LAB SINDIKATUA

2017/10/22 :: 3:07

Azken Eguneraketa:2017/10/21 :: 14:45

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Nafarroako Administrazioa Nafarroako Gobernuko langileok 1.000 milioi euro galdu ditugu soldatetan

Nafarroako Gobernuko langileok 1.000 milioi euro galdu ditugu soldatetan

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



LAB sindikatuko Isabel Artiedak eta Txomin Gonzalezek Administrazioaren langileok 2010 eta 2017 urteen artean jasan duten dirusarien galeraz eginiko ikerlana aurkeztu dute. 2009. urteaz geroztik Nafarroako Gobernuaren langileok 1.000 milioi euro galdu ditugu soldatetan. Murrizketei ekin zietenean, salbuespenezko eta aldi bateko neurriez ari zirela erran zuten, eta egoera ekonomikoa aldatuko zenean itzuliko zituztela. Gaur egun, gobernuak harropuzten dira ekonomia bide onean ari delako eta Barne Produktu Gordina %3a baino gehiago hazten ari delako. Eskatzen ari gara behin betikoz ekin dakiola gure eros ahalmenaren berreskuratzeari.

Azken urteotan eta krisialdiaren aitzakiapean, PSOE/PP-ren (UPN Nafarroan) gobernuek hainbat neurri ezarri zuten, beti ere, administrazio publikoetako langileen soldatak eta lan eskubideak murrizteko helburuan.

Bi Errege Dekretu Lege onartu izana funtsezko tresna bilakatu zen. Horietako bat, 8/2010 ED-a alegia, Zapateroren PSOEk betearazi zuen 2010eko ekainaren batean. Haren bidez, soldatak %5ean murriztu zizkiguten. Zapaterok krisialdia aitzakia gisa erabili zuen, eta aldi baterako izaeraz hornitu zuen. Zergatien azalpenean jasotzen zen: “neurri honek bere biziko garrantzia dauka pertsonal-gastuak arrazionalak eta eraginkorrak izan daitezen, baita murritz daitezen eta denok dugun xedea gauza dadin, egungo aparteko abagune ekonomikoak bere horretan iraunen duen bitartean.” Horrez gain, PSOEk Gobernua utzi zuenean, aurrekontu orokorretako Legean ezarri soldata-izoztea oparitu zigun.

Bestea, Rajoyk zuzendutako PP-ren gobernuak onartu zuen; bankaren erreskatea ordaindu ahal izateko soldata murrizteko neurriak inplementatu zituen. Honela, 2012ko uztailean, behin onartu zela 20/2012 EDL, haren bidez, abenduko aparteko ordainsari ebatsi zitzaigun, haren agintaldiak iraun zituen lau urtean soldatak izoztu zizkiguten, urteko lanaldia areagotu ziguten, plantillak berritu ahal izatea eta beste eskubide eta lan baldintzak mugatzen zitzaizkigun (LEP). Rajoyk ere murrizketak aldi batez emanen zirela zioen, eta zergatien azalpenean jasotzen zen: "neurri hauetako batzuk aldi batez emanen dira, eta ezartzekotan, ez-ohiko baldintzak aldi batera suertatuko direnean bakarrik ezarriko dira; haren indarraldia ekonomia pairatzen ari den egungo egoera zailaren menpe egonen da”.



Baina errealitatea bertzelakoa da. BPG 12 hiruhilekoz hazi ondoren, azkenak %3tik gora, itzulerak 2012. urteko aparteko ordainsarira mugatu dira, ez dira 2010. urtean ostu zuten %5era ere iritsi, ez eta soldatak KPIrekin eguneratu ere.

Nafarroan, gobernu aldaketari esker, abenduko aparteko ordainsari osoa itzuli zaigu; hala ere, beste murrizketei eusten zaie. Ez dugu ahazten administrazio publikoetako ezegonkortasuna eta behin-behinekotasuna ikaragarri handitu dela zerbitzu publikoetan hutsuneak, eraginkortasun eza eta kalitatearen galera eraginez.

Ez da neurririk bideratu ere langileek berreskura dezaten azken urteotan galduriko eros ahalmena, ez eta berma dadin soldatak KPIaren arabera egunera daitezela. Geroa Bairen egungo gobernuak, estatu mailako araudietan babestuz, ez du ontzat eman aurreko gobernuek ostu ziguten dirua itzul dakigun. Are gehiago, aldaketaren Gobernua agintzen ari dela, eros ahalmena galtzen ari gara oraindik. Ekonomia munta handiez ari gara. Alde batetik, “krisialdiko” urte hauetan kobratu ez dugun dirutza guztiaz, eta bestetik, ondoren azalduko dugun murrizketa aurreko gure soldaten beharrezko eros ahalmena berreskuratzeaz.

Kontsumorako Prezioen Indizeak erabiliz, azken zazpi urtean pilatutako galera soldata murriztapenaren %13,4koa litzateke: 2010. urtean batez besteko murrizketa %5ekoa izan zen, gehi soldata-izoztuen batura (%8,4). Argitze aldera, urteko 20.000 eurotako soldata batean, ezarri murrizketok 2.680 € urteko egiten diote kalte eros ahalmenari.

Baina antzeman, gure soldaten errenta ostu izanaren egiazko garrantzia benetan antzematen da murrizketei eta soldata izozteari ekin zitzaionetik, langile atalean erabili ez den ekonomia munta guztia zenbatzen denean, erabili dena bankuekiko zorrak eta kapitalaren beste beharrak ordaintzeko. Nafarroako kontuetako datu ofizialak erabiliz, ohartuko gara zenbat eta zenbat diru isuri den gure poltsikoetatik.

Nafarroako 2009. urteko kontuen arabera, pertsonal-gastuak 1.176,31 milioi eurotakoa izan zen. Urte hartako datuak erabiliko ditugu KPIaren eguneraketak kalkulatzeko oinarritzat, 2010. urtean jadanik hasi zirelako soldata-murrizketak eta izozteak.

Langile bakoitzaren galera urte osoko soldata bat da

Langileoi ia 1.000 milioi euro ebatsi dizkigute. Gaur egun, gure soldatak krisialdiari ekin zitzaionean baino askoz ere apalagoak dira. Adibidez: 2009. urtean 36.000 € irabazten zuenak, gaur egun, 35.000 € irabazten ditu; eta kopuru horri gehitzen badiogu KPI-a, urteotan 34.000 euro galdu ditu. Ia urte bateko soldataz ari gara!

LAB sindikatuak ez dio egungo Nafarroako Gobernuari leporatzen administrazioetako langileok pairatu izan dugun lapurreta: ez litzateke zuzena izanen. Baina, hala ere, ez da zuzena ere azken urteotan galdu dugun eros ahalmena berreskuratzeari ez ekitea.

LABek indar betez eskatuko du behin betikoz amai dadin bidegabekeria honekin; eta gure gobernariek diotenez, krisialdia iraganekoa kontua bada (krisialdia aurreko BPGa berreskuratu da), eta hazkunde ekonomikoa %3a baino handiagoak diren tasetan egonkortzen bada, ez dago aitzakiarik ebatsitakoa ez itzultzeko.

 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu