LAB SINDIKATUA

2017/12/14 :: 9:06

Azken Eguneraketa:2017/12/13 :: 15:55

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Enplegu Publikoa Zerbitzu publikoak defendatu eta garatzeko gaitasun legegile osoa garatu beharko du Eusko Legebiltzarrak, Espainiatik datozen irizpide murritzaile eta merkantilisten aurrean

Zerbitzu publikoak defendatu eta garatzeko gaitasun legegile osoa garatu beharko du Eusko Legebiltzarrak, Espainiatik datozen irizpide murritzaile eta merkantilisten aurrean

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Enplegu Publikoaren Legearen zirriborroa aztertuta, garbi gelditzen da, LAB Sindikatuaren ustez, zerbitzu publikoen ahultze eta garapen ezaren estrategiak bere horretan mantentzen dela. Negoziazio mahai ezberdinetan edo aurrekontuak aurkezterako garaian ikusten den bezala, ez dugu ikusten EAJren aldetik zerbitzu publikoak defendatzeko inongo borondaterik.

Lege aurreproiektu hau jarrera horren adierazgarri bada ere:

• Lehenik eta behin, Legea ez da Espainiako EBEP delakoaren esparrutik batere aldentzen; esan dezakegu Espainiako legediaren garapen hutsa dela. Eusko Legebiltzarrak izan dezakeen legeztatzeko gaitasuna baliatzea, administrazio publikoen Euskal Esparruen garapena alegia, ez da lege honen helburua.

• Lege guztian zehar Alderdi Popularraren eskutik estatuan gailentzen ari den ikuspegi merkantilista barneratu nahi du euskal administrazioetan. Zerbitzu publikoen kudeaketa ezin da irabazi asmoa daukaten enpresen ikuspegi berdinarekin egin. Lege proiektuaren arabera, administrazioetan mugarik gabeko malgutasuna eta kaleratzeak ere aurreikusten dira. Pribatizazioekin bukatu edo ateak ixteko neurririk ez du planteatzen, bai ordea kontrako bidean hainbat neurri planteatzen ditu.

• Hori guztia gutxi ez bada, euskal administrazioak behin-behinekotasunera kondenatzen dituen legea izango da. Kontsolidaziorako irizpideak ez ditu argitzen eta ez ditu beharrezkoak diren lanpostuetarako finkatze prozesuak aurreikusten. Europako epaitegietatik langileen alde etorritako epaiak eta zuzentarauak saihestuz, Eusko Jaurlaritzak gaur egun dagoen behin-behinekotasun egoera betikotzea oso larria da. Euskal zerbitzu publikoen etorkizuna estatuko birjartze tasen aginduetara geldituko dira. Gai estrategiko honetan Jaurlaritzak orain egiten ari dena egiten jarraitzera mugatuko dela argi utzi du.

Gure ustez Lege egitasmo batek ematen dituen aukera guztiak baliatu beharko genituzke oraingoan ere. Argi eta garbi esan nahi diogu gobernuari ez dugula espainiar lege murriztaileen garapen soil bat onartuko. Zerbitzu publikoak defendatu eta garatzeko Eusko Legebiltzarrak gaitasun legegile osoa garatu beharko du, Espainiatik datozen irizpide murriztaile eta merkantilisten aurrean.

LAB sindikatuak oso garbi dauka zerbitzu publikoen kalitatea eta zerbitzu publikoetan enpleguaren kalitatea erabat lotuta daudela. Horrela defendatuko dugu lege honen eztabaidan zehar eta horretarako proposamen zehatzek egingo ditugu. Oso argi gelditu da ere Jaurlaritza aurreko legegintzaldian onartu ezin izan zuen proiektu berbera berriro parlamentura eramateko asmoa duela. LABek zerbitzu publikoentzat eta langileentzat kaltegarri den egitasmo hau aurrera atera ez dadin borrokatuko du oraingoan ere.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu