2024-04-25
HomeEkintza SindikalaEuskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Hautagaietako batek helegitea aurkeztu zuen, udaltzain gisa lanean 30 urte daramatzala euskaraz jakin gabe eta orain eskatzea baldintza “baztertzailea” dela argudiatuta. Donostiako epaitegiak arrazoia eman dio hautagai horri, eta Eibarko Udalari pertsona horren merituak kontuan hartzeko agindu dio, prozesuan euskararen ezagutza eskatzea “baztertzailea” dela argudiatuz.

Beste behin, epaitegi batek funtzio publikoa betetzeko deialdietan euskara eskakizuna ezartzea bazterkeriarekin lotzen du, baina ez ditu auzitan jartzen deialdi horietan bertan ezartzen diren gainontzeko eskakizunak, tartean gaztelera ezagutu beharreko derrigorrezko eskakizuna. Euskara eskatzea baztertzailea da, baina antza gaztelera ezagutzea ez. Horrek argi adierazten du auzitegi espainiarrentzat euskara bigarren mailako hizkuntza dela, gaztelerarekiko subalternoa, asko jota meritu gisa kontsideratzen dute. LAB sindikatuak irmoki salatzen du bereizkeria hori eta exijitzen du euskarari gutxienez gazteleraren maila bera aitortzea.

Oraingoan euskara-eskakizuna baztertzeko arrazoia 45 urtetik gorako plazadunek duten hizkuntza-eskakizunaren salbuespena behin-behinekoei ere ezarri behar zaiela izan da, bi kolektiboen artean diskriminaziorik ez egoteko helburua argudiatuta. Baina auziaren baldintzengatik argudio horrek balio ez duenean, hizkuntza-eskakizunen ehunekoa gehiegizkoa zela adierazi da, edo, zuzenean, hizkuntza-eskakizunak berak auzitan jarri dira. Unean uneko epaileak argudio bat ala beste erabiltzen ari da, beti ere euskara eskatzea “bazterkeriarekin” lotuz eta honen aurka eginez.

Administrazioetako langileen gehiegizko behin-behinekotasun egoerarekin amaitzeko egonkortze-prozesua euskararen kaltetan ezin dela izan salatzen dugu. Kasu honetan bezala, urte askoan luzatu eta euskara baztertzen zuen behin-behinekotasunarekin amaitzeak ezin dezake eragin euskararen bazterketa egonkortzea.

Beste behin salatu beharra dugu ere administrazioko arduradunek ez dutela beraien erantzukizuna betetzen euskara administrazioan behingoz normalizatu dadin. Eta ez soilik zerbitzu-hizkuntza izan dadin, baita ohiko lan-hizkuntza bilaka dadin ere. Izan ere, hori horrela izatea herritarren eta administrazioko langileen eskubidea da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.

Pepsico Etxabarrin ituna berritzeko aurreakordioa #LortuDugu

Arabako lan zentroan 180 pertsona inguruk lan egiten dute, eta KPIaren araberako igoerak izango dituzte.