LAB SINDIKATUA

2018/05/26 :: 12:21

Azken Eguneraketa:2018/05/26 :: 9:04

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Komunikabideak 41 langileren kontratazioa mugagabe bihurtzea lortu dugu ETBn, iruzurrari aurre eginda

41 langileren kontratazioa mugagabe bihurtzea lortu dugu ETBn, iruzurrari aurre eginda

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



LABek agerraldi bat egin du gaur, azken urteetan Euskal Telebistaren kontratazioaren inguruan izandako epaiketen ondorio garrantzitsuak azaltzeko eta sindikatuak gaiari buruz egindako txostena aurkezteko.


Oraindik ere lan poltsak eta kontratazioak era zuzen eta gardenean egiteko bidea egin beharra dago, Zuzendaritzak langileen eskubideak eta legeak urratzen jarraitzen duelako.

Azkenengo urteetan, zerbitzu publiko gehienetan behin-behinekotasunean oinarritzen den eredu bat bultzatu du EAJk. Enplegua egonkortu beharrean zerbitzu publikoak merkantilizatzeko neurriak sustatu ditu, eta hortik Europatik etorritako sententziak. Gaur egun mantendu nahi duten kontratazio eredua iruzurrean oinarrituta dago. Zoritxarrez, instituzioetatik hain larria den gaien inguruan, enplegua eta zerbitzuen kalitatea, negoziatzeko borondatea erakutsi beharrean, bide juridikoak hartzera behartu gaituzte kasu askotan, adibide argia EITBkoa.

ETBko LAB egiten ari den lana ez da amaitu, eta dagoeneko salaketa gehiago prestatzen ari da, Zuzendaritzak ez duelako inolako asmorik agertu egoera zuzentzeko. Kontran, kontratazio politika horrekin jarraitzeko asmo garbia du, eta legea betetzen duela esatera mugatzen da. 41 sententzia, eta oraindik baieztapen hori mantentzeko lotsa du EITBk.

EITBko Zuzendaritzarentzat sindikatuak eta epaitegiak sobera daudela frogatzeko beste adibide larri bat pairatu ahal izan dugu EAEko Auzitegi Nagusian izandako azken epaiketan. Hau da, hemengo epaitegiak eta sindikatuak gainetik kentzeko estrategian, gatazka kolektiboak Madrilera desbideratzeko erabakia hartu du, non euskal sindikatuok betatuta dugun ekimen juridiko aktiboa. Eusko Jaurlaritza bat al dator lan harremanak Madrilera bidaltzeko erabaki honekin?

LABek salatzen du ETB bere sorreratik modu partidistan erabili duela EAJk, eta komunikabide publikoa berea balitz bezala jokatzen jarraitu nahi duela. Salatzekoa da ere, txostenean agertzen diren bidegabekeriak ikusita (langileei eragin dieten prekarietatea, jakinaren gainean egindako lan hitzarmen eta legeen urraketa, diru publikoz ordaindu behar izandako kalte ordainak eta epaiketa gastuak...) erantzulerik ez egotea. Administrazio eta enpresa publikoetan kontratazioetan halako bidegabekeriak egin eta zigorrik ez egotea.

2000. urtearen bueltan, ETBko LABek dagoeneko kontratazioan ematen zen prekarietatearekin eta iluntasunarekin amaitzeko helburua estrategikotzat hartu zuen, eta azpikontratazioarekin eta langile egiturarekin batera, kontrataziorako lan poltsak eratzea ardatz gisa hartu zuen, bai negoziazio kolektiboan zein ekintza sindikalean ere. Erronka epe luzekoa eta zaila izango zela jakinda, argi zegoen hura zela bidea. Azken urteotan apustua emaitza onak ematen hasi dela garbi ikusten hasi gara.

Behin kontratazioaren gardentasuna lortzen hasita, datu argiagoekin lan egin ahal izan dugu, eta iruzurrak azaleratzen hasi dira. Honek, eta lan poltsa objektiboekin aritzeak, errazagoa egin du kaltetutako langileekin bat egitea. Kasuz kasu aztertu eta salaketa mota ezberdinak aurkezteari ekin genion. Txostenean agertzen den bezala, oraingoz 41 langileri «mugagabe ez finko» kontratua egin behar izan zaie epaitegiek hala aginduta: 13 ustezko autonomo kontratu; lan hitzarmenean agertzen ez den “artista” kontratuak 12 kasutan; eta kontratuak gaizki egiteagatik beste 16 langileri.

Epaiketa hauek guztiak prestatzeko egindako lan eskergan datu mordo bat aztertu behar izan ditugu, eta hainbat kasutan langileek beraiek ezagutzen ez zituzten egoerak azaleratzeko aukera eduki dugu. Txostenean jasotzen da adibidez:

• Korrespontsalietan autonomo kontratuak egin dira: autonomoetan altan eman gabe; Gizarte Segurantzan kotizatu gabe; BEZik ordaindu gabe.

• Egunkako kontratu mordoak, horrek dakarren ezegonkortasunarekin: 17 urtetan adibidez hiru langilek 600, 1.000 eta 1.300na kontratu eduki dute.

• Gizarte Segurantzari egindako iruzur bikoitza: erakundeari berari eta langileei 7 lan egunengatik bakarrik 5 kotizatu izan zaielako. Hemengo langileei pentsioetan egindako lapurreta ez da kasu honetan Madrilen errua.

• 8 langileri ia milioi erdi euroko kalte-ordaina ordaindu zaie. Langile hauek lan poltsan daudenez kontratatzen jarraitzen du enpresak.

• Diru kopuru horrez gain, kanpoko zerbitzu juridikoen gastua, ez dela txikia izango.

Kontratazioak zuzentzeko bidean, eta langile egitura zehazteko borroka honetan beste arazo garrantzitsu bat sortu du Zuzendaritzak, berriro ere ETBko sindikatuekin sinatutako akordioa urratuz. Hau da, Lan Hitzarmenean jasota daukagu heriotzagatik, erretiroagatik, edo bestelako arrazoirengatik joandako langile bakoitzagatik beste lanpostu bat sortzeko konpromisoa, bakanteak betetzea alegia. Oraingoz 66 diren bakante hauen arazo honekin (48 Bilbon eta 18 Miramonen) dagoeneko salaketa bana jarri dugu Bizkaiko eta Gipuzkoako Lan Ikuskaritzetan, bi lan zentroetako langile egiturak bermatzeari begira bide juridikoa ireki asmoz.

Akordioa ez betetzeko asmoa garbi adierazi du Zuzendaritzak. Langile egitura handitu egin behar dela garbi adierazten dituzte datuek eta epaiek, baina ETBren estrategia beste norabidean doa, egitura hustearena hain zuzen ere, bai Bilbon zein Miramonen ere.

Aipagarria ere beste aldetik gestoreen sistemaren kontra bete-betean emandako epaia, zeinaren bitartez ardura postuak ezin dira atzamarrez eta lan hitzarmenetik kanpo eman. LAB beti egon da sistema ilun honen kontra: gutxi batzuentzat sariak, gehienentzat prekaritatea, eta guztientzat irregulartasuna. Okerrena, gestore sistema honek langile egituran duen eragina eta lan harremanen desarautze orokorra. Ezinbestekoa da sistema hori bertan behera botatzea eta bere menpe dauden langile guztiak berriro ere langile guztion Lan Hitzarmenaren babespean jartzea.

LABek noski, ETBk behar duen langile egitura bermatzeko borrokan jarraituko du, eta egitura hau behar bezala bete dadin ere bai: gardentasunez eta objektibotasunez. Horretarako irregulartasunak eta prekaritatea pairatzen dutela ikusten duten langile guztiei gure gonbita eta laguntza eskaintzen diegu. Arazoari heldu zapaltzen jarraitzen ez uzteko, lan eta bizi baldintzei duintasuna emateko.

 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.