behar dira”.

Eskaera zuzena eginez amaitu da Bilboko agerraldia eta horrela laburbildu du Kontseiluko idazkari nagusiak: “nahi dugu, Akordio honek lege berri bat ekarriko balu, bertan jasota egotea ikasteredu orokortu bat egongo dela Ikasle Euskaldun Eleaniztunak edota Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak jasotzen dituen baldintzetan. Halaber, hizkuntza-gaitasun horiek lortzeko beharrezko inbertsioak ere bermatu beharra eskatzen dugu”.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu