LAB SINDIKATUA

2017/10/23 :: 17:13

Azken Eguneraketa:2017/10/23 :: 13:02

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Hezkuntzan burujabetza behar dugu

Partekatu albistea
Dozenaka eragilek gaur goizean EAEko Hezkuntza Sailarekin etorkizuneko hezkuntza sistemaren oinarriak adosteko lehen batzarra izan dugu. Ondokoa da LAB sindikatuak egiten duen urgentziazko balorazioa, batzarraren aurretik egindakoaren ostean. LABek Eusko Jaurlaritzarekin gauza batean bat egiten du, egungo hezkuntza sistema zaharkitua dago eta berria behar dugu. Gure ustez, Euskal Herriak eta beraz baita EAEk ere, kalitatezko hezkuntza bermatu behar die ikasle guztiei. Hortik aurrera sartu bezala irten gara bileratik egindako galderak erantzunik gabe gelditu direlako.

LABen ustez, Euskal Herriaren bizi iraupen eta garapenerako Hezkuntza Sistema Burujabea behar dugu, Euskal Herritarrok erabaki behar dugu zer nolako hezkuntza sistema nahi dugun, parte hartze prozesu baten bidez. Hezkuntza Sailak behingoz Madrileko legeekiko dependentzia gainditu behar du eta Madrilera begiratzeari utzi behar dio. Kalitatezko hezkuntza eskaintzeko, Europa Iparraldera begiratu beharra dago eta ez Madrilera. Hezkuntza sailak LOMCE eta Heziberri bezalako markoetan oinarritutako itun edo legea egin nahi badu, gu ez gara traje horretan sartzen. Gaur hasitako prozesua egungo sisteman partxeak jartzeko bada, ez gara egongo.

Kontrara, gaur egungo hezkuntza sistema autonomikotik, hezkuntza sistema burujabe batera bidea egiteko borondatea badago LAB hor egongo da, behar diren proposamenak mahai gainean jarriz eta adostasunerako borondate osoarekin. Hezkuntza herriaren etorkizuna delako ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaini behar zaie, guk erabaki behar dugu gure publikotasun eredua, guk erabaki behar dugu zer eta nola ikasten den (hizkuntzak, curriculuma, pedagogia eredua, inklusioa, hezkidetza).

Gauzak horrela, hurrengo egun eta asteetan, prozesu honetan parte hartuko dugun edo ez erabakitzeko ikusten dizkiogun alde ilunak argitzen saiatuko gara.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu