LAB SINDIKATUA

2018/06/18 :: 13:16

Azken Eguneraketa:2018/06/18 :: 6:52

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Zerbitzu Soziokomunitarioa Beteluko AMAVIR egoitzako langileek bizi duten lan gatazkari konponbide bat bilatzea eskatu diote Nafarroako Parlamentuari

Beteluko AMAVIR egoitzako langileek bizi duten lan gatazkari konponbide bat bilatzea eskatu diote Nafarroako Parlamentuari

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



Eskubide Sozialen Batzordean hartu dute hitza langileek, eta zaharren egoitzako helduei zaintza egokia emateko lan baldintzarik ez dutela salatu dute. Agerraldia egin duten bitartean, elkarretaratze bat egin dute kanpoaldean, lan baldintza duinen defentsan.

Hauxe da Beteluko zaharren egoitzako langileek kaleratu duten oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Lehenik eta behin esker ona adierazi nahi dizuegu gaurko saiora gonbidatu diguzuen talde parlamentarioei eta gu entzuteko prest etorri zareten guztiei. Gaurko honetan, egoitzan lan egiten dugun langileok bizi dugun egoera larria ezagutzara eman nahi dizuegu. Hortaz, eta era berean, Amavir taldeak gure zaharrei zaintza egokia bermatzen ez dien zerbitzuaz egiten duen kudeaketa salatu nahi dugu.

Beteluko egoitza enpresa independiente bezala eratua dago, Amavir taldeak %67an parte duena. Horren herena Beteluko udalarena da. Egoitzan, gaur egun, 40 barne-egoiliar daude, horietako 25 ohe kontzertatuak daude 2014ko martxoaz geroztik. Egun, 25 langilek dihardute egoitzan kontratu ez-mugatu batez eta 7k behin-behineko kontratuez.

2013ko abuztuaren 1az geroztik, Mariano Rajoyren gobernuak onartu zuen lan erreformaren ondorioak pairatzen ari gara. Amavir taldea, herri honetako udalaren konplizitateaz, alde bakarreko erabaki hartatik bereizi zen, eta Mendeko Pertsonen Zaintza eta Norberaren Autonomiaren Garapen Zerbitzuen Estatu mailako Hitzarmen Kolektiboa ezarri zigun. Honek ekarri du pertsona bakoitzak, bataz beste, 4.500 euro galdu dugula, eta soldatak 1000 euroren azpitik izatea. Ordurako gure soldatak kaskarrak baziren ere, murrizketa handia pairatu zuten, eta gaurko egunez, Amavir taldeko enpresetan lan egiten duten gainerako langileek baino %13a gutxiago irabazten dugu oraindik. Gainera, 2013an baino 100 ordu gehiagoz egiten dugu lan, urtean 1.692 lanordu izatetik, 1.792 lanordutara igaro gara. Beste hainbeste suertatzen da Ibañetako egoitzan, estatu mailako hitzarmena ezarri zuena 2013an. Enpresak diskriminatuta gaitu taldeak Iruñean dituen beste egoitzekin alderatzen badugu; Oblatas, Mutilva eta Argaray.

Gaur egun, enpresak 45 plaza ditu eta horietatik 41 beteak daude. 25 ohe kontzertatuta daude Nafarroako Gobernuarekin. Azpimarratu nahi dugu Nafarroako Gobernuak berdina ordaintzen duela Oblatas, Mutiloa edo Argarayko egoitzetan, eta guzti horietan gure egoitzan baino lan baldintza hobeak daude. Betelun eta Ibañetako egoitzei ekiparazioa ukatzen digute. Beraz, esan dezakegu Amavir taldea aberastu egiten dela diru publikoa erabiliz, enpresa batzuetan kontziertoaren dirua hitzarmen estataleko soldatak ordaintzeko erabiltzen da, eta beste batzuetan baldintza hobeak daude.

