LAB SINDIKATUA

2019/01/18 :: 21:16

Azken Eguneraketa:2019/01/18 :: 9:35

HIZKUNTZA
Hemen zaude: FEDERAZIOAK ZERBITZU PRIBATUAK Elikagaigintza [IRITZIA] "Azkoiengo Baratzea"

[IRITZIA] "Azkoiengo Baratzea"

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



LABeko kide Asier Azpilikuetak duela aste batzuk egindako iritzi artikuluaren jarraipena idatzi du, "Berria" egunkarirako. Huerta de Peraltako lan gatazkari buruz hitz egiten du idatzi honetan ere. Zentzu honetan, Azkoiengo enpresako grebalariek beste hitzordu bat dute gaur, urtarrilak 9: auto karabana bat egingo dute, 16:00etan, enpresaren ataritik abiatuta.



“Hokoke… hokoke… damun fi oroke. Lan hansaha lau adamuni” ari gara egunotan kantatzen Huerta de Peraltako langileen eguneroko mobilizazioetan. Guk halaxe itzuli dugu: “Nire eskubideak nire zainetako odola dira. Hiltzen banaute ere, ez ditut ahantziko”. Hala moduko itzulpena izanen da ziurrenik, eta kantatzera animatzen garen bakoitzean zenbat ostiko ez dizkiogu arabierazko ahoskerari emanen. Langileek “Jo ta ke, irabazi arte” oihukatzen dutenean bezainbertze.

Baina berdin dio. Egunotan erakutsitako duintasun, elkartasun eta babes keinuek txikikeria horiek anekdota polit bilakatzen baitituzte.

Huerta de Peraltako langileen borroka gogorra izaten ari da. Ikaragarrizko esplotazioa eta prekarietatea jasaten ari zirelako hasi ziren antolatzen. LAB sindikatuaren babesa bilatu eta aurkitu zuten. Hitzarmen kolektiboan jasota dauden oinarrizko eskubideak eskatzen hasi ziren. Enpresak urtetan ordaindu ez ziena eskatzen hasi ziren. Eta enpresak kaleratzeekin eta zigorrekin erantzun zien.

Enpresak, gutxienez, 440.000 euro zor dizkie langileei. Berriz erranen dut: 440.000 euro. Batere lotsarik gabeko enpresari horiek aberasten ibili baitira langileak esplotatzen zituzten bitartean. Eta orain, langileak ahaldundu direlarik, beraiei dagokiena eskuratzea baino eskatzen ez dutelarik, enpresariak lotsagorritu ordez, harroputz agertu zaizkigu, beren enpresa eredugarria dela erran digute, beraiek demokratak direla eta gu biolentoak, beraiek zintzoak direla eta gu gezurtiak. Prekarietatearen bortizkeria estrukturala erabili duenak erran du hori, Foruzaingoaren bortizkeria fisikoa erabili duenak, epaiketa bat bertzearen atzetik galtzen ari denak.

Nafarroan badira nekazaritza enpresari asko hitzarmena bete eta lan eskubideak aintzat hartzen dituztenak. Baina Huerta de Peraltakoak ez dira halakoak. Eta horregatik egin behar zaie aurre, inoiz baino tinkoago, kazikeek gure herrietan tokirik ez dutela argi izan dezaten.

Eutsi lagunok!
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.