2024-04-18
HomeEkintza SindikalaPolitika publikoak eraldatu eta hemen erabakitzeko aldarria atera dugu kalera

Politika publikoak eraldatu eta hemen erabakitzeko aldarria atera dugu kalera

Euskal Herriko zerbitzu publikoen egoera onartezina dela eta, Bilbon mobilizatu gara gaur, azken hilabeteotan eginiko grebei eta borrokari segida emanez.

Eliptika plazatik abiatu eta Arriaga plazaraino joan gara manifestazioan, zerbitzu publikoetan diharduten langileekin nahiz hainbat herritar erabiltzailerekin batera. Udazkenean abiatu genuen borrokaldia beste sindikatuekin bat eginda, eta bitarte horretan hiru greba egun eta hainbat mobilizazio egin izan ditugu EAEn, Greba Feminista Orokorraz gain. Bada, aldarrikapenen funtsak bere horretan dirauela eta, gaurkoan ere kalera ateratzeko hautua egin dugu LABen.

Sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyok gogorarazi du aipaturiko grebak dietu zirenean Eusko Jaurlaritzako arduradunak deialdia indargabetzen saiatu zirela, mobilizazioetarako arrazoi nahikorik ez omen zegoela argudiatuta. Aldiz, oraingo hauteskunde kanpainan gai nagusietakoa da Osakidetzako eta, oro har, zerbitzu publikoetako egoera. Orain alderdi politiko guztiek adierazten dute euren kezka, EAJ eta PSE barne.

Bada, horren aurrean, Arroyok bi gauza eskatu dizkie hautagaiei: batetik, aitortzea langile publikoek nahiz zerbitzu publikoak ematen dituzten gainerako langileek arrazoiak sobera dituztela mobilizatzeko, eta bestetik, dagozkien erantzukizun politikoei behingoz heldu diezaietela. Izan ere, pribatizazio eta murrizketa politikek eragin dute zerbitzu publikoen gainbehera.

Hala, hurrengo legegintzaldia mugarri izan behar da, eta orain arteko politika pribatizatzaileak alboratu eta zerbitzu publikoak indartzeko apustu estrategikoa egin beharra dago.

Bada, apustu horrek hiru ardatz izan behar ditu: lehena, zerbitzuen antolaketari eta lan baldintzei dagokienez Euskal Herrian erabakitzea, inposaketarik gabe; bigarrena, zerbitzu publiko indartsuak izatea eta pribatizatuta dauden eremuak (zaintza, kasurako), publifikatzea; azkenik, langile publikoekin eta zerbitzu publikoak ematen dituzten azpikontratatutako langileekin elkarrizketa eta akordioak bilatzea, aldebakartasuna alboratuta.

Euskal Herrian badira baldintzak gure zerbitzu publikoak eta bertako langileon baldintzak guk geuk erabakitzeko, eta horren alde gogor borrokatu beharra dago, eredu neoliberalari aurre egin eta politika publikoak eraldatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jarraipen handia izaten ari da kaleratutako langileen berronartzearen eta borroka sindikalaren alde Imegar S.A.n deitu dugun greba

Laudioko enpresaren zuzendaritzak LABeko delegatu bat kaleratu zuen apirilaren 2an eta beste langile bat 11an, 2 kaleratu 9 egunetan. Langileek greba hasi dute, apirilaren 12an eta 15ean kontzentrazioak egin ondoren, langile bien berronartzearen eta borroka sindikalaren alde. Imegar S.A.ko zuzendaritzak ateratako komunikatuari dagokionez, zenbait kontu argitzeko eta bere jarrera argi uzteko beharra ikusten dugu.

Oso positiboki baloratzen ditugu baraualdiko hiru egunak eta gaurko greba eguna, eta seriotasuna eskatzen diogu Gizardatzi

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok prest gaude egiten dugun lan publikoaren aitortzaren alde borrokatzeko. Orain arte eginiko baraua eta gaurko greba adibide garbiak dira. Bada, Gizardatzi eta Geroani seriotasuna eskatzen diegu.

Ernaik gazte blokea osatuko du Maiatzaren Leheneko Iruñeko manifestazioan

Ernai gazte antolakundeak gazteentzat bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, eta bat egingo du LABek deitu duen mobilizazio nazionalarekin. 11:00etan Trinitarios plazatik abiatuko den gazte blokean parte hartzera dei egin diete gazteei. Gazteen mobilizazioak Sarasate pasealekuan egingo du bat LABen manifestazioarekin.