2024-04-23
HomeEkintza SindikalaZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.

LABetik salatzen dugu enpresa horrek akordioak eta lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena ez duela betetzen. Kasu honetan, are okerragoa da, langile bat kaleratu baitute errelebo kontratuaren aplikazioari buruz adostutakoa bete gabe.

Zuzendaritzak enpresa bateko langileei egin diezaiokeen eraso larrienaren aurrean, enpresa batzordeak eta plantillak egindako asanbladaren ondoren greba deitu dute apirilaren 29an eta 30ean eta maiatzaren 2an.

Era berean, greba hasi arte, egunero kontzentrazioak egiten ari dira apirilaren 22tik 26ra, 13:30etik 14:30era, instalazioen kanpoaldean, langilea berriz bueltatzeko helburuarekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.

Patronalak negoziazioa bideratu eta grafikagintza sektorean grebak saihesteko atea itxi du

Patronalaren jarrera guztiz immobilistarekin topo egin dugu LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren hamahirugarren bileran.