LAB SINDIKATUA

2018/02/20 :: 22:31

Azken Eguneraketa:2018/02/20 :: 14:05

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Eusko Jaurlaritza EUSTATeko enplegua duindu eta egonkortzearen alde egiten dugu, pribatizazio eta prekarietateari amaiera emanez

EUSTATeko enplegua duindu eta egonkortzearen alde egiten dugu, pribatizazio eta prekarietateari amaiera emanez

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



Aurreko astean, hurrengo 4 urtetarako Estatistika Plana aurkeztu zen, horrekin batera, Gobernuak aurkeztu duen Lan Postuen Zerrendari alegazioak egiteko epea bukatu zen. Bi gertaera hauek EUSTATeko langileentzat oso garrantzitsuak izan dira, batetik, gobernuak egindako lanpostuen zerrendarekin lan prekarioa betikotu nahi dutelako, eta bestetik iragarri zituzten ikerketa lan guztietatik, %80 pribatizatuko dutelakoan gaudelako. EUSTATeko langileek, gehienak emakumeak, 30 urte daramate euren egoera salatzen, eurentzat lanik ez dagoela esaten diete eta enpresa pribatuak kontratatzen dituzte langileak langabezian uzten dituzten bitartean. Hori da Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen enplegu plana, prekarizazioan eta pribatizazioan oinarrituta. Hau guztiari buruz hitz egiteko, Eustat eta Eusko Jaurlaritzako LABeko delegatuek agerraldi bat egin dute gaur Bilbon.

Hauxe da langileek gaurko agerraldian egin duten irakurketa:

Gobernuak Pribatizazio politikan sakontzen du, eta antolaketa tamalgarri batekin EUSTAT institutua prekarietatera kondenatzen du.

Aurreko ostiralean bukatu zen Gobernuak, mahai sektorialean sindikatuoi aurkeztu zigun EUSTATeko lanpostuen zerrendari alegazioak aurkezteko epea. LAB sindikatuak bere alegazioak aurkeztu ditu.

Gure alegazioekin, betidanik langileok borrokatu dugun helburu berdina aldarrikatu nahi izan dugu: langileon prekarietatearekin bukatzea. EUSTATeko langileok Gobernuak eman dituen azken urratsekin oso kezkatuta gaude, prekarizazioan sakontzeko bideari eusten diotelako.

Gaur egun arte, bizi izan dugun egoera behin eta berriro instituzio ezberdinetan, Parlamentuan edo Arartekoan adibidez, salatu ostean eta, Eusko Jaurlaritzak gure eskubideak urratu eta gero, epaitegietan lortutako epaiei esker, mugagabe diskontinuo ginela zehazten dutenak, egiturazko lan postuak sortzera behartu dugu administrazioa. Eusko Jaurlaritzak, gaur egun EUSTAT institutuan egin duen kudeaketa tamalgarriarekin batera langileon kalterako eta gure lan baldintza prekarioak betikotzeko tresna bihurtu du aurkeztutako lan postuen zerrenda. Prekarietatera, ezegonkortasunera eta zenbat, nola eta non lan egingo dugun ez jakitearen zalantzara kondenatzen gaituzte.

Urtero, EUSTAT institutuak egin behar dituen ikerketa lan gehienak edo Jaurlaritzako sail ezberdinetatik egiten direnak enpresa pribatuen bitartez egiten dira. Aurreko asteazkenean, 2018-2022 Estatistika planaren aurreproiektuaren legeari bide eman zitzaion. Aurreproiektu horretan iragarri zuten 228 ikerketa lan egingo zituztela eta urtero 18 miloi euro inbertituko zutela. Zoritxarrez, aurreproiektu horretako lan karga gehiena enpresa pribatuen esku geratuko da, guk, EUSTATeko langileok, 4 edo 6 hilabetetako kontratuak ditugun bitartean. 228 ikerketa horietatatik 12 edo gehienez, 15 baino ez dira egingo Eustateko langileen bitartez. Lan karga horrekin, epaia dugun langileok 4 edo 6 hilabetetarako kontratuak baino ez ditugu izango, administrazioak dauka sailkapen maila baxuena aplikatuz.

Urtarrilaren 22an argitaratu zen EAEko aldizkari ofizialean azkenengo ikerketa pribatizatzeko iragarkia, guk langabezian jarraitzen genuen bitartean. EUSTATen lan karga Enpresa pribatuen eskuetan uzten da, gu langabezian utzita. Hori da, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen enplegu plana? Hori da instituzio publiko batek sustatzen dituen lan baldintzak?

LAB sindikatutik Eusko Jaurlaritzari Parlamentuak adierazitakoa bete dezala eskatzen diogu, zeinak EUSTATi eskatzen dion egoera honi konponbidea ematera eta egungo langileei lanpostua lanaldiaren %100arekin bermatzera eta EUSTAT zerbitzu publikoaren eta langileon lan-baldintzen defentsan benetako apustua egin dezala. Negoziazioaren bitartez, enplegu duina lortzeko urratsak eman ditzala eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Pribatizazio politika alde batera utzita, ikerketa guztiak EUSTATen esku uztea exijitzen diogu, merkeagoa delako, kalitateko enplegua bermatzeko bidea delako eta emakumeok osatzen dugun kolektibo honetan behar dugun duintasuna eta egonkortasuna zor digutelako. 
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu