LAB SINDIKATUA

2017/06/27 :: 12:19

Azken Eguneraketa:2017/06/27 :: 7:28

HIZKUNTZA
Hemen zaude: EUSKAL HERRIA Aberri eguna Garai berrirako lehentasunak: gatazkaren ondorioak, erabakitzeko eskubidea eta aldaketa sozialerako burujabetza

Garai berrirako lehentasunak: gatazkaren ondorioak, erabakitzeko eskubidea eta aldaketa sozialerako burujabetza

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea


2017ko Aberri Eguna
LAB sindikatuaren adierazpena

b_345_137_16777215_0___materiala_argazkiak_euskalHerria_aberriEguna_2017_17_04_10_adierazpena.png

LAB sindikatuak, Aberri Egunaren karietara, Euskal Herrian irekitzen den garai politiko berriaren azterketa egin du. Aldarrikapenak konpromisoekin eta urrats hautemangarriekin josteko garaia dela dio LABek, hiru lehentasunetatik abiatuta: lehenik, ETAren armagabetzearen ondotik irekitzen den garai berrian gatazkaren ondorioei heltzea, presoen auzia agenda politikoaren erdian jarriz; bigarrenik, gatazka politikoaren ernamuina den erabakitzeko eskubidearen egikaritza; hirugarrenik, aldaketa sozialerako burujabetza prozesua abian jartzea.


ARMAGABETZEA, GATAZKAREN ONDORIOAK, GARAI POLITIKO BERRIA
Esangura politiko eta historiko handiko testuinguru batean dator Aberri Eguna. Jarduera armatua behin-betiko uzteko iragarpena egin eta 5 urtera, ETA erakundeak armagabetze prozesua gauzatu du. Ekarpen ukaezina da, ezinbesteko urratsa, gatazkaren konponbidean aurrera egin eta fase berri bat irekitzeko. Herriaren protagonismoa erabakigarria izan da Euskal Herrian garai berri bati ateak irekitzeko. Gatazkaren konponbiderako gizarte zibilak erakutsitako heldutasun politikoa eta konpromisoa txalogarria da. Gatazkaren konponbidea oinarri hartuta herri prozesu bat abiatzeko gehiengo sozial bat badago; orain, gatazkaren ondorioez hitz egiten hasteko unea iritsi den honetan ere, gizartearen gehiengo horrek du garai berri bati atea irekitzeko giltza, gatazkaren konponbiderako, erabakitzeko eskubidearen gauzatzea posible izateko eta prozesu independentista abiatzeko. 

Izan ere, gatazka ez da armagabetzearekin amaitzen. Orain euskal preso eta iheslarien etxeratzeari bide emateko garaia da; orain bake prozesuan eta elkarbizitzan aurrera egiteko garaia da; orain garaia da Estatuak izan daitezen Euskal Herrian armagabetuko direnak. Orain auzi politikoaren ondorioei heltzeko garaia da.


ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN GARAIA
Azken urteetan, Euskal Herrian lanaren eta bizitzaren erabateko prekarizazio eta pobrezia prozesua eman da. Erreforma eta murrizketen bidetik lan harremanak erasotu dizkigute; soldata geroz eta murritzagoak ezarri; emakumeon zaintza lanak aitortu gabe jarraitzen du eta lan munduan bigarren mailako lanak egitera behartuak gaude. Sektore publikoa eraitsi eta eskubide sozialak birrindu dizkigute, pentsioak arriskuan jarri eta bizitza duinerako eskubidea etengabe urratuta ditugu. Zapalkuntza hirukoitza da: patriarkala, soziala eta nazionala. Herri interesen aurretik kapitalaren interesak gailentzeko, langileoi hitza eta erabakia lapurtu dizkigute. 

Gehiengo sozialaren errealitatearen behar eta interesen araberako erabaki politiko, ekonomiko eta sozialak ez hartzeak herri bezala ahuldu egiten gaitu; horregatik, gaur, desherriaz hitz egiten dugu. Espainiar eta frantziar estatuek ez dute Euskal Herriaren nazio izaera aitortzen, jarrera blokeatzailean mantentzen ari dira, alternatiba sozial, ekonomiko eta politiko bat eraikitzea eragozteko.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, egoera laboral eta soziala aldatzeko eta erreforma nahiz murrizketa guztiei aurre eginez alternatibak eraikitzeko: erabaki ahal izatea, Euskal Herriak prozesu eratzaile eta eraldatzaile baten bidean aurrera egin dezan. 

