LAB SINDIKATUA

2018/08/15 :: 1:36

Azken Eguneraketa:2018/08/13 :: 8:08

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Patronalaren erasoei aurre egingo diegu Abadiñoko Rothenbergerren

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



Iragan urteko bukaera aldera, Abadiñoko Rothenberger lantokiko langileak greba baten atarian zeuden. Grebaren helburua soldaten eguneratzea, lanaldiaren murrizketa, jubilazio partzialak, lanpostu finkoen sorrera... eta beste puntu batzuk jasoko zituen Enpresa Hitzarmena erdiestea zen. Langileak eta enpresa, aipatu greba horien atarian zeudela, enpresako zuzendaritzako kide bat, langileei, lanpostua mantendu nahi bazuten, greba ez egiteko “gonbidapena” egiten ari zela zabaldu zen whatsapp-etik.

Zuzendaritzako kide honek, bere izena bolo-bolo zebilela ikusirik, salaketa bat jarri zuen Eibarko Ertzainetxean. Salaketa horretan, mehatxatuta sentitzen zela eta bere alaben segurtasunaz kezkatuta zegoela zioen. Berak jarritako salaketan, whatsapp-eko mezu hori jasotzen da, eta bertan, ez dago mehatxurik eta ez dira bere alabak aipatu ere egiten. Aipatzen den mehatxu bakarra, zuzendaritzako kide honek langileei eginikoa da. Hau da, bera zela, langileek mehatxatzen ari zena.

Ertzaintzak eginiko ikerketa sakon bat dela eta (bi telefono dei), LAB sindikatuko militante bat salatua izan da. Aipaturiko kide honi, “mehatxu” delitua egozten diote eta urte honetako urriaren 2an epaiketa izango du Eibarko epaitegian.

Idatzi honen hasieran aipatzen genuen gatazka laborala, konpondua dago, langileek eta enpresako zuzendaritzak akordioa sinatuta baitaukate aspaldi. LABeko gure kidearen aurka salaketa horrekin aurrera egiteko arrazoi bakarra zuzendaritzako kide honek duen harrokeria eta jarrera zapaltzailea besterik ez dela deritzogu. Hori dela eta argi adierazi nahi dugu: LABeko gure kideari gure babes osoa adierazteaz ezezik, zuzendaritzako pertsona honek duen jarrera salatuko dugu. Ez dugu onartuko, bere postuaz baliatuz, langileak mehatxatzerik eta ezta ere bere jarrera horren kontra ahotsa altxatzen duenaren kontra darabilen jarrera zapaltzailerik. Argi eta garbi, ez dugu onartuko. Funtsik gabeko salaketa horrekin aurrera jarraitzen baldin badu, guk ere geure salaketa publikoarekin jarraituko dugu. Salaketa hori bertan behera utzi dezala exijitzen diogu.

Aipatu behar da, hemen mehatxatzen ibili den pertsona bakarra, Rothenberger-eko zuzendaritzako kide hau dela. Gauzatu egin diren mehatxuak, gainera. Izan ere, aipaturiko gatazka horretan greba egin zuten langile batzuk kaleratuak izan ziren. Greba egin ez zutenak ordea, denak daude lanean. Nor da hemen mehatxatzen ari dena? Gauzatu diren mehatxuak, gainera! Aurpegia behar da gero!

Rothenberger-eko zuzendaritzak, aipaturiko pertsonaia honen eskutik egikaritzen duen jazarpen sindikala irmoki salatzen dugu.

Alferrik dabiltza, ez gaituzte isilduko.

Patronalaren jazarpen eta mehatxu guztien gainetik, langileok tinko eta gogor erantzungo dugu.


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.