Laster beteko da urtebete enpresari gure proposamena aurkeztu geniola eta oraindik ez dugu horren erantzunik jaso. Azaroan, gure egoeraren berri publikoki ematen hasi ginen eta enpresak proposamen bat egin zigun. Proposamenak bi plus aldagarri proposatzen zituen, lehenengoak absentismoarekin zuen zerikusia eta bigarrenak egoitzaren okupazioarekin. Proposamena onartezina iruditzen zaigu, batetik, beste zentro batzuetan baino 100 ordu gehiago lan eginez eta ordezkapenik gabe, zaila delako jada baxua den absentismoa jaistea. Eta bestetik, egoitzaren okupazioa ez dagoelako gure esku. Enpresak egindako proposamena industriako enpresa bati zuzendua dago eta ez du balio pertsonak zaintzen dituen egoitza baterako. Onartezina deritzogu.

Menpeko pertsonen zaintzarena lanbide gogorra da eta zerbitzu publiko horrek ez luke inoiz negozio bilakatu behar. Gaurko baldintzetan, ezinezkoa da zerbitzu duina eskaintzea pertsonei. Langileek ezin diezaiokete eutsi gero eta atsekabegarria den egoera honi eta horren ondorioz, gero eta denbora gutxiago eusten diote lanpostuari; enpresa ez da gai sortzen diren bajei aurre egiteko; behartuak gaude beste lankideen atsedenaldiaz txandak betetzera, hainbat langilek txandak bikoiztu behar izan dituzte amaiezinak diren lanaldietan; maiz erizaintzako eginkizunak bete behar izaten ditugu, erizaintzako eginkizunak betetzeko arazoak daudelako. Horrela, abar luze bat aipa genezake. Horrek adierazten digu, egungo lan baldintzetan, pertsonei eskaini behar zaien zaintza ezin daitekeela inondik inora bermatu. Gainera, kontuan hartu behar da ere, pertsona horiek gero eta zaintza handiagoa behar dutela eta hauen menpekotasun maila handiagoa dela.

Egoera honi gehitu behar diogu Amavir taldeak agertu duen jarrera, langileekin eta hauen sindikatuko ordezkaritzarekin mintzatzera ukatzen baita langileen arazoez. Amavir taldeko beste langileekin alderatuta, gutxietsiak, ahaztuak eta baztertuak sentitzen gara.

Horren adibide garbia, enpresak duen egoera ekonomikoari buruzko informazioarekin suertatzen ari dena da. Enpresak, nahiz eta maiz haren jarrera arazo ekonomikoak argudiatuz zuritzen duen, legalki dagokigun informazio ekonomikoa ukatzen digu. Enpresak eman zizkigun azken balantzea 2015ekoa da eta 2016koen zain gaude. 2015ekoan adierazten zen egoitzari abiarazteko egin ziren inbertsioen “motxila”. Hala ere, urte hartako bilakaera positiboa izan zen, diru-sarrera eta gastuen arteko harremana zuzena izatera iritsi zelarik. Honi gehitu behar diogu, gaur egun, enpresak 25 ohe kontzertatuak dituela, eta horrek esan nahi du sarrerak finkoak izanen direla, kontzertuari eutsiko zaion bitartean eta okupatze edo betetze tasa %90ekoa izanik.

Honengatik, salatu behar dugu ASISTENCIAL VILLA DE BETELU egoitzan bizi den egoeraren arduradun nagusia Amavir taldea dela, non ez den bermatzen egoiliarren zaintza zuzena eta pairatu behar izaten dugun lan baldintza kaskarren arduraduna den.

Beteluko Udalak ere badu ardura gai honetan eta Nafar Gobernuak ere zerbait egin dezakeela uste dugu. Ez da onargarria, inondik inora Beteluko ohe kontzertatu batek eta Argarayko ohe batek berdina balio izatea, Beteluko langileok 100 ordu gehiago lan egin dugu eta urtean %13 gutxiago kobratzen dugunean.

 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.