LAB SINDIKATUA

2018/11/17 :: 7:22

Azken Eguneraketa:2018/11/16 :: 11:45

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Mahai orokorra Eusko Jaurlaritzak ez du enplegu planen negoziazioaz entzun nahi, eta akordio teknikoen argazkietara mugatzen du negoziazio kolektiboa

Eusko Jaurlaritzak ez du enplegu planen negoziazioaz entzun nahi, eta akordio teknikoen argazkietara mugatzen du negoziazio kolektiboa

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



Gaurko Mahai Orokorreko bileran gai bakarra izan dugu eztabaidagai, lan kontratudun langileentzat erretiro partzialerako proposamena hain zuzen ere. Behin eta berriz eskatu egin badiogu ere, gobernuak ez du bestelako gairik mahaiaren gainean jarri.

Badirudi administrazio publikoetan enpleguari dagokionez ez dutela bestelako erronkarik antzematen, eta sindikatuon papera negoziazio kolektiborako baino, akordio tekniko hutsetara mugatzen dute, protokolo edo photo-call argazkietarako alegia. Madrilek agindutako erretiroaren erreformaren traslado tekniko hutsa ordezkaritzaren gutxiengoarekin adostu izana horren froga argia da, akordioaren beharrik ere ez zegoelako. LABek ez du joko horretan parte hartu eta ez du akordioa babestu.

Jakina da sektore publikoan enpleguaren egoera kaxkarra dela benetan. Etengabe salatzen ari gara behin-behinekotasun tasa handiak, pribatizazioak eta bere garaian egindako murrizketak betirako gelditzea. Garbi dago Eusko Jaurlaritzak ez daukala egoerari buelta emateko inolako asmorik, ez baitu enpleguari begira ditugun erronken inguruan inolako plangintza bat aurkezten. Argi utzi du Jaurlaritzak enplegu kopurua zehaztu duela, eta inposaketa hori sektoreetan negoziatuko dela.

Enplegu plan integral bat da hain zuzen aspaldian LABek egiten duen aldarrikapena. Neurri partzialek ez diete sektore publikoak dituen oinarrizko beharrei erantzuten. Gure ustez, gaur egun ditugun beharrak zein etorkizunekoak kontutan hartu behar dira; behin-behinekotasuna eta etorkizuneko erretiroen ordezkapena hain zuzen. Horregatik enplegu plan horretan gutxienez gai hauek kontutan hartu beharko lirateke:

• Behin-behinekotasunarekin amaitzeko bakante guztiak deialdi publikoetara atera behar dira.
• Kontsolidazio deialdiak adostu behar dira.
• Funtzionarioentzat aurrez erretiratze sariak berreskuratu behar dira.
• Errelebo kontratua lan kontratudun guztiei zabaldu behar zaie.
• Erretiratzen diren langileen plazak deialdi publikora urtero atera behar dira.
• Beharrezkoak diren lanpostu guztiak sortu behar dira.

Bileran berriro ere enplegu publikorako plan integral baten negoziatzea proposatu dugu, eta argi daukagu Jaurlaritzak ez duela halakorik nahi, eta bere neurriak alde bakarrez prestatzen eta inposatzen jarraituko duela. LABen ez gaude argazki edo publizitate hutsezko sinaduretarako prest, eta argi dugu benetako eta edukiak dituen negoziazio bat bilatzen badugu, langileon mobilizazioaren bitartez bakarrik lortuko dugula.

 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.