Erabakitzeko eskubidea, euskal demokrazia eraikitzeko eta egungo sistema neoliberala errotik aldatuz jendarte, produkzio nahiz kontsumo eredu berriak sustatzeko; Herriaren nazio izaera aintzat harturik, gure historian, kulturan eta hizkuntzan oinarritutako herri anitza izan dezagun. Erabakitzea, langileok geure erabakien protagonista bihurtzeko: Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde, eta lan munduaren egoera aldatzeko; gure lan hitzarmenen defentsan; 35 orduko lanastea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko; negoziazio kolektiboko marko propioaren alde, esparru sozioekonomiko propioa eraikitzeko; politika fiskal alternatibo, justu eta solidarioa ziurtatzeko, sistema ekonomiko honek sortzen dituen desberdintasunak —izan aberastasunaren banaketan, izan ongizate sozialean— zuzentzeko; sektore publiko indartsu baten alde, hezkuntza eredu propioaren alde; industria politika eraginkorren defentsan, erabakitzeko eskubidea.

Erabaki dezagun gure etorkizuna, eraiki dezagun herri burujabe, aske eta justua.


BURUJABETZA ETA ALDAKETA SOZIALERAKO GARAIA
Burujabetza aldarrikatzen dugu eremu guztietan. Estatu propio bat izatea ahalbidetuko digun burujabetza prozesua, Kapitalismoaren birfundazio prozesuarekin talka egingo duena.

Burujabetza prozesu batek bakarrik egin ahal dio aurre herri honek bizi duen krisi estrukturalari. Azken urteotan herrigintza prozesua, herria desegiteko prozesu batekin ordezkatua izan da, des-herrirantz eraman gaitu neoliberalismoak. Euskal Gobernuen aldetik ez da egon Estatuei aurre egiteko borondaterik, ez eta kapitalaren proiektu ekonomiko eta soziala konfrontatzeko interesik ere. 

Burujabetza prozesu batek, beraz, Kapitalismoarekiko alternatiboa den eredu sozial baterantz bidea egiteko aukera eman behar digu. Desberdintasunak eta pobrezia, aldaketa klimatikoa, gerra inperialistak, errefuxiatuen drama… une kritiko baten aurrean gaude, eta aukeratu beharra dago, basakeria ala sozialismoa. Euskal Herrian ere bai, gurean ere ez garelako pobreziatik eta miseriatik salbu, ezta prekarietateak dakarren esklabutzatik libre. Burujabetzaz hitz egiten dugunean aldaketaz ari gara, bizitza erdigunean jarriko duen prozesu batez, zeina Eskubide Sozialen Kartak jasotzen dituen alternatibei jarraiki diseinatuko den. 

Burujabetza prozesuaz hitz egitean, askotan, prozesuaren ezaugarri bien artean hautatu beharra planteatzen zaigu: herri prozesuarekin abiatu ala klase interesak lehen lerroan jarri eta kontrabotere dinamika lehenetsi. Prozesu eratzaile eta eraldatzailea aldarrikatzen dugu LABetik, klase interesen defentsan eraikia izango den herri prozesua. Langileok osatutako gehiengo sozialak zuzendutako herri prozesua, aipatu ezaugarri biak uztartuz. Posible eta beharrezko da langile klasearen bizi eta lan baldintzek lehentasuna izango duten herri agenda bat sustatzea. 


ESTATUS POLITIKOEN EZTABAIDA GARAIA
Espainiako zein Frantziako gobernuak Kapitalismoaren birfundazioaren esanetara jarri dira, herriaren eragin guneetatik urrun, gotortuta. Eredu aldaketa ez da hortik etorriko. Behetik gora etorri behar du, gehiengo sozial langilearen eskutik eta protagonismotik, burujabetzaren aldeko herri prozesuetatik. 

