LAB SINDIKATUA

2017/06/24 :: 16:04

Azken Eguneraketa:2017/06/23 :: 9:38

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Preso eta iheslarien eskubideen aldeko martxan parte hartzera deitu du Kalera Kalerak

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea
Presoen eskubideen defentsan irtengo gara kalera, udan ere. Hain zuzen ere, Kalera Kalera dinamikak Kalera martxa izenekoa egingo du uztailaren 20 eta 27 artean. Preso, iheslari eta deportatuen aldeko ibilbide bat izango da, zortzi etapakoa. Gernikak hasi eta Lakuntzan amaituko da.

Ekimen honek bi helburu nagusi bete nahi ditu: batetik, gatazkak sortutako euskal errepresaliatu politiko guztiak Euskal Herriko kaleetara ekartzea (bide batez sinbolikoki, preso, iheslari eta deportatu guztiak udako jaietan murgiltzea); eta bestetik, jai-giroaz gozatzea.

Martxak Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako errepideak eta herriak zeharkatuko ditu. Hauexek izango dira etapak:

-Uztailak 20, osteguna: Gernika-Busturia-Bermeo (15 km)

-Uztailak 21, ostirala: Bermeo-Ea-Lekeitio (24 km)

-Uztailak 22, larunbata: Lekeitio-Ondarroa (14 km)

-Uztailak 23, igandea: Ondarroa-Mutriku-Deba (11 km)

-Uztailak 24, astelehena: Deba-Zumaia-Getaria (24 km, Zumaiaraino

-Uztailak 25, asteartea: Getaria-Zarautz-Hernani (13 km)

-Uztailak 26, asteazkena:Hernani-Anoeta-Ibarra (20 km)

-Uztailak 27, osteguna: Ibarra-Etxarri Aranatz-Lakuntza (16 km)

Martxan parte hartzeko izena eman beharra dago. Martxan parte hartzeko txartelak ohiko lekuetan eskuratu ahal izango dira. Jai-giroa eta presoen eskubideen aldeko aldarria uztartuz, etapa amaiera bakoitzean hainbat kultur ekitaldi izango dira.

KALERA KALERAk martxa igaroko den leku bat aukeratu du ekimena aurkezteko, Zarautz. Hango hondartzan 338 toalla huts jarri dituzte.“Toalla horiek presoen lekukoa hartzen dute, eta helburua da lehenbailehen bakoitzaren gainean preso bat egon dadin eguzkia hartzen eta gure Kantauri itsasoaz gozatzen”, adierazi du KALERA KALERAko Mikel Urdangarinek.

Antolatzaileek dei egin diete herritarrei martxan parte har dezaten, batez ere gazteei. “Kalera Martxa jendez bete behar dugu. Kolektiboari babesa eman behar zaio. Bere eztabaida estrategikoa ia bukatzear dagoenean, sentitu behar dute ezker abertzaleko militantziaren maitasuna eta berotasuna. Barrutik entzun behar dituzte gure urratsen soinuak, askatasunaren urratsak”, gaineratu du.

Ezker abertzalearen dinamikak, azken batean, gatazka politikoaren ondorioak behingoz konpontzeko eskatu nahi du martxa honen bitartez. “Euskal Herrian, gehienok gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzearen alde gaude. Konponketak integrala izan behar du. Kaltetuak kalean egoteko eragozpenek desagertu behar dute. Presoak kalera ateratzea Euskal Herria bakean eta askatasunean bizitzeko ezinbesteko urratsa izango da”, Urdangarinen esanetan.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu