LAB SINDIKATUA

2017/08/20 :: 17:16

Azken Eguneraketa:2017/08/18 :: 9:43

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Prekarietatearen aurkako elkargunea Bilbon egokituko dugu ostiralean

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



Info Puntua, ikus-entzunezkoak, solasaldia, kalejira Alde Zaharretik... Bilboko Areatzan, hainbat jarduera egingo ditugu Ostiral Duinak dinamikaren baitan, 16:30etik aurrera. Hain zuzen ere, LAB elkarguneak antolatzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan, kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Bilbora iritsiko da oraingoan, eta mahai inguru interesgarri bat proposatuko dugu, besteak beste: "Prekarietatearen milaka aurpegi" leloarekin, hain justu. Prekarietatea errealitate desberdinetatik azaleratuko dugu; langabe, etxeko langile, gazte eta aniztasun funtzionala dutenen begietatik.

Prekarietatearen aurkako lehen elkargunea Gasteizen egin genuen, joan den otsailaren 10ean. Iruñean izan ginen ondoren, martxoaren 17an, eta Bilbori egokituko zaio txanda ostiral honetan, martxoak 24. Elkargunea martxoaren 31n iritsiko da Oarso Bidasoara.

Hain zuzen ere, prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin antolatu ditu LABek elkarguneak, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!