LAB SINDIKATUA

2018/11/17 :: 7:22

Azken Eguneraketa:2018/11/16 :: 11:45

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PUBLIKOAK Irakaskuntza LABek gogor salatzen du EAEko LEPen inguruan Cristina Uriartek egin duen irakurketa demagogiko eta sinplista

LABek gogor salatzen du EAEko LEPen inguruan Cristina Uriartek egin duen irakurketa demagogiko eta sinplista

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea

Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak agerraldia egin du gaur Gasteizko Parlamentuko du Hezkuntza batzordean, Lan Eskaintza Publikoen (LEP) prozesuaren eta ereduaren inguruan azalpenak emateko. LABek gogor salatu nahi du Hezkuntza Sailburuaren interbentzioa, ikasturte honetako LEP prozesuan izandako emaitzak parte hartzaile kopuru eskasari leporatuz.

Emaitza horiek justifikatzeko behin-behineko irakasleek oposaketarik egin nahi ez dutela eta ez dutela parte hartzen argudiatzea, oso pobrea eta maltzurra iruditzen zaigu, irakasleen kolektiboan kokatzen baitu arazoaren foko eta oinarria. Gainera, ez du inolako hausnarketarik planteatzen zergatik ematen ote den horrelako parte hartze baxurik. Langileen adina haintzat hartu al du? Langileen lana eta bizitza pertsonala uztartzeko baliabiderik eskaini al du? Irakaskuntzako oposaketetan planteatzen den prozedura ikaragarri konplexu, zail, luze, korapilatsu, ilun eta subjektiboa aintzat hartu al du? Erreklamazioek inolako ibilbiderik ez dutela kontenplatu du? Frogak eliminatorioak direla baloratu al du? Ebaluaketa irizpide ilun eta orokorregiak erabiltzen dituztela kontutan hartu al du? Erantzunak argiak dira. Ezezkoa kasu guztietan. Gainera, Espainiako estatuarekiko menpekotasuna onartu eta betikotzen du Hezkuntza Sailak, burujabetza eta konpetentzia guztien eskumenei borondatez uko eginez. Irakasleak oposaketetara aurkeztera motibatzeko bidea bilatu beharra daukagula ere aipatu du. Kezkagarria iruditzen zaigu motibatzeaz hitz egiten duenean behartzeaz hitz egiten ari ez ote den. Izan ere, izangaiak motibatzeko formula arestian aipatutako elementuak aintzat hartuz etorriko da, inolaz ere inposaketaren bidetik. Prozesu erakargarriak egitea saritzearekin lotzeak ere arrisku handiak ditu, praktikan inposaketa litzatekeelako. Administrazioak buruan duen metodologia konduktistarekin ez du bat egiten LAB sindikatuak.

LABek oposaketa ereduaren goitik beherako aldaketa aldarrikatzen du, prozesu honek ez baititu irakasle trebatuenak ematen. Paradoxikoa iruditzen zaigu Heziberri planean konpetentzietaz hitz egitea, konstruktibismoaz, soziokonstruktibismoaz eta pedagogia berritzaileetaz, eta paraleloki irakasleen LEP eredu arkaiko, erabat memoristiko eta subjektiboa mahaigaineratzea. Deigarria egiten zaigu ere epaimahai guztietan gainditu kopuru beretsuak ematea kasu guztietan, eta ikasturtez ikasturte errepikatzen den zerbait izatea. Susmagarria erabat. Tamalez, epaimahaien esku geratzen ez den irizpide ilun hori nondik datorren susmatzen dugu. Ahozko defentsa izangai guztiek egiteko epeak asko luzatuko lirateke eta prozesuak derrigorrean uztailean amaituta egon beharra du administrazioaren aburuz. Gainera, ahozko defentsa da hain zuzen ere irakaslearen trebakuntza eta maila hobekien isladatzen duen prozesuaren zatia, eta atal honetan emaitzak oso onak izan ohi dira, gainditu kopurua %100ra hurbiltzen delarik. Horrela gauzak, oposaketa eredua erabat berritzeaz gain, beharrezkoa zaigu behin-behineko irakasleen eta ikastetxeen egonkortasuna bermatuko lukeen planteamendu bat adostea. Beharrezkoa da planteamendu integral bat, bai behintzat ikastetxeetan proiektu pedagogiko sendoak aurrera ateratzeko eta langileen lan baldintzak duintzeko. Ikastetxeak eta langileak egonkortzeko, prozeduren maiztasuna adostu beharko litzateke, lekualdatze lehiaketak, oposaketa deialdiak eta abar bat eginez. Behin behineko irakasleek eskualdekako zonifikazioa hautatzeko aukera eduki beharko lukete eta formakuntza jarraiari baliabide handiagoak eskaini beharko litzaizkioke besteak beste.

LABek, bestelako egonkortasun eredu baten alde borrokan tinko jarraituko du, hezkuntza sistema propio eta burujabea defendatuz.

 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.