Erabakitzeko eskubidean oinarritutako estatus politiko berriak aldarrikatzen ditugu. EAEn, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian, hiru lurralde administratiboetan indarrean diren marko jurudiko-politikoen mugak gaindituko dituzten estatusak, naziotasunaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea ahalbidetuko dituztenak, gai politiko, ekonomiko, sozial zein laboraletan. 

Euskal sozialismoan kokatzen du LABek egungo eredu neoliberalaren alternatiba erabatekoa, eta Euskal Estatuan, Euskal Herria politikoki egituratzeko eta sozialki kohesionatzeko tresna. Estatugintza prozesua, beraz, ezer izatekotan, eraldaketa prozesua izango da. Lan eta bizi baldintzetan erabateko aldaketa posible egingo duen prozesua. Ondorioz, klase ikuspegitik, abertzaleentzat ez ezik, langileria osoarentzat ere desiragarria den hautu batez ari gara. Gurea ere bada, munduko beste herrialde askorena bezala, transnazionalen eta inperialismoaren atzaparretatik libratu eta kapitala-bizitza borroka irabazteko lehia.

Behar dugu estatugintza prozesu bat zeina aldaketa sozialaren neurrira garatuko den, gaurko hiru errealitate instituzionaletatik abiatuta. 


EUSKAL ESTATUARI BAI ETA ERREFORMA NEOESTATUTARIOARI EZETZ ESATEKO GARAIA
Egungo marko konpetentzialaren baitan egiten dena baino gehiago egiteko aukera badago, borondate politikorik balego: gehiengoaren mesedetan izango diren politika publikoak sustatzea, babes sozialerako sistema egokia ezartzea, oinarrizko zerbitzuetan murrizketarik ez egitea, politika fiskal justu, progresibo eta birbanatzaile bat ezartzea, prekarietate prozesuaren kontrako akordioak sustatzea… Dena den, horiek horrela izanik ere, aldaketa sozialerako behar adinako burujabetza mailarik ez dago, eta egungo marko juridiko-politikoaren agorpena agerikoa da. 

Nazio bat gara eta erabakitzeko eskubidea dugu. Eskuduntza gutxi batzuk ez zaizkigu aski. Garai berri bati ateak ireki ahal dizkio mapa instituzional berriak: errealitate instituzional berri bat dugu Nafarroako Gobernuan; erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo bat Eusko Legebiltzarrean, eta Ipar Euskal Herrian, lehen aldiz, Herri Elkargoa. Hiru errealitate instituzional, bakoitza bere mugekin, bakoitza bere aukerekin. Badira aukerak gure herria aldaketaren bidean jartzeko, baina benetako urratsak behar ditugu horretarako. EAEn autogobernuaren ponentzia martxan jarri den honetan, Nafarroak ere azkartu behar du berea; azkartu behar dira aldaketa politikorako urratsak, eta behartu, aldaketa sozialerako erabakiak. 

Aukerak hor daude, baina arriskuak ere bai, 78ko iruzurra errepikatzeko, Estatu itunen bidez Estatu espainolaren sistema blindatu eta birzentralizazio prozesuan sakontzen jarraitzeko. PNV-PSE-PP hirukotea erreforma neoestatutario baten protagonista bihur liteke, Madrilekin itun berri bat eginez, langileriaren interesak berriro kanpoan utziko lituzkeen ziklo politiko eta ekonomiko berri oso bat ixteko. 

Estatus berrien eztabaidan langileriaren gehiengoa burujabetzaren alde aktibatu eta mobilizatzea izango da antidotorik onena. Burujabetza prozesua agenda politiko eta sozialaren erdian jartzea da borroka. Baina ezin da eztabaida hori instituzioetara mugatu, instituzioak erabakigarriak izanik ere, ez baikaude prozesu instituzionalizatu baten aurrean. Herriak erabaki behar du. Alderdiek adostu behar dutena da nola eman hitza herriari.


KONTRABOTEREA ALTERNATIBA BIHURTZEKO GARAIA
Estatus politikoen eztabaidan zer esana badu euskal sindikalgintzak. Sindikalgintza abertzalearen egitekoa da klase ikuspegitik dagozkigun oinarrizko edukiak txertatu eta bermatzen direla ziurtatzea. Hor dugu Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren (LHBSEE) aldarrikapena, hor espazio sozioekonomiko propioaren eztabaida. Euskal Estaturanzko bidea lehiatzea izango da LABen helburua.

Estatus politikoen eztabaidak burujabetza prozesua martxan jartzera eraman behar gaitu. Burujabetza izan behar du herri sektoreen hautua, aldaketa politiko eta sozialak burutu ahal izateko; burujabetza langileon hautua, egoera sozioekonomikoa aldatzeko. Hortaz, burujabetza prozesua martxan jartzea lehentasun bat da, herri bezala eta klase bezala. 

Kontraboterea aldarrikatzen dugu aldaketa ekonomiko eta soziala sustatzeko. Lan erreforman ez dago lan baldintzak hobetzerik. Negoziazio kolektiboa estatalizatzen, babes sistema txikitzen eta pribatizatzen jarraitzen dute. Aurrekontu politika Europak finkatu, Madrilek inposatu eta Gasteizko Gobernuak onartzen duen bitartean, ez dago aldaketa sozialerako aurrekontuak egiteko zirrikiturik. Baditugu alternatibak, Karta Sozialaren eskutik. Ahalmen politiko, sozial eta instituzionala behar dugu, baina. Instituzioak aldaketaren, burujabetza prozesuaren zerbitzura jartzea, alegia.

Prozesu hori martxan jartzeak konfrontatzea eskatzen du, estatuekin, kapitalaren eta bere proiektu ekonomiko eta soziala defendatzen dutenekin. Bizitzaren prekarizazio prozesuari aurre egitea eskatzen du; aldaketa politiko eta sozialaren bidean urratsak ematea; eremu politiko eta soziosindikalaren artean dialektika egokia garatzea. Mobilizazioan oinarrituko den mugimendu soziosindikal indartsua behar dugu, autonomoa, alternatibak planteatu eta akordioetara iristeko gaitasunarekin. Patronal-instituzio sinbiosiarekin amaitzeko garaia heldu da, instituzioak gehiengo sozialaren esanetara, langileen zerbitzura egon behar dute.


LABen KONPROMISOAK GARAI BERRIRAKO
LABen, sindikalgintzaren esparrutik, aldaketa soziala eta burujabetza prozesua elkarloturik sustatzeko helburuz aritu gara azken urteotan. Konfrontazio garai berri bat ireki dugu. Ezetz esan diogu langileok betiko prekarietatera eta pobreziara kondenatzen gaituen sistema ekonomiko honi, eta ezetz esaten diogu eskuduntza gutxi batzuren truke gure herria datozen hamarkadetarako berriro eskulotu dezakeen erreforma neoestatutarioari. Estatutua agortuta dago. Eta ez dago tarteko biderik, ezin da burujabetza aldarrikatu politika neoliberalak defendatzen diren bitartean; ez dago gehiengo sozialaren mesedetan bide propio bat urratzerik aurrekontuen kromo aldaketan jolasten den bitartean edota erreformei, murrizketei eta euskal sindikatuon aurkako akordio antidemokratikoei argi berdea ematen zaienean. 

Mugimendu berritu eta berritzailea eraikitzeko apustuan berresten gara. Burujabetza prozesuak aliantzak behar ditu, langileriak osatutako gehiengo sozialak lideratutako prozesu batekiko koherentzian arituko diren aliantzak. Beharrezkoa jotzen dugu ezker soberanistaren baitako aliantza estrategiko bat gauzatzea, ezkerretik eraikitako lidergoa. Euskal Herrian batzen ari dira baldintzak datozen bizpahiru urteetan burujabetza prozesua abiatzeko. Prozesu hori sustatu eta laguntzeko konpromiso irmoa du LABek. 

Burujabetza prozesua martxan jarriz, Euskal Herrira demokrazia ekarri behar dugu, jendarte eredu libre, justu eta solidario baten mesedetan, langileen artean praktika sozialistak zabaldu eta indartuz. Kontrabotere sindikalismotik egingo dugu ekarpena, mobilizazio soziala indartuz, kapitalaren aurkako borrokan. Gure elkarlan eta aliantza politikak ere helburu horien mesedetan garatuko ditugu, burujabetzaren bidean aurrera egiteko eta egungo politika publikoen norantza aldatzeko ezinbestekotzat jotzen baitugu gehiengo sindikalaren baitako elkarlanean sakontzea.