LAB SINDIKATUA

2019/01/21 :: 10:13

Azken Eguneraketa:2019/01/21 :: 7:37

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Udal eta Foru Administrazioa Aldaketarako aukera galdu du Urtaranek

Aldaketarako aukera galdu du Urtaranek

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea
Gasteizko Udaleko aurrekontuak prorrogatuko dituztenaren berria jaso genuen atzo eta ezin dugu esan ezustean harrapatu gaituenik. EAJ instituzioak gestionatzeko ahalmenaz eta akordiotara heltzeko gaitasunaz harro agertu ohi da, baina begi-bistan geratzen ari da gauzak ez direla horrela. Gasteizko Udalean ere ez du lortu babes nahikorik aurkeztutako zirriborroarekiko; hortaz, legealdi honetan aurrekontuak prorrogatzen diren bigarren aldia izango da honakoa eta honi gehitu behar dizkiogu Arabako zein EAEko aurrekontuen negoziazioen porrotak.

Gasteizko Ogasuneko zinegotzi den Itziar Gonzalok adosteko interes falta leporatzen dio oposizioari, guk ez dakigu hala den ala ez baina esan beharra daukagu EAJk orain arte demostratu duen interes bakarra izan dela patronalarekin adostekoa, adibidez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (IAE) enpresentzako hobari handiagoak aplikatzeko akordioa sinatu zuenean bezala PP eta PSE-EErekin batera.

Herritarron onurari begirako akordiotara heltzeko EAJk duen gaitasun edota borondate eskasa agerian geratu da, Gasteizen bizi dugun egoera sozioekonomikoa hobetuko duten neurriak gehien behar ditugun momentuan, hain zuen ere.

Bizilagunen ongizatea bermatu nahi dutela diote Udal Gobernutik, baina horretarako nahitaezkoa da apustu irmoa egitea zerbitzu publikoak kalitatezkoak izateko. Gaur egun, ordea, murrizketak dira nagusi eta udal langileen aldarrikapenei entzungor jarraitzen dute.

Gizarte kohesioa bilatzen dutela diote, baina gizarte larrialdiei erantzuteko baliabideak geroz eta urriagoak dira eta bai zerbitzu sozialetan lan egiten dutenen baldintzak, bai bertan daudenen bizi baldintzak, geroz eta prekarioagoak dira eta horrela ezinezkoa da bazterketa sozialarekin bukatzea.

Enpleguaren aldeko inbertsioa enplegu-plan berri baten bitartez gauzatzea aurreikusten zen aurkeztutako zirriborroan, baina benetan behar duguna da enplegu duina bermatuko duen plana eta ez prekarizazioan sakontzen jarraituko duena. Behin-behinekotasunarekin, diskriminazioarekin, pribatizazioekin, miseriazko soldatekin bukatuko duen plana behar dugu, horrek lagunduko luke gainera, gaur egun Udalak irekita dituen lan gatazka batzuei konponbidea ematen besteak beste, kale garbiketarena, rokodromoena, Biocompostekoa...

Aldaketarako aukera galdu du Urtaranek, herritarrok behar dugun hiri eredura hurbildu beharrean, urrundu egin gaitu eta bere legegintzaldi osoan burututako udal politikak PPren politikekin konparatuz gero, zaila egiten zaigu desberdintasunak antzematea. Urtaran Jauna, hauek ez dira gasteiztarrok behar ditugun aurrekontuak!.

 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.