LAB SINDIKATUA

2018/12/15 :: 0:29

Azken Eguneraketa:2018/12/14 :: 12:34

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Osasungintza Publikoa Darponek EPEari buruz proposatu duena irtenbide faltsua baino ez da

Darponek EPEari buruz proposatu duena irtenbide faltsua baino ez da

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea
Osasun Sailburuak eta Osakidetzako Zuzendariak inora ez doan bidean beste urrats bat baino ez dute eman gaurko agerraldian aurkeztutako neurriekin. Jakinarazitako EPE berri baten neurriok filtrazioen eskandalua estaltzea eta modu faltsuan ixtea baino ez dute helburu.

Darpon eta Mugica jaun-andereek haratago joan behar dute, ausardiaz jokatu, gertatu dena guztiz argitu arte, eta, bestaldetik, eztabaida ireki baten emaitza bezala kategoria guztiak jasoko lituzkeen EPE eredu berria martxan ipintzeko.

Zentzu honetan, LABek honakoak adierazi nahi ditu:

• EPE eredu berriaz hitz egin baino lehen, filtrazioen inguruan gertatu dena argitu behar da: zein kategoriatan filtratu zen informazioa, zelan filtratzen den informazio hori eta nortzuk diren errudunak eta onuradunak. Filtrazioen arduradun aktibo eta pasiboen zein filtrazioen onuradunen gaineko neurriak hartu behar dira.

Era berean, azterketak kategoria gehiagotan errepikatu behar dira, baina hori egin baino lehen, epai-mahaiak aldatu behar dira eta gertatu dena argitu. Osakidetzak zirkoa utzi behar du eta arduraz jokatu, nahi duten ikerketa hartu eta lanean serio hasi. Izan ere, Osakidetzak berak eskatutako Oviedoko ikerketaren emaitzen arabera, Osakidetzak 3 kategoriatako 5 azterketak errepikatzeko erabili diren irizpideei jarraituz, 17 kategoriatan errepikatu beharko lirateke azterketak. Lotsagarria.

• EPE eredu berria negoziazio eta eztabaida ireki eta serio baten emaitza baino ezin da izan, non, beste eragile batzuen artean, Mahai Sektorialeko sindikatuok gauden. Negoziazio hori ez da eman gaur arte. Ez ditugu onartuko aldebakarreko neurri isolatu eta partzial batzuk, hauek eskandalua estaltzea baino ez dutelako bilatzen. Non dago eztabaida prozesu hori? Darponen hitzetan, eztabaida bat emango da Jimenez Asensio adituak egindako txostena abiapuntu hartuta, baina ikusitakoa ikusita ezin ditugu sinestu sailburuaren hitzak.

Ildo berean, EPE eredu berri hori kategoria guztietarako izan behar da, ez soilik fakultatibo espezialisten kategorietarako. Izan ere, Osakidetzako EPE ereduaren ajeak ez dira soilik filtrazioak, arazoen zerrenda askoz luzeagoa da: azterketa mota, gaitegiak zelan eta zein gairekin osatzen diren, baremazioak, kudeaketa egiteko pertsonal falta (espero dezagun Mugica andereak iragarritako Giza Baliabideen arloaren berrantolaketak honetan laguntzea), tasak, euskararen tratamendua, etab. Adibidez, LABek jarraitzen du aldarrikatzen oinarrizko neurri bat: behin EPE bat gaindituta, nota hori mantendu ahal izatea hurrengo deialdi guztietarako, nota igotzeko aukera emanda gainditutako nota galtzeko arriskurik gabe.

Hau esanda, hamaikagarren aldiz esan nahi diegu Osakidetza eta Sailburuari hau ez dela bidea eta LABek ez duela onartuko ustelkeria administrazio publikoan. Gertatu dena muineraino ikertu eta EPE eredu serio baten aldeko negoziazio abiatzeko prest badaude, LABekin konta dezakete; bestela, aurrean izango gaituzte.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.